Valentzia 1-2 Osasuna

Gora begira jarri da

Chimy Avilaren eta Budimirren golei esker garaipena lortu du Osasunak Mestallan, eta Europako postuen borrokan sartu da

Chimy Avila, Oier Sanjurjo eta Nacho Vidal, aurrelariak sartutako gola ospatzen, atzo, Mestallan. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Valentzia. Mamardaxvili; Foulquier, Diakhaby (Mosquera, 83. min.), Guillamon, Gaya (Jesus Vazquez, 83. min.); Racic, Moriba (Soler, 64. min.), Costa (Marcos Andre, 64. min.), Bryan Gil (Txerixev, 73. min.); Guedes eta Hugo Duro.
Osasuna. Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Cote (Ruben Garcia, 65. min.); Torro; Chimy Avila (Brasanac, 73. min.), Oier (Javi Martinez, 65. min.), Moncayola, Manu Sanchez; eta Budimir.
Golak. 0-1. Chimy Avilak, penaltiz (49. min.);0-2. Budimirrek (74. min.). 1-2: Solerrek, penaltiz (83. min.).
Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Valentziako Foulquierri eta Gayari,eta Osasunako Oierri eta Torrori.
Bestelakoak. 30.148 ikusle Mestallan.

Valentziari irabazita, helburuak eguneratzeko ordua iritsi zaio Osasunari. Izan ere, gora begira jarri da, Europako postuei begira. Hala esan zuen Jagoba Arrasatek Alavesen aurkako partida osteko prentsaurrekoan: «Valentziari irabaziz gero, agian, beste zerbaitetan pentsatzen has gaitezke». Bada, Mestallan hiru puntuak lortuta, esandakoari heldu ahalko dio Osasunak, 44 punturekin bete-betean sartu baita datorren denboraldian Europako lehiaketak jokatzeko aukera emango duten postuen borrokan. Chimy Avilak eta Ante Budimirrek sartutako golei esker, 0-2 aurreratu zen Osasuna bigarren zatian, eta, azken txanpan Carlos Solerrek penaltiz aldea murriztu zuen arren, Osasunak ez zuen asko sufritu.

Neurketaren hasiera oso motela izan zen. Bi taldeak ondo kokatuta zelairatu ziren, gutxi arriskatzeko asmoarekin, eta baloia zelai erdian ibili zen, batera eta bestera, nork galduko zain. Azken metroetan fintasuna falta izan zitzaien bi taldeei, eta gutxitan iritsi ziren arriskuarekin aurkariaren area ingurura. Uros Racicek eta Dimitri Foulquierrek izan zituzten etxeko taldearen lehen zatiko aukera bakarrak, areaz kanpotik egindako erremate banarekin.

Gorritxoen aukerarik onena, berriz, Chimy Avilak izan zuen, 21. minutuan, Hugo Guillamonen laguntzarekin: zutoinera bidalitako jaurtiketa izan zen. Lehen ordu erdi zozoa igarota, partida ireki, eta Valentziak min handiagoa egin zuen kontraerasoetan. Kontraeraso horietako batean, Lucas Torrok Bryan Gili egindako penaltia eskatu zuen etxeko taldeak, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. Epailearen lanarekin haserre amaitu zuen Valentziak.

Aldagelatik bueltatu eta berehala, neurketa aldeko jarri zitzaion Osasunari, Foulquierrek egindako penaltia adierazi baitzuen epaileak 48. minutuan: David Garciaren erdiraketa eskuarekin moztu zuen Valentziako jokalariak. Chimy Avilak gogor jaurti zuen penaltia, eta, Mamardaxvilik baloia ukitu arren, barrurako bidea hartu zuen. Aurrelari argentinarraren seigarren gola da ligan.

Aldaketak, erabakigarriak

Etxeko taldeak ez zuen etsi, eta golaren ostean gogotik estutu zuen. Hainbeste, ezen Osasuna atzean sartzera behartu baitzuen. Gorritxoek etxeko taldearen oldarraldiari ondo eutsi bazioten ere, egoera hori gehiago luzatu ez zedin, lehen aldaketak egin zituen Jagoba Arrasatek: Ruben Garciak eta Javi Martinezek Oier Sanjurjo eta Cote ordezkatu zituzten, taldeak baloi gehiago izan zezan. Handik minutu gutxira sistema ere aldatu zuen Osasunako entrenatzaileak: Darko Brasanacek Chimy Avilaren lekua hartu zuen. Baita asmatu ere, aldaketaren eragina berehalakoa izan baitzen: serbiarrak gidatutako jokaldi batean, Budimirrek sareetara bidali zuen Ruben Garciaren erdiraketa, buruz: 0-2, 75. minutuan. Kroaziarrak gol bat sartu du azken lau jardunaldietako bakoitzean.

Bazirudien lehia erabakia zuela Osasunak, baina Solerrek 1-2koa egin zuen 82. minutuan, penaltiz. Zernahi ere, Nafarroako taldeak hainbestean eutsi zion azken minutuetan, asko sufritu gabe, eta hiru puntuak erdietsi zituen. Gorritxoek Real Madril hartuko dute asteazkenean Sadarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.