Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Plaza berriak parte zaharrei

'Argia' aldizkariak mendeurren festa ospatu du, Donostian. Ibilbide historikoa egin dute kalez kale, «historia ilunen» eta herritar «ausarten» artean. Deskolonizazioa izan dute abiapuntu.
<em>Argia</em>-ko lankideen sokadantza, atzo, Donostiako Konstituzio plazan.
Argia-ko lankideen sokadantza, atzo, Donostiako Konstituzio plazan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2019ko urriak 13 - Donostia

Gidariak turistei kontatu die gauzak asko aldatu direla Donostian azken urteetan. Haiek, baietz buruarekin. «Lehen, soilik gizonak joaten ziren, eta orain, berriz, edozein». Gastronomia elkarteez ari da, nonbait. Azaldu die elkarteetako kideek euren kabuz prestatzen dituztela otorduak: «Osagai guztiez arduratzen dira». Bisitariek aurrera jarraitu dute, eta libre geratu da Trinitate plazarako sarrera: Informazio burujabetzaz, deskoloniza gaitezen 'Argia'-rekin mezua irakur daiteke han.

Aldizkariaren mendeurren festan elkartu da beste jende multzo bat. Parte Zaharrean barrena abiatu dira plazatik. Txistulariak dituzte gidari; atzetik, Urko Apaolaza historialaria eta Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak. Hirurek kontatu diote jendeari gauzak asko aldatu direla Donostian azken urteetan. Eta asko dagoela aldatzeko oraindik. Ibilbide historikoa egin dute, deskolonizazioaren bueltan.

Apaolazak Valle Lersundi plazatxoan esplikatu du nola 1813. urteko «sutea» gehiago izan zen «sarraskia», Espainiaren aliatu ziren Ingalaterrako eta Portugalgo tropek egina. Dora Salazarren eskulturaz aritu da: «Emakumeek Donostia berreraikitzen lagundu zuten, modu isilean». Gaztelumendik bertsotan erantzun dio: «Asko izango dira/ bertako gehienak/ nor den galdetu gabe/ pasatzen direnak».

Santa Mariaren basilika «esklaboen odolarekin ere egina dago, nolabait». Apaolazak gogora ekarri du euskaldunen eta esklabotzaren «historia iluna». Ilunaren kontrastean, ezkonberrien auto bat zain dago elizaren kanpoan. «Konkistatu eta lotu orduko/ beste bat aldamenean/ lehen jainkoaren izenean zen,/ gaur maitasunarenean», Artetxek.

Fermin Kalbeton kalean, Elvira Zipitriak martxan jarritako ikastola klandestinoaz aritu dira, eta haren atzetik iritsitako «irakasle ausartez». Euskararen egungo egoera hobetzeko beharraz ahaztu gabe, baina. Gaztelumendi: «Baina hobe ahazten/ ez bada sekula/ oraindik gutxituta/ jarraitzen dugula».

Komunitatea sokadantzan

Lasala plazan kantatu dute azken agurra bertsolariek, Indalezio Bizkarrondo Bilintx bertsolariaren izena daraman kalexka «tristearen» ondoan. Poztasuna aldarrikatu du Artetxek: «Segi dezagun festan/ eta pozik, hara/ ze pozik bizitzea/ iraultzailea da».

Iraultzarako grina sumatzen da inguruan, «deskolonizaziorakoa». Lehen urratsa, Konstituzio plazari Plaza Berria izena ezartzea, duela ia 300 urte eraiki zutenean herritarrek jarri zioten hura. Soka luze batek hartu du plaza, Argia-ren komunitateko kideak lotzen dituena, gidari bat mutur bakoitzean. Sokadantza bat, kateak hausteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txalupa uretaratu zutenean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Uretaratze gozo-gozoa

Enekoitz Telleria Sarriegi

Txokolatez egindako 1.500 kiloko txalupa bat itsasoratu dute Pasaiako badian. Albaola Itsas Kultur Faktorian egin dute, Euskal Herri osoko gozogileen artean. Eta bai: flotatu egin du.
Izokin bat, Bidasoa ibaian gora. ©JOSE ARDAIZ GANUZA

Joan-etorriko arrainen balioa

Iker Tubia

Arrain diadromoen onura ekologiko eta kulturalak handiak direla adierazi dute Europako Diades proiektuaren emaitzek. Arrain horiek ibaitik itsasora edo itsasotik ibaira migratzen dute, eta haien populazioak arriskuan daude. Adituek babes neurri «bateratuak» eskatu dituzte.
Natalia Garriga eta Rosa Roma i Monfa, atzoko agerraldian. ©ARNAU PASCUAL / KATALUNIAKO KULTURA DEPARTAMENTUA

Kataluniak ehunka bikoizketa eta azpidatzi emango dizkie plataformei

Jakes Goikoetxea

TV3k bikoiztutako eta azpidatzitako film eta telesailak jartzen ari dira 'streaming' plataformen esku

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...