ATZEKOZ AURRERA

Kartzelako arte hatsaldiak

Martuteneko kartzelako (Donostia) presoen lanen erakusketa bat zabaldu dute Loiolako kultur etxean. Izurriteagatik zailtasun asko izan dituzte ikastaroekin jarraitu ahal izateko.

Erakusketan ikus daitezkeen lanetako batzuk: apaindutako albumak eta egurrezko kutxak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Itxuraz, beste edozein erakusketaren modukoa izan daiteke: hondarrarekin egindako koadroak zintzilik; ikatz-ziriarekin egindako marrazkiren bat ere bai; zaharberritutako eta apaindutako egurrezko kutxak mahai baten gainean; eta, haiekin batera, marrazkiekin eta ebakinekin dotoretutako albumak, eguneroko gisa baliatzeko, oroitzapenak eta gogoetak gordetzeko.

Donostiako Loiola auzoko kultur etxeko erakusketa, ordea, ez da beste askoren antzekoa: ez lanen egileengatik; ez lan horiek egiteak duen helburuagatik; ez lanak egiteko izan dituzten zailtasunengatik; eta ezta erakusketa bukatu eta gero lanek egingo duten ibilbideagatik ere.

Erakusketako lanak Donostiako Martutene kartzelako presoek egin dituzte. Lan horiek egiteak kartzelako eguneroko gordina ahazten laguntzen die, ordu batzuetan bada ere. COVID-19 izurriteagatik jarduera guztiak bertan behera utzi zituzten, eta zailtasun asko izan dituzte arte eta eskulan ikastaroekin jarraitzeko. Eta, erakusketa bukatutakoan, lan horietako asko senideentzako Gabonetako opariak izango dira.

Loiolako kultur etxera sartu eta aurrez aurre dago erakusketa: Donostia... barrutik. Astegunetan ikus daiteke, 16:00etatik 20:30era, abenduaren 11 arte. Urtero antolatzen du erakusketa Iresgi elkarteak. 1992tik lan egiten du Martuteneko presoekin, jarduera soziokulturalak, lanari lotutakoak eta kiroletakoak eginez. «Kultur etxe bat eta kiroldegi bat gara», laburbildu du, txantxetan, Koro Parederok, elkarteko gizarte hezitzaileak.

Arteterapia hitza erabili du tailerretako lanari buruz hitz egiteko: «Balio die gogoeta egiteko, kartzelatik kanpoko gaiei buruz hitz egiteko, onartuak sentitzeko eta sormena lantzeko. Gainera, pazientzia eta jarraikitasuna behar dituzte».

Aurtengoa ez da erraza izan. Kartzelak berez dira erakunde itxiak, eta izurriteagatik are gehiago itxi zuten Martutenekoa, egun batetik bestera bisean bisekoak eta jarduera guztiak bertan behera utziz. Konfinamendu bikoitza. «Haientzat oso gogorra izan da», Parederoren arabera. «Zerbaitetan aritu behar zuten momentua zen». Pixkana-pixkana lortu dute ikastaroekin jarraitzea, kasu batzuetan presoetako batzuk irakasle bihurtuz, «ahaldunduz».

Ez da barrura begira egindako lana soilik, espetxearentzat eta presoentzat; kanpora, gizartera begira egindakoa ere bada, «ikuspegi positibo bat emateko, bien arteko urruntasuna gutxitzeko».

Hormetatik zintzilik daude ilargia eta eguzkia, planetak, lur koloreko bikote bat, Haizearen orrazia, ekilore bat, lehorreratutako txalupa bat, emakume hegodun bat...

Dotoretutako albumek ebakinak eta itsasgarriak dituzte orri gehienetan. Senideei oparitzeko pentsatuta daude, eta objektu intimoak dira, senideentzako mezu eta guzti: «Maitasunez, zure sentimenik ederrenak idatzi ahal izateko, zure momenturik onenak, zure oroitzapen handienak. Aitak, maitasunez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.