Erriberako melokotoia

Melokotoi feria ospatuko dute gaur Sartagudan. Hamar kiloko kaxak 12 euroan salduko dituzte; 10.000 kilo inguru jarriko dituzte salgai

2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Melokotoien eguna da gaur Sartagudan (Nafarroa). Bertako produktu hori ezagutarazi eta sustatzeko ospatuko dute VII. Melokotoi Feria. Diego Iturriaga pilotaria eta Erriberako Landa orfeoia arduratuko dira pregoiaz. 11:30ean hasiko da azoka. Produktua zuzenean saldu eta erosteko aukera egongo da, hau da, «kalitatezko fruituak merkatu bide justuago baten bidez eskuratzeko aukera», antolatzaileen arabera.

Kiloa euro bakarraren bueltansalduko dute, eta hamar kiloko kaxa, 12 euroan. Sartagudako sei nekazarik salduko dute aurtengo uzta, eta 10.000 kilo melokotoi inguru jarriko dituzte salgai. Baby gold barietatea izango da nagusi. Guztira, 38 saltoki izango dira herriko kale nagusian.

Melokotoia Andosillako (Nafarroa) ardoarekin dastatzeko aukera ere egongo da frontoian, doan. Horrez gain, melokotoi lursailak trenez bisitatu ahal izango dira. Artisautza azoka bat egongo da, eta puzgarriak jarriko dituzte haurrentzat.

12:00etatik 12:30era, udaletxean, melokotoiz eginiko azkenburukoen lehiaketa egingo dute. Pertsonako postre bana prestatuko dute, eta hiru saridun izango dira. Feriako produktuen saski bat ere zozkatuko dute. Txartelak postuetako batean egongo dira eskura.

Eskola publikoko patioan, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute. Bertako produktuekin prestatuko dute. Hamar euroan emango dute menua: entsalada mistoa, txahalki gisatua patatekin eta Sartagudako melokotoia ziropatan. Haragirik jaten ez dutenentzat, barazki menestra egongo da. Azkenik, 18:00etan, gazteen esku-pilota partidak egongo dira, herriko kiroldegian.

VII. Melokotoi Feria

Gaur, Sartagudan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.