Esperimentatzen, popa ardatz hartuta

'Pulse of The Early Brain' bilduma kaleratzearekin batera, Stereolab taldeak oholtzetara itzultzea erabaki du. Laetitia Sadier eta Tim Gane taldeko buruak beste proiektu batzuetan ibili dira azken urteetan.

Azken hamarkadan geldi izan ondoren, Stereolab proiektua berriro jarri dute martxan. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Orain dela hamahiru urte Stereolab proiektuari behin-behinean atseden eman eta Laetitia Sadier abeslariak eta Tim Gane gitarristak beste musika egitasmo batzuk abiatu zituztenetik —bakarkako bideari heldu zion Sadierrek; Cavern of Anti-Matter taldea sortu zuen Ganek—, Stereolaben agerpenak solteak izan dira. 2013an All Tomorrow's Parties jaialdian parte hartzeko elkartu ziren abeslaria eta gitarrista, eta 2019an, berriz, berriro batu zuten taldea, Warp diskoetxeak bandaren diskoak berrargitaratu zituela eta, bira bat egiteko.

Material berririk gabe —Not Music (2010) da taldearen estudioko azken diskoa, eta hura ere bi urte lehenagoko Chemical Chords diskoaren grabazioko kantu argitaratu gabeek osatu zuten—, Stereolabek Switched On disko saileko bosgarren zenbakia kaleratu du orain. Singleak, B aldeak, argitaratu gabeko kantuak eta bitxikeriak biltzeko sortu zuen taldeak Switched On saila, eta 1992an atera zuen lehenengoa, sailaren izen berekoa. Orduz geroztik, beste hiru disko etorri dira, horietako bakoitza taldearen garai jakin bat jasota, modu kronologikoan: Refried Ectoplasm: Switched On, Vol. 2 (1995), Aluminum Tunes: Switched On, Vol. 3 (1998) eta Electrically Possessed: Switched On, Vol. 4 (2021).

Pulse of The Early Brain (2022) da bildumara batu den azken Switched On-a. Aurrekoak ez bezala, ez da taldearen sasoi jakin baten erakusle, eta Stereolaben ibilbide osoko bitxikeria eta kantu ezkutuak biltzen ditu. Hain zuzen ere, ohiko diskoetan azaldu ez ziren kantuek osatzen dutenez bilduma, oso heterodoxoa da oro har, eta taldearen alderdi oso ezberdinak biltzen ditu.

Norabide anitz

Stereolab beti izan da iraganari nahiz geroari begiratu dion talde bat. Pop banda bat izanda —hitzaren zentzurik zabalean ulertuta—, 60ko hamarkadako pop musikaren, krautrockaren, elektronika minimalistaren eta lounge doinuen eragina sumatzen da haren kantuetan; batzuetan, kantu berean uztartu izan ditu taldeak joera ezberdin horiek, eta besteetan, aldiz, pieza bakoitzak norabide jakin bat hartu du. Pulse of The Early Brain, alde horretatik, esperimentazio gose horren erakusle perfektua da.

Yo La Tengo taldearekin grabatu zuen The Long Hair of Death kantuaren bi bertsio egin zituen Stereolabek Nurse with Wound taldearekin 1997an, bata 10 minutu pasakoa (Simple Headphone Mind), eta bestea 21 minutukoa (Trippin' With The Birds). Biek ala biek, baina batez ere bigarrenak, taldearen alderdirik esperimentala uzten dute agerian, eta haiekin hasten da Pulse of The Early Brain.

Baina diskoan badira pop kantuak —Spool of Collusion, Robot Riot orain arte argitaratu gabea—, The Godz taldearen bertsio sutsu bat (ABC), gitarra eta ahots hutseko kantu minimalista bat (XXXOOO), free jazz futuristatzat jo daitekeen pieza bat (Symbolic Logic of Now!), eta taldearen klasiko baten zuzeneko grabazio bat ere (Cybele's Reverie).

KONTZERTUA

Non: Donostiako Dabadaban.

Noiz: Gaur, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.