ATZEKOZ AURRERA

Gaitasun bera, izen ezberdina

HABEren euskararen gaitasun azterketa egin zuten atzo ehunka lagunek Gasteizen, EGA kendu zutenetik aurreneko aldiz. Bi proben arteko aldeak nabarmendu dituzte.

Hautagaiak azterketa egitera sartzen, atzo, Gasteizen. BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Irazu Rodriguez de Iurre, Haritz; Irazu Artadi, Aitor; Iriarte Martinez, Helene; Iriarte Zaff, Irane; Herizo Arregi, Eider...». HABEren euskararen gaitasun azterketa egingo duten hautagaien izen-abizenak zerrendatzen ari dira arduradunak EHU-ren Gasteizko Elurreta eraikineko ikasgelaren atarian. Zazpi minutu inguru geratzen dira proba hasteko. Iragan ekainean, Eusko Jaurlaritzak EGA Euskararen Gaitasun Agiriaren azterketa kentzeko erabakia hartu zuen, eta harrezkero maila horren gaitasuna frogatzeko egingo diren aurreneko azterketak dira. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EGAren euskara maila bera frogatzen du, orain, HABEren C1ak. Bada, tituluak maila berekoak izanik, bietako bat kentzea erabaki zuen Gasteizko gobernuak, «zerbitzuen bikoizketa» eragotzi eta «kalitatea hobetzeko» helburuarekin.

Ehunka lagunek egin dituzte azterketak. C1az gain, B1, B2 eta C2 mailako probak ere egin dituzte aurrez. C1ari dagokionez, irakurmen gaitasuna neurtu behar izan dute aurrena, testu bati buruzko galderak erantzunez, eta idazmena greo, gutxienez 300 hitzeko testu bat onduz.

EGArekin alderatuta

Azkarrenek bi ordu eskas behar izan dute azterketa egiteko. Iker Sojo izan da horietako bat: «Iaz egin nuen lehen aldiz, eta aurten errazagoa iruditu zait. Gaurkoa gustatu zait, interesgarriak iruditu zaizkit gaiak». Iritzi berekoa da Unai Nuñez ere: «Nire ustez, erraza izan da. Bi astez egon naiz azterketa prestatzen, baina txikitatik ikasi dut euskara. Lehenengo aldiz aurkeztu naiz, eta gainditzeko esperantza daukat, noski». Pozik zegoen egindako lanaz Antton Galarza ere: «Denbora sobera izan dut, eta gustura geratu naiz egin dudanarekin. Bigarren aldiz aurkeztu naiz: iaz EGA eta C1 azterketak egin nituen, baina ez nituen gainditu. C1a errazagoa iruditu zait, halere. EGAren kasuan bi idazlan egin behar dira, eta zailagoa egiten zait idazmena niri».

Hori da, hain zuzen ere, bi azterketen arteko desberdintasunetako bat. Horrez gain, C1ean ez dago atariko probarik, ezta berridazketarik ere. Edonola ere, azterketak azterketa, batzuentzat zaila dena beste batzuentzat erraza izan da. Unai Uraldek, esaterako, nahiago du EGAren eredua. «Aurretik EGA bi alditan egin dut, eta desberdinak dira, hemen ez baitago atariko probarik. Hura gaindituz gero, lasaiago etortzen zinen idazmen probara. EGA errazagoa iruditu zitzaidan niri».

Oro har, baina, egoki iruditu zaie denei bi probetako bat kendu izana. Elena Ciden irudikoz, ordea, erabaki horrek izan du eraginik azterketaren nolakotasunean. Hirugarren aldiz egin du HABEren azterketa, eta «orain arteko zailena» iruditu zaio azken hau. «EGA kendu dutenez, HABEren azterketaren zailtasun maila igo dutela esango nuke». Euskara ez du ama hizkuntza, eta, eskolan ikasi bazuen ere, barnetegi batean izan da hamabost egunez, hizkuntza praktikatzen; ez du azterketa gainditzeko esperantzarik, ordea.

Xabier Zubizarretak, aldiz, esperantza, eduki, badu, baina gainditzea ez da lehentasuna harentzat; zer euskara maila duen jakiteko asmoz aurkeztu da probara: «Aurretik B2 maila egina daukat, eta jakin nahi nuen C1a egiteko adina maila daukadan edo ez». Azterketa nolakoa den jakin nahian aurkeztu da David Cid ere. Emaitza gutxienekoa da harentzat ere; izan ere, kanpora doa bizitzera. Handik bueltan berriz aurkezteko nahia agertu du, nolanahi ere: «Itzultzen naizenean, euskaltegi batean emango dut izena, azterketa ongi prestatu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.