Jagoba Salvador.
AIRETIK

Hasierak

2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Lehen urratsak egitea polita bezain gogorra izaten da. Askotan, denborak emandako perspektibatik, hasierak maitasunez gogoratzen ditugu, erromantizismo eta etorkortasun puntu batez. Aro berriek ilusioa, ametsak, espektatibak eta itxaropena sortzen dituzte gugan, bide ezezagunek nora eramango ote gaituzten argi ez izateak dakarren zirrara hori. Momentuan, ordea, hasierek badute beste aurpegi ilunago bat ere; tentsioa, kezkak, mamuak, bertigoa... Gehienetan hastea izaten da zailena, salto hori egitea. Behin uretan gaudenean, ez dago atzera bueltarik eta olatuak marrazten digun bideaz gozatzea besterik ez da gelditzen.

Surflariak izan gabe, txanpa ona hartu dute EITBk estreinatu berri duen lehen bideopodcasta gidatzen duten hiru emakumeek. Edo, hobe esanda, Yoko Ona. Ainhoa Vitoria, Lore Nekane Billelabeitia eta Olatz Salvadorrek ederki hasi dute jokoa, lagunarteko solasaldi formatuan. Tarte berriak «orain arte galdetu gabeko gaiei buruz aritzeko aukera» emango diela adierazi dute eta horiek abiapuntutzat hartuz, haien bizitzetako zenbait esperientzia eta pasarte ezagutzeko aukera izango dugu, betiere umorearen eta feminismoaren eraginpean.

Eragin hori saioaren izenburutik beretik nabaritzen da. Guztiaren errudun omen da Yoko Ono. Gizonen musikari talde jenio batzuen bidea zapuztu omen zuen artista abangoardista japoniarrak. Zein erraza eta erosoa den ezbehar guztiak leporatzeko figura bat edukitzea, kasu honetan, kasualitatez, emakume deseroso eta iraultzaile bat. Sortu eta mantendu ditugun mito, estereotipo, tabu eta hesi guzti horiek eraitsi ditzala joko onak.

Herenegungo atal pilotuan hasierak izan zituzten hizpide, metairratigintza ariketa aproposa teloia irekitzeko. Bertan, egongela dotore baten babesean, hasierek sortzen dituzten ezinegon eta beldurrez, musikaren munduan emandako lehen pausoez, iraganeko abestiez, haurtzaroaz eta emakume musikari izateaz aritu ziren, besteak beste. Mamia izan zuen, beraz, lehen solasaldiak, baina onenak etortzeko daudelakoan nago. Izan ere, horrelako formatuek behar dute errodaje puntu bat, konfiantza giroa sortu, soltura hartu eta rolak aurkitzeko. Emakume hauen izaera eta gaitasuna ikusita, harribitxi eder eta beharrezko baten hasieraren aurrean gaudelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.