Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Iruñera, zapi gorri eta guzti

Ezohiko uda bat izan arren, Iruñea turistaz lepo dago egunotan. Gehienak Iberiar penintsulatik datoz. Sanferminek erakarrita iristen dira asko, eta hiriaren ondarearekin harritzen dira.
Andre bat, entzierroaren monumentua fotografiatzen.
Andre bat, entzierroaren monumentua fotografiatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko abuztuak 22 - Iruñea

Aspaldi pasatu ziren sanferminak ospatuko liratekeen egunak, baina azkenaldian Iruñeko kaleetan ikus daiteke lepoan zapi gorria daraman jendea. Turistak dira. Antza denez, Estafeta kaleko El Pañuelico de Hemingway dendan entzierroaren tamaina errealeko maketa bat dutenez, turistek zapia erosten dute argazkia egiteko, eta jantzita eramaten dute kalera gero. Osasun krisia baldintzatzen ari da aurtengo uda, baina deigarria da egunotan hiriko kaleetan dagoen bisitari kopurua.

Izan ere, zapirik ez daramatenak identifikatzea ere ez da zaila: patxadaz dabiltza kalean, eguzkiaz babestuta, mapei nahiz sakelakoei begira edo argazkiak egiten. Entzierroaren monumentua hautatzen dute askok agertoki gisa, eta han haurrek pasatzen dute hobekien. «Ama, egin argazkia hemen!», oihu egin du neska batek, zezen baten figuran igota. Beste asko Mercaderes kaletik Estafetarako bihurgunean pilaturik daude, kalearen izena fotografiatzen. Tokirik arrakastatsuena, halere, Udaletxe plaza da. «Begira: hortik botatzen omen dute suziria», esan dio gizon batek harekin doan andreari. «Baina plazak askoz handiagoa dirudi telebistan», erantzun dio hark.

Plaza horretan dago turismo bulegoa. Handik sartu eta atera dabiltza bisitariak, informazio orriak eskuetan. «Hala ere, harrigarria da ez dagoela ilararik, ia egunero sortzen baitira ilara luzeak», ohartarazi dute Natxo Alvarez de Arkaia eta Jon Martinez bulegoko langileek, xaflaren beste aldetik. Lanez lepo dabiltza, baina sartu berri den estatubatuar xelebrea ezaguna dute, eta lankideari utzi diote hari laguntzeko lana. «Atzo PCR bat non egin zezakeen galdetu zigun; ohiko galdera bilakatu da hori».

Azaldu dutenez, «sekulakoa» da uztaileko bigarren hamabostalditik Iruñera iristen ari den turista kopurua, iazkoa baino «nabarmen handiagoa». Asko sanferminei lotutako tokiek erakarrita iristen dira, baina hiria ezagututa, «haren ondarearekin harritzen» dira: «Hiriaren historiak atentzioa ematen die: entzierroa ezagutu bai, baina ez dakite XVI. mendeko harresiak daudela». Turismo bulegoan ere antzematen da jaietatik haragoko Iruñea ezagutarazi nahi dutela: sartu bezain laster, harresien argazki handi eta eder bat ikusten da.

Azaldu dutena gertatu zaie, preseski, Marisa Garcia eta Tomas Martini: festei lotutako irudia buruan zutela iritsi ziren Iruñera, eta haren historiarekin «liluratuta» daude. «Katedraletik gatoz: zenbat pieza dauden, izugarria da!». Madrildarrak dira, eta, hain zuzen, turista gehienak Espainiakoak eta Herrialde Katalanetakoak dira, eta badira Frantziatik, Herbehereetatik eta Belgikatik etorritakoak ere. «Sumatu dugu estatubatuar, kanadar, italiar eta korear gutxiago dagoela», zehaztu du Alvarez de Arkaiak.

Beste asko Nafarroako naturaz gozatu ondoren iritsi dira hiriburura: Iratiko oihana, Urederra, Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Baztan.... «Toki horiek bete-beteak daude egunotan, eta saiatzen ari gara beste batzuetara bideratzen», azaldu du Martinezek. Laura Montalva valentziarrak eta haren familiak, adibidez, paisaiengatik aukeratu dute Nafarroa, eta Arbaiun, Orreaga eta Erriberri bisitatu ondoren iritsi dira hiriburura. «Alde Zaharra ezagutzeko gogoa dugu».

Ostatuen okupazioa %90 inguruan dabil abuztu hasieratik, eta askok arazoak dituzte lo egiteko tokia aurkitzeko. Carlos Sainz kataluniarra ostatu baten bila dabil, sakelakoari begira. Frantziako atetik dator, eta motxila handia darama: Donejakue bidea egiten ari da, beste asko bezala. Bidenabar, hala ere, entzierroaren ibilbidea ikusiko du. Estafeta non dagoen galdetu dio kazetariari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Hilarri bakoitza mundu bat da orain»

Iker Tubia

Etxeko lanari segida ematea erabaki zuenetik, hargin eta ehorzketa lanetan aritzen da Soule. Droneak bestelako ikuspegia ematen dio, baita lanak ere: «Heriotzaz gehiago solastatu behar dela uste dut».
Ogirik gabe jateak gosea ez asetzea eragiten die batzuei, antropologia sozialak dioenez. ©BERRIA

Gosearen memoria kolektiboa

Naroa Torralba Rodriguez

Espainiako gerraren ondorengo gose garaiak ditu ikergai Gloria Romanek. Elkarrizketa saio batzuk egin zituen gerraostean haur izan zirenekin, eta artikulu bat idatzi du ogiak eta gozoek haien memoria indibidualean duten garrantziari buruz. Laburpena egin du Twitterren, eta erantzun ugari jaso du.

Aron Piper aktorea <em>El Silencio</em> telesailean. Fikzioa Bilbon girotuta dago. ©LANDER LARRAÑAGA / NETFLIX

'El Silencio': munduan gehien ikusitako telesailetan hirugarrena Netflixen

Urtzi Urkizu

Fikzioa 80 herrialdetan dago lehen hamarren artean. Ingelesezkoak ez direnetan, lehena da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.