ATZEKOZ AURRERA

Errotak baino gehiago

Gipuzkoako Erroten Eguna aitzakiatzat hartuz, herriko errotak ezagutzeko bisita antolatu dute Zaldibian. Bederatzi errota daude guztira herrian, eta batzuk martxan daude oraindik.

Bisitariak Zaldibiako Olako errota ikusten. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Zaldibia
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Sorginduta egongo balitz bezala dago jendea; zerbaiten zain daudela dirudi. Isilik daude, eta entzuten den bakarra burrunba moduko bat da. Kanpaingo errotak egiten du burrunba hori; artoa ehotzen ari da, irina lortzeko. Halako batean, Mikel Cobos errotariak «begira, irina ateratzen hasi da», esan du, eta guztiak liluraturik gelditu dira. Errotaren zoko guztiak miatzen ari dira bertaratutako batzuk, nola funtzionatzen duen asmatu nahiko balute bezala.

Gipuzkoako Erroten Eguna da, eta Zaldibian (Gipuzkoa) egun hori baliatu dute herriko hainbat errota erakusteko; Kanpaingo errota, Olakoa eta Zubietakoa, hain zuzen. Zaldibian, urte askoan, ura izan da herritarren bizimoduaren ardatza. Garai batean, baserritarrak herriko errotetara joaten ziren zerealak ehotzera, ondoren animalientzako pentsua edo taloetarako arto irina lortzeko. «Harremanetarako gunea» ziren errotak.

Ezagutzen duten historia

Garaiz hasi da ibilbidea herriko plazan, erroten inguruko bideo labur bat ikusi ondoren. Gehienak zaldibiarrak izanda, ezaguna dute herria zeharkatzen duten erreken eta presen historia,eta gidarietako batek bota du gonbidapena: «Seguruenikzuetako batzuek asko dakizuegai honen inguruan; beraz,bota lasai dakizuena». Segituan elkartu dira erroten inguruan zertxobait dakitenak eta errotari ohiak.

Lehenengo geldialdia, Olako errota. Jada ez dago martxan, baina, hala ere, parez pare ireki dituzte ateak bisitarientzat. Taldeko haurrak segituan sartu dira, atzetik gurasoak dituztela: «Ez duzue ezer ikusi behar!», mugikorretako linternak piztu dituzte. Harrituta geratu da Marisa Garmendia errotarekin: «Oso egoera onean dago, nahiz eta ez dagoen martxan. Izugarria da», esan du. Talde osoak errota ikusi duenean, bigarren geltokira abiatu dira denak: Zubietako errotara.

Herriko erdigunetik urruti samar egon arren, euririk egiten ez duenez, gustura doaz bisitariak. Bidean, garai batean urak egiten zuen ibilbidea nolakoa zen imajinatzen ari dira. Zubieta baserriaren alboan zain dago Joxe Ramon Irastorza. Gaur egun martxan dago bertako errota, eta lortzen duen energia etxerako argindarra sortzeko baliatzen du. Harro ematen ditu Irastorzak bere errotaren inguruko azalpenak.

Kanpaingo errotara bizkor doa taldea, hori baita ibilbideko azken geldialdia, eta garrantzitsuena askorentzat. Ateak ireki ditu errotak, eta segituan sartu dira barrura; denak errotaren parean jarri dira. Azalpenen ostean, martxan jarri dute. Burrunba hotsa ateratzen hasi da errota, eta, hari begira, sorginduta bezala gelditu da jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.