Atletico Madril 1-0 Osasuna

Lana artez, saririk ez

Osasuna punturik gabe gelditu da Atleticoren aurka, azken orduko akats baten ondorioz. Kornerrez sartu diote gola, oso sendo aritu ostean

Jon Moncayola Osasunako jokalaria, hondoa jota, atzean Felipe Atletico Madrilekoa gola ospatzen ari dela, atzo. EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Atletico Madril. Oblak; Vraljko (Carlos Martin, 85. min.), Savic, Felipe, Hermoso; Koke, Llorente (Kondogbia, 74. min.), Carrasco, Correa (Suarez, 64. min.); Lemar (De Paul, 64. min.) eta Griezmann (Cunha, 74. min.).
Osasuna. Sergio Herrera; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz, Manu Sanchez (Torres, 89. min.); Torro (Oier, 65. min.) , Moncayola (Barja, 89. min.), Brasanac (Iñigo Perez, 74. min.); Chimy Avila (Budimir, 65. min.) eta Kike Garcia.
Golak. 1-0. Felipek (87. min.). Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak Atletico Madrileko Griezmanni eta Carlos Martini, eta Osasunako Torrori eta David Garciari. Bestelakoak. 53.261 ikusle Wanda Metropolitanon.

Hasierako grina, geroko itxaropena eta bukaerako frustrazioa: hitz gutxitan, hala labur daiteke Osasunak atzo Atletico Madrilen zelaian jokatu eta galdu zuen neurketa. Lana zuzen egin zuen, ausardia eta bizirik irauteko gaitasuna uztartuta. Garaipenetik urrun samar izan zen, baina berdinketa ondo lotua izan zuen ia 90 minutuz; harik eta, korner batean hutsa egin, eta esku hutsik gelditu zen arte. Santiago Bernabeun ez bezala, nafarren harresiak pitzadura izan zuen. Bakarra, baina halako zelai batean zigorra jasotzeko nahikoa. Hortaz, puntu bakarra bildu dute egutegiko faserik zailenean, ligako lau talderik onenen kontra jarraian jokatu dituzten lehietan. Zaila zen gehiago lortzea. Itxura lehiakorra eman dute, bederen.

Atzo, esperotako hamaikakoa zelairatu zuen Jagoba Arrasatek: bost jokalari ipini zituen atzeko lerroan, eta aurrean, elkarrekin aritzeko abagunea eman zien Chimy Avilari eta Kike Garciari, Real Madrilen aurka bezala. Eskema horrekin primeran moldatu izan da Osasuna, eta atzo ez zen gutxiago izan. Nortasun handia erakutsi zuen hasieratik, eta, defentsan lana erruz egiteaz gain, partidaren ekimena hartzeko prest ere agertu zen. Presioa, eta jokoa ehuntzeko gogoa: bi ideia horien jiran egin zuen bira gorritxoen planak lehen zatian.

Zenbaitetan, atzean sartu zuten Atletico, arrain handia balira bezala. Azken metroetan sakontzea falta izan zitzaien bakarrik. Ez da erraza Atleticoren barrunbeetan sartzea, lehen bezain sendoa ez den arren. Hartara, 34. minutuan urrutitik saiatu zen Torro, zartako indartsu batekin; hegan egitera behartu zuen Oblak.

Etxekoen aukerak ere bakanak izan ziren lehen zatian, eta Osasunaren eskuin hegaletik iritsi ziren gehienak. Griezmann mehatxua izan zen area barruan, eta, pare bat saiakeraren ondoren, gertu izan zuen gola atsedenaren atarian. Ezkerretik sartu zen orduan Atletico: Llorente barruraino iritsi zen, Correarekin hormarena eginda, eta Herrerak itsu-itsuan atera behar izan zuen atepetik Griezmannen errematea oztopatzeko. Kolpea hartu zuen atezain gorritxoak, aurrez Vrsaljok bezala; hots, erritmorik gabe finitu zen aurreneko zatia.

Atzean gotortu beharrean

Osasuna arnasestuka hasi zen aldageletatik bueltan, Atleticok estutu ahala. Txipa aldatu zuten Simeoneren mutilek, eta energia handiagoz jokatzeari ekin. Zuzen, zehatz eta azkar mugitu zuten baloia, eta ia galdu orduko berreskuratu zuten. Dena den, minuturik itogarrienetan ere itxura irmoa eman zuten gorritxoek. Eutsi egin zioten defentsako egiturari, eta arean nagusitasun handiz jardun zuten. Salbuespena goleko jokaldia izan zen, 87. minutuan. Carrascok erdiraketa zitala egin zuen lehen zutoinera, eta han agertu zen Felipe, atzelariei eta atezainari aurrea hartuta. Iruindarrek momenturik txarrenean galdu zuten arreta.

Saiatu ziren iratzartzen, Torresen ezkerkada baten bidez, baina beranduegi zen jada akatsa konpondu eta ordura arte merezi izandako saria berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.