ATZEKOZ AURRERA

Esku zailduen plaza nagusia

Durangoko «beste» azoka da Euskal Denda: eskualdetik zein Euskal Herri osotik heldutako artisauen erakusleihoa da, eta ia ezinbesteko bisita egunotan herrira bildu direnentzat.

Maite Asensio Lozano.
Durango
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Trintxa egur taularen gainean utzi du Felix Larrañagak, bezero bati azalpenak ematen dizkion bitartean. Arkatzez egindako marrazkietan eta zizelkatutako figuretan antzeman daiteke Zazpiak Bat armarria egiten ari dela. «Hori amaitzeko, bizpahiru egun beharko ditut oraindik». Gaur ere prozesu horren lekuko izateko aukera dute Durangon (Bizkaia) Euskal Dendan sartzen direnek. «Funtsezkoa da jendeak gure lana ikustea eta zailtasunaz ohartzea: prezio puska bat badu, zerbaitegatik du», azpimarratu du Larrañagak.

Euskal Herri osotik iritsitako 52 artisauk osatu dute aurten Euskal Dendaren eskaintza. Merkatu plazako ateak zabaldu eta ordubetera zaila da zeramika, oinetako, ezti, xaboi, zorro, jogurt eta oihal artean arin ibiltzea. «Jende asko mugitzen da liburu azokan, eta ohitura dute gero hemendik pasatzeko», berretsi du Larrañagak. Sartu eta berehala dago haren postua; iazko onena, bisitarien arabera: «Pieza nahiko bereziak izaten ditut bistan».

Esku zailduak ditu, «kristo eginda», eta ez da gutxiagorako, haiekin landu baititu erakusgai dauzkan egurrezko produktuak: sehaska bat, tamaina guztietako kutxak, eserlekuak, Gernika koadroaren zurezko erreplika... Horiek saldu bai, baina batez ere enkarguak lortzen ditu azokan: «Egun, jendeak oso moderno jartzen ditu etxeak, eta halako pieza batek giroa epeltzen du».

Azokan aurrera egin ahala nabaritzen da aurten ehungintzaren sektoreak hartu duela pisua: hamar salmahai dituzte elastikoek, artilezko berokiek, larruzko produktuek eta abarrek. Horietako bat da Gabrek: ia geratu gabe dabil Idoia Gabantxo, berak diseinatutako gonek eta jertseek erakarritako bezeroekin. «Produktu hauek ez daude beste inon». Artisauen lan osoa aldarrikatu du: «Prozesu guztia nik egiten dut lantegian, gai kimikorik erabili gabe, eta lan baldintzak errespetatuz. Durangon kontzientzia handia dago bertan eta eskuz egindako produktuak erosteko».

Dendarik ezean, Internetez jartzen ditu Gabantxok bere produktuak salgai, eta horretarako,ezinbesteko du artisautza azoken bultzada. Plaza garrantzitsua da Durango: «Gure lana ezagutzera emateko modu ia bakarra da. Hona eta Gabonetako azoketara ekarriko dudana prestatzen hilabeteak egiten ditut tailerrean: ekainetik abendura, jo eta su». Pozik dago salmentekin, baina bereziki bezeroekin: «Urtero datozkit, errepikatzen dute, nire zain egoten dira... Eskergarria da».

Anitha Molentzat ere erakusleiho ezinbestekoa da Euskal Denda, baina beren kabuz lortu dute ospea haren bitxiek. Bisitarien harridura eragiten dute tximeleta hegoez egindako belarritakoek: «Tximeleta haztegietatik datoz; hiltzen direnean, hegoak biltzen dituzte eta guk landu egiten ditugu». Produktu originalak egitea du gogoko, eta horregatik saiatzen da material desberdinekin lan egiten: «Paperarekin hasi nintzen, eta orain aluminioarekin ari naiz. Belarritako eta lepoko arinak egiten ditut, erosoak».

Eskaintza berritzailea ekarri du Xaxio Andreanok ere: «Orekarekin zerikusia daukaten produktuak egiten ditugu, baina, gehienbat, surf skate eta patineteak saltzen ditugu». Haien berezitasuna da egurrez egiten dituztela, eta eskuz: «Produktu iraunkorrekin lantzen ditugu: ez dugu lixa beltzik erabiltzen, ezta plastikorik edo disolbatzailerik ere». Lehen urtea du Abian postuak Durangon, eta pozik dago Andreano, jakin-minez sumatu baitu jendea: «Gure produktuak ez dira egunero erostekoak, eta merkatu jakin bat dute, baina gustura gaude. Geure burua ezagutarazteko aukera dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.