Independentziaren aldeko galdeketa aldarrikatu dute milaka lagunek Eskozian

Denak Ikur Beraren Azpian plataformaren arabera, 90.000 eta 100.000 lagun artean elkartu dira manifestazioan; «kolore guztietako herritarrak»

Glasgown atzo erreferendumaren alde egindako manifestazioaren irudia. REMEI CALABUIG / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Eskoziako independentziaren aldeko erreferenduma aldarrikatu zuten atzo milaka lagunek Glasglown. Independentzia Orain lelopean, ikurrak eskuetan, musika lagun, festa giroan zeharkatu zituzten hiriko kaleak. Kelvingrovetik Glasgow Green parkerainoko bidea egin zuten eta, antolatzaileen arabera, 90.000 eta 100.000 lagun artean elkartu ziren —Poliziaren arabera 35.000 izan ziren—.

AUOB Denak Ikur Beraren Azpian plataformak antolatu zuen martxa, eta, mugimenduko kideak pozik agertu ziren manifestazioak izan zuen harrerarekin, besteak beste herrialde osoko herritarrak gerturatu zirelako Glasgowra. Iazko manifestazioan elkartutakoen kopurua bikoiztea zen hasierako asmoa, baina lau bider gehiago izan ziren. Manny Singh AUOB mugimenduko kideak «giro paregabea» nabarmendu zuen, «kolore guztietako herritarrak ideia bakar baten inguruan» elkartu zirelako. Independentziaren aldeko mugimenduak herritarrek eta ez politikariek sustatu behar dituztela esan zuen: «Independentzia defendatzen dugu, hemen eta beste edozein lekutan, pentsatzen dugulako herrien eskubide unibertsal bat dela. Agintariek ulertu behar dute mundua aldatzen ari dela, eta herritarrok erabakitzeko askatasuna nahi dugula».

Bigarren galdeketa bat egiteko garaia dela uste dute mugimenduko kideek. Eskozian 2014ko irailean egin zen erreferenduma, eta herritarren %45k soilik babestu zuten independentzia. Erresuma Batuan jarraitzearen aldeko botoak nagusitu ziren orduan, baina, brexit-aren ostean, galdeketaren eztabaida zabaldu da berriz. Eskozian Europako Batasunean jarraitzearen aldeko hautua nagusitu zen 2016ko ekaineko erreferendumean; herritarren %62k babestu zuten aukera hori. Urte hasieran egindako inkesta baten arabera, hala ere, herritarren %43k babestuko lukete gaur egun independentzia.

Sturgeonen jarrera

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak urtea bukatu aurretik argituko du erreferendumarekiko bere jarrera. Brexit-aren ostean, galdeketa aurtengo udazkenean eta datorren urteko udaberria bitartean egiteko aukeraz mintzatu zen, baina, iazko ekaineko hauteskunde orokorretan izandako emaitzen ostean, iritziz aldatu zuen. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak 21 eserleku galdu zituen Westminsterren.

SNPren barruan, baina, badira galdeketa lehenbailehen egitea aldarrikatzen duten ahotsak. Keith Brown Ekonomia ministroa da horietako bat. Brown Glasgowko manifestazioan izan zen atzo, eta erreferendumean garaipena lortzeko «makineria» aldarrikatu zuen: «Mugimenduarekin bat egin nuenean, duela 35 urte, independentziak %12ko babesa zuen. Ordutik bide luzea egin dugu, baina lan handia daukagu egiteko oraindik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.