Alaves 2-2 Levante

Gaitzetan txikiena

Alavesek sufrituta berdindu du Levanteren aurka, Joseluren gol berantiar bati esker. Jaitsiera postuetatik puntu batera dago oraindik

Alaveseko jokalariak, Joseluk sartutako binakoa ospatzen, atzo, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA /FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Alaves. Pacheco; Ximo Navarro (Deyverson, 85. min.), Laguardia, Lejeune, Duarte (Edgar, 73. min.); Pina (Martin, 85. min.), Battaglia, Pons (Lucas Perez, 45. min.), Luis Rioja; Jota Peleteiro (Pellistri, 67. min.) eta Joselu.
Levante. Cardenas; Miramon, Postigo (Vezo, 56. min.), Rober Pier, Clerc; Malsa, Melero (Duarte, 83. min.), De Frutos, Morales (Bardhi, 56. min.); Cantero (Son, 73. min.) eta Dani Gomez (Doukoure, 83. min.).
Golak. 1-0. Ponsek (30. min.); 1-1. Moralesek (36. min.); 1-2. Moralesek (41. min.). 2-2. Joseluk (88. min.).
Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak Alaveseko Riojari eta Battagliari; eta Levanteko Canterori.

«Gaitz erdi!» esanez bukatu zuen Alavesek atzo Levanteren kontrako partida. Puntu bakarra bildu zuen, eta hiru behar zituen, baina esku hutsik gelditzear izan zen. Horregatik, ontzat jo zuen berdinketa, Joseluk azken txanpan egindako gol bati esker eskuratua. Hobe zerbait, ezer ez baino. Hori bai, estutu egin beharko du azken hiru lehietan, puntu bakarrera baitu jaitsiera.

«Ahalik eta talderik onena» zelairatuko zuela esan zuen Javier Callejak. Bada, hamaikakotik kanpo utzi zuen Lucas Perez, Jota aurreratu eta Pere Pons zelai erdian sartzeko. Atzean, berriz, ezker hegalera itzuli zen Duarte, min hartuta egon eta gero.

Irabazi beharreko lehia zuen Alavesek, baina aparteko kemenik gabe ekin zion neurketari. Ez zuen goiz golik jaso nahi, eta, horretarako, bere zelaian paratu zituen lerroak. Levanteren abiadurarekin ez sufritzea zen arabarren lehentasuna. Haatik, 21. minutuan lehen gola sartzear izan zen kanpoko taldea, falta batean prestatutako jokaldia eginda. Dani Gomez bakar-bakarrik agertu zen bigarren zutoinean, baina haren jaurtiketak Pachecoren eskuekin egin zuen topo.

Geldikako jokaldiak kateatuz hazi zen Alaves. Joseluk falta bat behartu, eta zirimola bihurtu ziren etxekoak. Ger,o bi korner atera zituzten bata bestearen atzetik, eta, lehen ordu erdia betetzearekin batera, aurrea hartu zuten markagailuan, Ponsen bitartez. Rober Pierrek kale egin zuen Riojaren erdiraketa bat urruntzeko orduan, eta erdilari kataluniarrak zartako batez bidali zuen baloia sareetara.

Gola jaso ondoren, kornerrak pilatzen jarraitu zuen Alavesek. Esnatu orduko lokartu egin zen, ordea, eta, ohartzerako, partida irauli egin zuen Levantek. Hiru lehia zeramatzan golik sartu gabe; bada, bi sartu zituen Moralesek bost minutuko tartean: lehena, De Frutosen erdiraketa boleaz maisuki errematatuta, eta bigarrena, kontraeraso oso azkar batean. Garesti ordaindu zuen Arabako taldeak aurkariari korri egiten utzi izana.

Presazko erreakzioaren bila, atsedenaren ostean Lucas Perez zelairatu zuen Callejak. Levante bere zelaian sartzen ahalegindu ziren arabarrak, baina nekez sortu zituzten aukera garbiak. Ideia gutxi zuten, eta presa eta antsietate handia. Urduritasunaren isla izan zen Joseluk tokitara bidali zuen jaurtiketa, atezainarekin buruz buru zela. Alta, ez zuen amore eman Alavesek, ezta Joseluk ere, eta 88. minutuan binakoa egin zuen, buruz. Cardenasek baloia atetik atera zuen, baina marra jada igaroa zenean. Bederatzi minutu luzatu zituen epaileak, baina gasteiztarrek ezin izan zuten garaitzeko gola sartu. Konforme gelditu ziren, halere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.