Bidasoa Irun 26-30 Ademar Leon

Bakeak egin gabe doa

Bidasoak galdu egin du Ademarren aurka, Espainiako Kopako finalerdietan. Irundarrek garesti ordaindu dituzte gorabeherak

Tesoriere eta Bonanno, Ademarreko Suarezekin lehian, atzo, Madrilen, Espainiako Kopako finalerdietan. J. J. GUILLEN / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Bidasoa Irun. Sierra; Odriozola (2), Salinas (1), De la Salud (5, 4p), Azkue (6), Crowley (5), Aginagalde (2) —hasierako zazpikoa—; Ledo, Cavero (1), Racotea (3), Zabala Serrano (1), Tesoriere, Da Silva, Nieto eta Bonanno.
Ademar. Slavic; Perez (4, 1p), Feuchtmann(6, 3p), Donlin, Semedo (2), Lucin (6, 2p),Jaime Fernandez (1) —hasierako zazpikoa—; Ghedbane, Marchan (3), Suarez (4), Martinez Cami (1), Gostovic, Martinez, Pietxowski, Kisselev eta Casqueiro (3)
Markagailua. 3-3, 4-4, 7-7, 8-11, 12-13, 14-13 (atsedenaldian); 16-17, 17-19, 18-21, 20-23, 22-26 eta 26-30.
Epaileak. Garcia eta Martin. Bi minutuz kanporatuak: Bidasoako Tesoriere eta Aginagalde; eta Ademarreko Feuchtmann (bi aldiz), Semedo eta Donlin.
Bestelakoak. 300 ikusle inguru Madrilgo Wizink Center pabiloian.

Espainiako Koparekin adiskidetu nahian iritsi zen Bidasoa Madrilera, eta lehiaketa horrekin bakean geratu gabe bueltatuko da Irunera (Gipuzkoa). Atera zuen lehenbiziko arantza, finalerdiak azkeneko aldiz jokatu eta 25 urte geroago finalaurrekoetara iritsita. Txapeldun izan zen orduko hartan, baina oraingoan, erdibidean geratu da, finalaren atarian. Ademarrek kanporatu du. Leongo (Espainia) taldeak 26-30 irabazi zion atzo, eta lehiaketatik kanpo utzi zuen.

Merezita jokatuko du Ademarrek finala, Bidasoa baino gehiago izan baitzen. Erregularragoa izan zen batez ere, partida hasi eta buka. Irundarrak, ordea, gorabeheratsu aritu ziren, eta momentu onak baino gehiago izan zituzten ezintasunekoak. Horrek desorekatu zuen lehia aurkariaren alde.

Alferrikakoa izan zen oraingoan Jose Manuel Sierraren lan eskerga. Final-laurdenetan egin bezala, bikain aritu zen Bidasoako atezain beteranoa: hamahiru geldiketa egin zituen. Harengatik izan ez balitz, lehen zatian jadanik oso maldan gora izango zuen norgehiagoka Jacobo Cuetarak entrenatutako taldeak. Izan ere, 21. minutuan, lau gol zen aurretik Ademar (8-12), eta Bidasoa jokalari bat gutxiagorekin zegoen. Aurkariaren kontraerasoa min handia ari zitzaien egiten irundarrei. Baina hortxe azaldu zen Sierra, atea horma bilakatzeko. Horrek taldekideak hauspotu zituen, eta defentsan sendo eta erasoan eraginkor arituta, buelta eman zioten neurketari: 14-13.

Sierrari esker

Parekatua hasi zen bigarren zatia, baina pixkanaka berriz ere hasi zen desorekatzen Ademarren aldera. Gauzak zail jarri zitzaizkion berriro Bidasoari. Bi gol jarri zen atzetik (16-18), baina beste behin, Sierrak eutsi zuen Bidasoa. Baina hezur-haragizkoa da Sierra, ez makina, eta hirugarren ahaleginean lortu zuen aurkariak helburua: ia zortzi minutuz izan zuen Bidasoa golik sartu gabe, eta, lau golen aldea lortu zuen (18-22).

Ordu laurden falta zen. Arriskatu beharra zuten irundarrek. Halakoetan saria edo zigorra jaso daiteke, eta zigorra jaso zuten. Hala, Bidasoaren presak baliatuta, Ademarrek sei golen zuloa egin zuen lau minutu falta zirela: 22-28. Akabo lehia, eta akabo 25 urte geroago finala jokatzeko ametsa. Koparekin bakeak egin gabe itzuliko da etxera Bidasoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.