ATZEKOZ AURRERA

Sagardo putzu handi bat

Sagardo Eguna giro paregabean ospatu dute Donostiako Konstituzio plazan. 5.000 lagun baino gehiago bildu dira Gipuzkoako sagardogileen sagardoa dastatzeko.

urtzi urkizu
Donostia
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Edalontzi bat hegan atera da, egin ditu lurretik jauzi batzuk, baina onik atera da. Sagardoa bezala, edalontzia kalitate onekoa dela esan du kuadrilla batek. «Baina, kontuz, kristalak memoria dauka», ohartarazi du sagardogile baten laguntzaileak. Edalontziko hizkitan irakur daiteke: «Donostiako XXXIV. Sagardo Eguna». 34. urtean, 34 sagardotegik parte hartu zuten atzo, Donostiako Konstituzio plazan.

Amaia Izpizuak egin ditu edalontzia hegan gertu ikusi duen kuadrillaren bozeramaile lanak: «Itzela iruditzen zait hainbeste sagardo dastatu ahal izatea. Bertako sagardoa zaindu behar dugu, gure altxorra da». Adunako (Gipuzkoa) Zabala sagardotegiko Luis Zabalak aipatu duenez, bakoitzak hamabi botilako hamazazpi kaxa eraman ditu. «Sagardo putzu handi bat da hau», biribildu du. Antolatzaileen arabera, 8.000 botila inguru izan dira. Beraz, baten batek eraman ditu gehiago.

Sagardotegi horietako mordoxka ezagutzen ditu Mitsuhiro Okuda japoniarrak. Bost urte daramatza Donostian bizitzen, eta,azken denboraldian, 22 sagardotegitara joan zen; «maite dut sagardoa». Hanburgoko (Alemania) Uwe Wieschowski turista ere pozez zoratzen dago: «Atzo gauean sagardo asko edan genuen. Euskal Herria zoragarria da, bakana». Tokiko bertako askorentzat ere hitzordu berezia da sagardo eguna. «Urtero etortzen gara, bai hona bai Usurbilera [Gipuzkoa]», esan du Patxi Soloresek. Juanma Gomez eta Vivian Oliveira gustura daude, mokadu bat jaten. «Oso ondo dago antolatuta», gaineratu du Oliveirak.

Goizak aurrera egin ahala,plaza gero eta beteago dago. «Giro ona dago, eta gu saiatuko gara giro ona jartzen», esan du Aitor Bereziartua sagardogileak. «Gaurko eguraldiarekin, eguna paregabe doa», aipatu du Joseba Aburuza sagardogileak. «Hemengo sagarrarekin egindako sagardoa daukagu, gainera».

Lizeaga eta Otegi

Herritarrak sagardoa dastatzen eta mokaduak jaten ari diren bitartean, trikiti doinuak entzuten dira. Urtero, sagardogileren bat omentzen dute, eta, aurten, Lizeaga sagardotegiko Joxe Mari eta Gabriel Lizeaga eta Otegi sagardotegiko Joxe Mari Otegi izan dira omenduak. Hainbat erakunde publikotako ordezkariak daude oholtza gainean. Eta guztiek, behean edalontziarekin daudenekin batera, «Gora Gipuzkoako sagardo berria!» oihukatu dute. Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek bertso pare bat kantatu diete sagardogileei, eta, horren aurretik, Mendiluzek aitortu du «lagunartean biltzeko aitzakia polit bat» dela sagardoa.

«Sozializazio modu bat da hau», nabarmendu du, era berean, Astarbe sagardotegiko Joseba Astarbek. «Gero, bazkari ederra daukagu sagardogile guztiok elkarte batean». Zubietako (Donostia) Astiazaran sagardotegiko Jon Astarbek gogorarazi du egun politak direla irailaren hasierakoak Gipuzkoako hiriburuan: «Euskal kulturaren bi parte dauzkagu hemen: sagardoa eta estropadak». Kontxako Banderaren bigarren eguna da gaur. Aurreko urteetan lehen asteburuan egokitu da Sagardo Eguna:aurten, bigarrenean. Faktoreen ordenak ez du produktua aldatu, ordea. Sagardoa gustagarria izan da, bai bertakoentzat bai kanpokoentzat. «Kanpoko jendearentzat polita da. Bertakoentzat, zer esanik ez», esan du Izpizuak, hegan egin duen edalontziari begira. Pixkanaka, sagardo putzuan erori da haren kuadrilla osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.