Izaro uharteko lehia

Gaur jaurtiko du Bermeoko alkateak Izaroren jabetza aldarrikatzen duen teila. Festa giroan murgilduko dira Bermeo eta inguruko herriak

2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Urtero bezala, gaur jaurtiko du teila Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, Izaro uharteko uretan. Teila horrek aldarrikatzen du Izaro Bermeoren lurretan dagoela. Aspalditik dute bermeotarrek eta mundakarrek Izaroren jabetzari lotutako lehia: kondairaren arabera, Bermeorena da uhartea.

Madalen eguneko ospakizunak Kankibara txistu taldearen kalejirarekin hasiko dira. 11:50ean bilduko da udalbatza goiko plazan, eta Alkate soinua entzun bezain laster abiatuko dira kalejiran portura. Portutik ontzietan joango dira Izarora. Itsas jaia 12:00etan hasiko da: udalak Bermeoko banderaren eta ikurrinaren igoera egingo du uharteko uretan. Segidan, alkateak teila jaurtiko du, Izaro Bermeoren eremuan dagoela berresteko. Ontziak 13:30ean iritsiko dira Elantxobera. Herriko plazan ohorezko aurreskua egingo du Alkartasuna dantza taldeak.

Diseinu berezia duen teila

Ontzia Mundakara joango da 18:00etan, eta Bermeon izango da 19:30ean. Goiko plazara joango da udalbatza, txistulariekin eta Bermeotarrak fanfarrearekin batera. Han, herriko bandera eta ikurrina altxatu ostean, dantza egingo dute. Horren ostean, San Migel eskaileretara joango dira. Giro aparta egongo da portuan gauerdira arte, kaiko Sorgine elkartearen laguntzarekin.

Madalen eguneko ospakizun nagusia da teila botatzekoa. Urtero moduan, teila botatzean oihu egingo du alkateak, hala esanez: «Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak». Juanjo Bereziartua bermeotarrak diseinatu du aurtengo teila: Izaro uhartea margotu du horretan.

Izaro uharteko festa

Gaur, 11:50etik aurrera,

Bermeon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.