AHTaren lurperatzea Gasteizen: argi-ilunak

Hiriburuko sarbiderako proiektua aurki lizitatuko dutela iragarri du Gorka Urtaran alkateak. Gasteizen trena lur azpitik joateko egitasmo ugari izan dira azken urteotan, baina denak ezerezean geratu dira.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, trena lurperatzeko egitasmoaren aurkezpenean, 2019an. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Urteetan ez aurrera ez atzera egon ondotik, azeleragailua zapaldu duAHT abiadura handiko trena Gasteizen sartzeko proiektuak. Bai, bederen, agintarien adierazpenei erreparatuz gero. Lurperatzeari buruzko iragarpenak bata bestearen atzetik etorri dira azken asteotan: EAJk abenduan iragarri zuenEspainiako Gobernuarekin akordioa lortu zuela abiadura handiko trena Bilbora eta Gasteizera lur azpitik sartzeko eta lan horien kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak berriki jakinarazi du aurki lizitatuko dituztela Gasteizko sarbiderako proiektuaren obrak. Agintarien adierazpen triunfalistetatik harago, baina, argi-ilun ugari ditu lurperatze proiektuak. Instituzioen artean ika-mika politiko franko piztu dituzte trenaren ibilbideak, gainkostuek, kudeaketak eta obren epeetan izandako atzerapenek, eta Gasteizko bizilagunen artean, berriz, errezelo eta kezka ugari sortu dira.

Gasteizko trenbidea lurperatzeko asmoa ez da gauza berria: 50 urte baino gehiago daramatza hiriak bere trenbidearekin zer egin aztertzen. Hiria aldez alde erdibitzen du trenbideak ia zazpi kilometroko luzeran, hegoaldeko auzoak fisikoki baztertuta, eta azken hamarkadetan ugariak izan dira arazoari konponbidea emateko saioak. Porrot egin dute denek, ordea. 2009an, AHTa hiriburura iristeko egitasmoak lehen lerroan jarri zuen berriro afera. Instituzioak orduan hasi ziren trenbidea lurperatzeko aukerak aztertzen, eta onetsi egin zituzten zenbait proiektu, baina batek ere ez zuen aurrera egin.

AHTa Gasteizko tren geltokiraino lurperatzeko egun dagoen proiektua 2019ko urtarrilean zehaztu zuten Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuak, artean Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Sustapen ministroa zela. Lanek 724 milioi euroko aurrekontua izango zutela iragarri zuten orduan, eta obren amaiera data ere finkatu zuten: 2023. urtea. Haatik, ez bata ez bestea ez dira beteko. Batetik, obren kostuak nabarmen igoko dira: Gasteizko sarbidea eraikitzeak gutxienez872,2 milioi euroko kostua izango du, hasiera batean iragarri baino 150 milioi gehiagokoa. Bestetik, lanak amaitzeko epeak behin eta berriz atzeratu dituzte: orain diote 2026. urtearen amaierarako edo 2027aren hasierarako egongo direla amaituta.

Auzo berrietan, lur gainetik

AHTaren egungo lurperatze proiektuak zehazten du trena hirira sartzeko hamalau kilometroko obrak egingo direla, horietatik 3,6 kilometro lur azpitik. Trenbidearen lurperatzea, beraz, ez da erabatekoa izango; hiriaren erdialdetik lur azpitik joango da, eta lur gainetik Salburua eta Zabalgana auzoetan. 2010ean onetsitako proiektuak, ordea, 6,8 kilometro aurreikusten zituen lurpetik, auzo berriak barne harturik.

Hain justu, trenbidea lurperatzeko lanetan auzo horiek kanpoan uzteak kezka piztu du bizilagun askoren artean, eta Gasteiz Batu plataformaren barruan antolatu dira egungo proiektua geldiarazteko eskatzeko. 11.400 alegazio aurkeztuak dituzte Espainiako Gobernu Ordezkaritzan, besteak beste eskatzeko ez dadila onartu proiektuaren ingurumen inpaktuaren azterketa. Auzokideak kezkatuta daude azalean doan bidaiari eta zama trenen kopurua ugaritzeak zarata eta bibrazioak handituko dituelako, eta arazo hori murrizteko sei metrorainoko panelak ezartzea proposatzen delako proiektuan.Azken asteotan, plataformakoak hainbat batzar ireki antolatzen ari dira auzo batzuetan, lurperatze proiektuari buruzko zalantzak argitzeko, eta kezkatuta agertu dira AHTak hirian izango duen eraginagatik. Ezinbestekotzat jotzen dute eztabaida herritarrei zabaltzea. «Hiriaren etorkizuna baldintzatuko duen egitasmo bat da, eta egungo proiektuak auzoen arteko arrakala handitzea ekarriko du», adierazi dute plataformako kideek.

Auzo berrietan ez ezik, hiriaren erdigunean ere eragina izango du AHTaren sarbideak, egungo proiektuaren arabera. Dato kaleko geltokia lurperatu egingo da: lurraren arrasean kristalezko eraikin bat gehitu nahi diote geltokiari, baita tranbiaren geltoki bat ere.Gasteiz Batuk salatu du tunelak etxebizitzetatik hamar metrora eraikiko direla, baina ingurumen eraginari buruzko azterketarik ez dela egin. Halaber, lurperatzeak 90.000 metro koadro libre utziko ditu, horietatik 44.000 geltokiaren ingurunean, baina horien balioa eta Gasteizko Udalak hutsik geratuko den korridorean egin nahi duen proiektua zehazteko daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.