ATZEKOZ AURRERA

Errima biodibertsoak

Aranzadiko biologoek gidatuta, anfibioen eta narrastien peskizan ibili dira Ekogunean. Agertu dira ziraunak, muskerrak eta sugegorriak, baina miztorik zorrotzenak, Lujanbio eta Agirrerenak.

Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariak, Hernaniko Kutxa Ekogunearen belazeetan, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Hernani
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Aurretik prestatu gabekoa egin eta garatzea ei da inprobisazioa. Eta prestatu gabekoari jakin ezina gehitzen bazaio, sor liteke nahasketa zoragarri bat. Ausarta behar baitu izan ekitaldi bat antolatzeko ager daitezkeen —edo ez— animalien arabera, naturari utzita erabakitzen, eta ausari bidea egiten. Bada, horixe da Aranzadi zientzia elkarteak atzo goizerako egin zuen proposamena Hernaniko (Gipuzkoa) Kutxa Ekogunearen terrenoetan.

Biologoak anfibio eta narrastien peskizan, eta Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariak haiek ekarritakoaren dilindan. Aranzadiko Iñaki Sanz-Azkue gidari eta kasik bertsolari. Aurkezpena: «Gure artean ditugu Ander Izagirre Egaña, suge harrapatzaile bikaina, eta Jon Garin, begiak zorrotz eta eskuak arin». Jendartean, familia asko; 60 bat lagun bai orotara.

Belazearen erdian bi bertsolariak, eta irakaslea. Haien bueltan jarrita ikusleak. Beste biologoak Ekoguneko bazterretara joanda animalien bila. Gazteenek eskuetan ikertzaile txikien koadernoak. Apuntatzeko ikusitakoak eta gordetzeko azalpenak. Jakiteko anfibio hitzak «bi bizitza» esan nahi duela, bizitzaren lehen zatia uretan egiten dutelako eta bigarrena lurrean. Jakiteko narrastiak nola aldendu ziren uretatik «arrautzei oskolak eta soinari ezkatak» jarrita. Kontuz! Ander Izagirre dator. Zer dakar? Ziraun gazte bat da. Hankarik gabeko musker bat, alegia.

Telazko poltsak betetzen ari dira. «Iñakik zorrotxoa du presturik, nik badaezpada ez nuke sartuko eskurik», dio Lujanbiok. Sanz-Azkuek bai, sartu du eskua eta atera du musker bat: «Berdea da, urdina du burualdea, eta limoi kolorekoa azpialdea». Oso azkar datoz aurkikuntzak. Harrituta daude biologoak. «Ez pentsa hau horrela izaten denik. Harrapatzaile onak ditugu, eguraldia ere oso egokia... Goizean esaten aritu gara ez bada ondo ateratzen gurea izango zela kulpa, edo bertsolariena», bota du Sanz-Azkuek.

Muskerren berri badu Lujanbiok: «Eguzkitan kargatuz hasten du eguna, gaur egun bateria deitzen dioguna». Agirreri txikitako oroitzapenak ekarri dizkio: «Amona Brigidak hainbat pasarte, [muskerrak] ez hau askatuko hamaika ezkila jo arte». Urmael aldera doa taldea.

Eskaileretan behera, denak geldiarazi dituzte Sanz-Azkuek eta Izagirrek. Txutxu-mutxuka ari dira bien artean. Bat-batean, sasi artera bota du bere burua Izagirrek. Jendea aztoratu egin da. Hara zer dakarren: sugegorri bat! «Sasi artean ikusi dugu, baina, denok pasatzerako ihes egingo zuenez, burua bestaldera jarri duen bezain pronto egin du jauzi Anderrek». Guante bereziekin, animaliak harrapatzeko duten baimenarekin, jendeari erakutsi diote sugegorria. «Bertikalak izaten ditu begi niniak», esan du haur batek. Bada ikasle finik, eta harrobirik.

Ez da garairik onena, baina urmaeletan beti dago bizitza. Jon Garinek eginak ditu lanak jendea iristerako: uhandre palmatu bat, txantxiku arrunta, eta sorgin orratz edo burruntzi baten larba. Sanz-Azkuek kontatu du nola nahastu izan duten baserri askotan uhandrea arrabioarekin, eta nola sortu diren haren inguruko kondairak. Hark kontatu du nolatan diren anfibioak bioadierazleak, eta esaten diguten gure ingurunea nola dagoen. Eta txantxikuetan nola zaintzen dituen arrak arrautzak, zorro batean sartuta eta bizkarrean. «Zaintza partekatzean daude komeriak», eztena Lujanbiok bertsotan.

Azken sorpresa inor ohartu gabe harrapatutako beste sugegorri bat da. Haren fama txarrari buruzko azalpena eman du Sanz-Azkuek, hura delako gurean pozoia duen suge bakarra. Eta «sugegorria isatsean jota baino gaiztoagoa da» esamoldea ohikoa izaten dela. «Serio asko begiratuta, badauka zenbaiten antza», bota du Agirrek. «Kobrak txirula jota egiten du [dantza], eta honek bertsoekin», esan du Lujanbiok. Alegia, biodibertsoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.