Jagoba Salvador.
AIRETIK

Aita 'hiltzea'

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Zeharo desberdinak izan arren, nire buruan behintzat lotura bat aurkitu diedan bi vodcast (ikus)entzun ditut pasa den astean. Gaur egun inoiz baino lausoagoak dira, on demand kulturan, telebista eta irratiaren arteko mugak; dena dago nahastuta. Bata dena, bestea ere izan daiteke.

Azken finean, terminologia gorabehera, betikoa da funtsa; jendea hizketan.

Baina ez dezadan haria galdu. Aipatu dudan saioen arteko faktore komun hori aitaren figura da. Alde batetik, Iruñerriko musika eszenaren «eztanda» izan dute hizpide denboraldi honetan estreinatu den Zulora Gazteako eztabaida saioko bosgarren atalean. Benetako loraldia edo sareek puztutakoa? Haustura edo jarraipena? Belaunaldi hau hain desberdina eta berezia al da?Batez ere Chill Mafiak lotsagabe aldarrikatzen duen aita hiltzearen jarrera metaforiko freudianoa musikaren historian behin eta berriz errepikatu da. Nori gustatzen zaio «gurasoen» musika nerabetan? Berpizkundearen bandera hartu eta aurrekoa haustea eta ukatzea, azken finean, idoloak hiltzea, izan ohi da gaztearen grina. Horrela egin du aurrera musikak.

Hala ere, ez da hain erraza gure jatorriari ihes egitea. Azkenean, gurasoengandik gustatzen ez zaizkigun gauzak eta jarrerak errepikatzen bukatzen omen dugu. Batzuetan onartzea zaila den arren, uste duguna baino antzekoagoak gara. Hau ederki irudikatzen du, beste alde batetik topatu dudan Turning the Tables izeneko kateak. Bertan, Conor izeneko gazteak bere disko kuttunak jartzen dizkio Kevin aitari, eta honek, horiek ezagutu gabe, bere irudipenak botatzen ditu entzun bitartean. Ez gehiago, ez gutxiago. Bost hilabetean ia 150.000 pertsonaren harpidetza lortu du formatu xume bezain indartsu honek. Musika eta subjektibotasuna berez lotuta badaude, hau are eta gehiago nabarmentzen da belaunaldi desberdinen arteko saltoa tartean denean. Kasu honetan, ordea, aitak entzunaldian aurreiritzi guztiak alboratzen ditu, eta horri esker sortzen dira elkarguneak. Semeak Pink Floydekin flipatu dezaken bezala, aitak Kanye Westekin. Adina adin, jarrera irekiari eustea da giltza.

Gaztaroan ideia honi uko egin arren, gurasoen eragina nolabait gure egitera kondenatuta gaude. Komeni da, beraz, hau lehenbailehen onartzea eta aita «hiltzen» hasi aurretik elkarrengandik ikasi dezakegunaz jabetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.