Osasuna 3-1 Levante

Zoriona eta lasaitasuna

Osasunak ia ziurra du salbazioa, Levanteri Sadarren irabazi ostean. Atsedenaren atarian hartu du aurrea, eta festa biribildu du gero

Budimir bere atzoko gola ospatzen, Sadarren, taldearen bigarrena izan zena. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Osasuna. Herrera; Nacho Vidal, David Garcia, Nacho Vidal; Torro, Moncayola (Oier, 77. min.), Brasanac (Iñigo Perez, 77. min); Chimy Avila (Kike Garcia, 68. min.), Ruben Garcia (Torres, 77. min.) eta Budimir (Iker Benito, 68. min.).
Levante. Cardenas; Pubill (Miramon, 84. min.), Rober Pier, Ruben Vezo, Caceres (Dani Gomez, 62. min.), Son (Franquesa, 85. min.); Malsa, Pepelu, Bardhi (Soldado, 75. min.), Morales; eta Roger.
Golak. 1-0. Chimy Avilak (44. min.); 2-0. Budimirrek (57. min.). 3-0. Brasanacek (64. min). 3-1. Rogerrek (76. min.).
Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Levanteko Pubilli. Bestelakoak. 19.429 ikusle Sadarren.

Dena da zoriona Osasunan. Jagoba Arrasateren eta Chimy Avilaren kontratuak luzatu berri ditu, eta atzo, ia betetzat eman zuen mailari eusteko helburua, Levanteri aise irabazita. Oraindik ez dute matematiken bermea, baina, dagoeneko 38 puntu pilatuta, kalkulagailua itzaltzeko moduan dira gorritxoak —hamalau puntura dituzte jaitsiera postuak—. Gorabehera dezenteko sasoia bizi izan dute, baina, berriz ere, azken txanpa lasaia biziko dute. Menturaz, lasaiegia ere bai, zortzi partidaren faltan jomuga garbirik gabe gelditu baitira. Europa oso urrun dago. Ezin kexatu, ordea: lasaitasuna gauza handia da tradizionalki sufritzailea izan den talde batentzat.

Patxadaz jokatu zuten atzo Levanteren kontra. Ez zuten beren burua estutu, horretarako beharrik ere ez zutelako izan. Puntu premia larria zuen Levantek, eta agerian utzi zuen zergatik dagoen sailkapeneko hondoan. Erraztasun handiak eman zizkion Osasunari, eta nafarrek ez zuten aukera alferrik galdu. Konfiantzaz gainezka daude, eta zortea ere alde dute.

Hartara, lehen zati nahiko grisa jokatu arren, azken jokaldian aurretik jarri ziren markagailuan. Avilak zartako baten bidez sareratu zuen baloia, eta, hala, modurik onenean ospatu kontratu luzapena. Aurrez, gorritxoenak izan ziren aukerarik onenak. Adibidez, Ruben Garciak langara bidali zuen eskuinkada bat, eta Budimirrek gora errematatu zuen buruz area barruan. Bestela, jokoa oso trabatua ari zen izaten, eta oreka zen nagusi. Levanteren presioak deseroso sentiarazi zuen Osasuna. Halere, gorritxoek ez zuten apenas sufritu. Bidezkoena hutseko markagailua zatekeen. Ordea, talde bat bolada onean denean, meritu handirik ere ez du egin behar aurkariak nahi bezala kolpatzeko.

Antzeko zerbait gertatu zen bigarren zatian. Egia da Osasuna solteago eta argiago ibili zela erasoan. Golak, dena den, ez zituen jokaldi oso landuetan sartu, aurkariaren huts handiei esker baizik. Dena esate aldera, gorritxoek behartutako hutsak izan ziren, presioaren bidez. 2-0ekoan, Rubenek baloia bikain berreskuratu zuen, Levantek falta bat bere zelaian azkar atera berritan, eta pase sakona eman zion Budimirri. Kroaziarrak ez zuen barkatu Cardenasen aurrean. 3-0ekoa, berriz, Brasanacek egin zuen, hasi eta buka: berak berreskuratu zuen baloia, eta serbiarra bera arduratu zen baloia sareratzeaz.

Neurketa finituta zegoela zirudien. Ordea, Rogerrek aldea murriztu zuen ordu laurden baten faltan, eta hazi egin zen Levante. Osasunak ez zuen arriskurik ikusten; haatik, aztoratzen hasi zen kanpokoek beste bi aukera garbi izan zituztenean. Azkenean, ordea, ez zuten beste golik jaso. Sartzen ere ez zuten asmatu, Kike Garciak oso abagune garbiak izan zituen arren. Lehia bukatzean, festa lehertu zen Sadarren. Osasuna eliteko taldea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.