ATZEKOZ AURRERA

Amek badakite

Euskararen Ginkanako finala egin dute Donostian. Hizkuntza ekologiaren gaian sakontzeko lehiaketan, lau talde aritu dira nor gehiago, 3.000 euro irabazteko asmoz.

Denera, 122 pertsona lehiatu dira ginkanan. Irudian, atzoko finala; eskuinean, irabazleen taldeko kideak. GORKA RUBIO / FOKU.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Hau eurovision bezalakoa da», esan du emakumekaskazuri batek. Tabakalerako laugarren solairuan dago, beste ehun bat ikuslerekin batera. Jolasteko gogoa sumatzen da giroan, baina baita tentsio apur bat ere: 3.000 euro daude jokoan.

Euskararen Ginkana da. Kutxa Ekoguneak sustatu du, Euskaltzaleen Topagunearekin batera. «Euskaraz eta euskararekin dibertitzeko egitasmoa da», azaldu du Edurne Azkaratek, pulpitutik. Pantaila erraldoi bat du atzean, eta hark egingo du zeremonia maistrarena.

Denera, 122 pertsona aritu dira lehiaketan. Azkaratek azaldu duenez, estu ibili dira hamabi talde, baina, azkenean, lau sailkatu dira finalerako. Egin behar izan dituzten probak www.euskararenginkana.eus gunean daude ikusgai.

Orain bai leloa idatzia duten kamisetak soinean dituzte Gasteizko Los Herran ikastolako Amets Gaiztoak taldeko mutilek. Beteranoak dira: iaz, irabazi eginzuten ginkana.

Aldamenean dituzte Durangoko Kurutziaga Ikastolako neska-mutilak (Bizkaia). Sariarekin, ikaskide etorkinentzat materiala sortu nahi dute.

Getariatik (Gipuzkoa) heldu da Artzape taldea, izen bereko euskara elkartean osaturikoa. 3.000 euroak nahi dituzte Artzape herri aldizkariari eusteko.

Eta, azkenik, talderik deigarriena: punk musikariz jantzita heldu dira, ileorde koloretsuekin. Azaldu nahi izan dute zergatik: «Gure auzoan orain ditugu inauteriak, Altza ez delako Donostia», esan du Helena Gonzalo taldekideak, adats gorri-beltz sintetiko bat buruan. Harri Berri-Oleta eskolako Gurasoen Euskara Batzordeko kideak dira.

Hasi da ginkana. Asterixek hamabi proba pasatu behar izan bazituen, lehiakideek bost gainditu beharko dituzte. Lehenean, herritarren protesta irudimentsuen hiru segundoko bideoak ikusi dituzte, eta zeren kontrakoak ziren asmatu behar izan dute. Bigarrenean, hizkuntza ekologiaren ikuspegitik, jokabide egokiak identifikatu behar izan dituzte.

Euskaraz bizitzeko ekintzak aktibatu elkartuz esaldia osatzeko, hizki bana zeukaten ikusleak bildu dituzte gero, ardi txakurrek bezala. Azkarrenak, ile koloretsuetako punkak izan dira.

Laugarren proba Euskaraldiarekin egon da lotuta: pertsonaia publiko batzuk Euskaraldian ahobizi edo belarriprest izan ote ziren asmatu beharko dute lehiakideek. La Basu rap abeslaria? Denek asmatu dute, getariarrek izan ezik: ahobizi. Itziar Ituño aktorea? Ahobizi; Gasteizkoek egin dute huts. Toti Martinez de Lezea? Erraza zen, eta denek asmatu dute: belarriprest. Contxu Uzkudun arropa diseinatzailea? Bakarrik punkek asmatu dute: belarriprest. Xila Pihlstrom finlandiar-donostiarrak? Denak zuzen: ahobizi.

Azken proban, sare batzuk puxikez bete dituzte, perimetrorik handiena nork lortuko. Euren esku estrategia aukeratzea: puxika handi gutxi, edo puxika txiki asko? Getariarrak nagusitu dira.

Taldeek lorturiko puntu bakoitzarengatik pilota bat sartuz joan dira arrainontzi banatan. Orain, pilotak zenbatzea da kontua, irabazlea nor den ebazteko. Azkenei sei puntu atera diete lehenek. Altzako guraso taldeko ama punken taldeak irabazi du. Ileordeko gorri eta urdin elektrikoak airean ibili dira ospatzen. 3.000 euroak auzoan hitzaldi eta jaialdiak antolatzeko erabiliko dituzte. «Ez genuen espero», esan du Gonzalok. «Ez gara batere entrenatu». Amek badakite, berez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.