Gozatzen segitzea xede

Bolada onean da Reala, eta horri jarraipena emateko asmoa du gaur, Celtaren zelaian. Zubimendi deialdian sartu da, lesioa osatu baitzaio

Realeko jokalariak Atletico Madrilen aurka sartutako gol bat ospatzen. MARISCAL / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Bikain ari da Reala, eta gozatzen ari dira zaleak. Begiak igurzten dituzte Espainiako Ligako sailkapena begiratuta: puntaren puntan dago taldea. Eta ez da kasualitatea. Nagusi izaten ari da zelaian, eta lan horren emaitza islatzen da sailkapenean. Erasoan eraginkor dabil, eta defentsan, sendo: etxean eta kanpoan. Bada, Imanol Alguacilen taldea lidergoari eusten saiatuko da gaur, Celtaren zelaian (19:00). «Bolada ona luzatu nahi dugu», dio Imanolek.

Realak konfiantzaz gainezka helduko dio neurketari. Dinamika onean daude, eta halakoetan, dena da aldeko. Sintonia ona du taldeak, eta bide horretan jarraitu nahi du, Imanol gidari duela. Aurkari gaiztoa izango du gaur aurrean: Celta. Galiziako taldeari kostatzen ari zaio martxa hartzea, eta orain artean kamuts ibili dira ate aurrean. Azken partidan, ordea, lortu zuen lehortea amaitzea, Getaferi nagusitasunez irabazita; beste sentipen batzuekin zelairatuko da. Adi ibili beharko du Realeko atzeko lerroak Iago Aspas, Santi Mina eta halako jokalariekin.

Txuri-urdinek Celtaren etxean jokatutako azken partidei erreparatuta, neurketari traza ona hartzeko moduan dira Imanolen jokalariak. Azken lau lehietatik hiru irabazi dituzte, eta bat galdu. Ez dira fio, ordea. Celta aurkari arriskutsua dela adierazi du Imanolek: «Oso jokalari onak ditu; zelai erditik aurrera bikain jokatzen du. Gaitasun handia du lerro guztietan. Eta entrenatzaile ona du. Ez du asmatu ate aurrean, eta horregatik ditu horren puntu gutxi, ondo jokatu arren».

Celtak sailkapenean gorago egotea merezi duela iritzi du Imanolek, eta lehia zaila izango dela dio: «Ez dago aurkari errazik, eta jardunaldi guztietan ikusten ari gara hori. Detaile txikiek markatzen dute». Halere, helburu argia du gaurkoan: irabaztea eta Donostiara hiru punturekin itzultzea.

Egiten ari diren denboraldiaz «harro eta gustura» dagoela dio Imanolek, baina hankak lurrean izanda. «Zaleak disfrutatu behar du taldearen bolada onaz. Saiatu behar dugu aprobetxatzen, eta ahalik gehiena luzatzen». Anbiziotsuak direla dio.

Baina bat jarri behar bazaio Reala egiten ari den sasoiari, lesioak dira. Taldean garrantzia duten jokalari asko daude min hartuta; pixkanaka, baina, ari dira osatzen. Celtaren aurkako neurketan deialdira itzuli da Martin Zubimendi, Sturm Grazen aurkako partidan min hartu ostean. Diego Rico ere deialdian dago. Gainera, Realeko teknikariak adierazi zuen Mikel Oiartzabal urratsak egiten ari dela, eta balitekeela iganderako jokatzeko moduan izatea.

Itxaropentsu

Aste erakargarria dute aurrean txuri-urdinek, eta gaur eman nahi dute aurreneko kolpea, Celtari irabazita. «Eta ahal bada, itxura ona emanda». Igandean Anoetan jokatuko den Athleticen kontrako neurketara hiru puntu gehiagorekin heltzea da asmoa, sailkapenaren puntan. Eta gozatzen segitzea. Baina Imanolek argi dio: «Partidaz partida joan nahi dugu. Biharko [gaurko] lehia da garrantzitsuena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.