Euskara

Hizkuntzen auzia negoziazioen ardatzean

Ikusteko dago Espainiako Kongresuaren Mahaia osatzeko negoziazioen harira iragarritako neurriak noraino iritsiko diren, baina oraingoz balio izan dute berezko hizkuntzen auzia agendaren erdigunera ekartzeko.

Euskara, Europan ofiziala eta Nafarroan ez? lelopean atzo egindako elkarretaratzea, Iruñean. BERRIA.
gotzon hermosilla
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuko Mahaia aukeratzeko negoziazioek erdigunean jarri dute hizkuntzen auzia, eta JxC eta ERC alderdi katalanek hartaratuta, Espainiako Gobernuak zenbait neurri iragarri ditu, horien artean Europako Batzordeari eskatzea euskara, katalana eta galiziera ofizial izan daitezela Europako erakundeetan. Ikusteko dago iragarritako neurri horiek noraino garatuko diren eta nolako eragin praktikoa izango duten, baina behintzat orain artekoak balio izan du berezko hizkuntzen auzia agenda politikoan bete-betean jartzeko.

Iragarritako neurrietatik, euskara Europako erakundeetan ofiziala izateko eskaera da esanguratsuena. EAJk Europako Parlamentuan duen ordezkari Izaskun Bilbaok ontzat jo du neurria, baina esan du «bultzada horrek askoz lehenago» iritsi behar zuela: «Europako Batasunaren lurraldearen zati batean ofizialak diren hizkuntzak aintzat ez hartzeak herritarrak diskriminatu eta haien eskubideak urratzen ditu».

Eurodiputatuak espero du Europako Batasuneko kide diren estatuek ez diotela trabarik jarriko aintzatespen horri: «Norbaitek egingo balu, azaldu beharko luke zergatik defendatzen duen Oinarrizko Eskubideen Europako Gutuna ez betetzea».

Paul Bilbao Euskalgintzako Kontseiluaren idazkari nagusia izan zen 2010etik 2022ra. Gogorarazi duenez, Kontseiluak aspalditik egin ditu horrelako eskaerak, batez ere Europako Konstituzio Itunari buruzko erreferenduma egin zenean, 2005ean: «Aldarrikapen historikoa izan da hizkuntzen erabilera arautzen duen 1/1958 erregelamenduan euskara ere berariaz jasotzea».

Dioenez, orain eskaera egin izana «oso positiboa» da, baldin eta horrek «ibilbide naturala» egiten badu. Proposamena onartuz gero, horrek ahalbidetuko luke euskaldunek Europako instituzioekin euskaraz jardun ahal izatea, baina Bilbaoren ustez, hori ez litzateke ondoriorik nabarmenena: «Azken finean, herritarrok gure bizitzan oso gutxitan jotzen dugu Europako instituzioetara».

Bilbaoren aburuz, beste batzuk izan daitezke horrelako neurri bat onartzearen onurak: «Europak antolatzen dituen Eramus, Sokrates eta antzeko hezkuntza programetan eragina izan lezake. Bestalde, produktuen etiketetan, botiken jarraibideetan eta antzekoetan ere euskara sartzeko aukera zabal lezake. Orain arte, alor horietan aurrerapausoak ez emateko erabili den aitzakia izan da horiei buruzko oinarrizko arauak Europatik datozela. Erregelamendu horretan euskara sartuta, eta hori egoki kudeatuta, ateak zabaldu ahal dizkio euskararen presentziari».

Izan ere, hori da gakoetako bat: euskara Europako instituzioetan ofizialtzat aitortuz gero, horren kudeaketa egokia egiteko borondate politikorik egongo ote den, edo dena keinu sinboliko hutsean geldituko den. «Hizkuntzen aferan, orain arte EBren jarrera izan da auzi hori etxeko arazotzat jotzea, eta estatuek etxe barruan konpontzen ez dituzten arazoak Europara ez eramatea», azaldu du Bilbaok. «Badaude berezko hizkuntzak dituzten beste estatu batzuk ere, eta, agian, Espainiakoak ate hori zabaltzea kezkaz ikus dezakete beste batzuek». Europako Batzordeak irailaren 19an egingo du hurrengo bilera, Bruselan, eta bilkura horretan ikusiko da estatuek nola hartzen duten Espainiaren eskaera.

Kongresuan euskaraz

Beste iragarpen bat ekarri zuen Espainiako Kongresuko Mahaia osatzeko herenegungo saioak: Kongresuko presidente berri Francina Armengolek adierazi du baduela asmoa ganbera horretan euskararen, katalanaren eta galizieraren erabilpena baimentzeko. Berez, ez dago Kongresuan euskara erabiltzea debekatzen duen araurik, baina praktikan orain arteko presidente guztiek moztu egin dituzte gaztelania ez den beste hizkuntza batean egindako hitzartzeak, eta arautegian eskubide hori jasotzeko orain arte egindako ahalegin guztiek porrot egin dute.

SER irrati kateari emandako elkarrizketa batean, Armengolek iragarri du bere asmoa dela aukera hori «albait arinen» gauzatzea, eta horretarako bilera sorta egingo duela talde parlamentario guztiekin «adostasuna» lortzeko hori aurrera eramateko moduaren inguruan. Halaber, neurriak ekar ditzakeen «beharrizan teknikoen inguruan» ere azterketa egingo dute.

Paul Bilbaok «keinu gisa» ulertzen du neurria, baina ez du uste euskaraz bizi nahi duten herritarrei aparteko ezer ekarriko dienik: «Beste lehentasun batzuk ditugu, eta botere legegileak baditu beste hainbat eskumen, gure hizkuntzetan bizi nahi dugun herritarren eskubideak bermatzearen aldeko neurriak hartzeko».

Hizkuntzaren arloko beste neurri bat ere badago, hirugarren: ERCk hitzartu du PSOErekin euskararen, katalanaren eta galizieraren erabilpena sustatzea justizia administrazioan eta estatuaren administrazio orokorrean, eta horretarako lege organiko bat egiteko aukera ere aipatu dute.

Oraindik ez dago datu askorik proposamen horren inguruan, eta horretaz zuhur mintzatu da Bilbao, baina gogorarazi du euskalgintzaren irizpidea beti izan dela hizkuntzaren gaineko lege bat egin ordez, euskara zehar lerro gisa txertatzea legeria osoan: «Badaude estatuaren hainbat lege, hizkuntzaren ikuspegitik aldaketak beharko lituzketenak».

Kontseilua, zuhurtziaz

Kontseilua ere zuhur agertu da herenegungo iragarpenen aurrean. Kongresuan euskara erabiltzeari «berandu datorren aurrerapauso txiki» deritzo, «eragin sinbolikoa duena, erreala baino gehiago». Aldiz, euskara EBn ofiziala izateak «eragin positiboa» izango luke, baina Kontseiluak gogorarazi du oraingoz estatuek onartu beharreko proposamena baino ez dela. Kontseiluaren ustez, «euskararen biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldia etetea» da oraingo lehentasuna.

Iragarritako neurri guztiak JxC eta ERC alderdi katalanen eskutik etorri dira: «Kataluniako alderdiek haien artean desadostasun handiak dituzte, baina negoziazio hauetan bi-biek jarri dute erdigunean hizkuntzaren auzia», esan du Bilbaok. «Nahiko nukeen hori gertatu izan balitz, adibidez, Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.