Ibilbide zaila egin behar izaten dute indarkeria matxistaren zikloa atzean uzteko erabakia hartzen duten andrazkoek. Nekeza izaten baita bortxa fisikoaren, psikologikoaren edota ekonomikoaren infernutik irteteko urratsa egitea, areago babes sozial eta instituzional nahikorik ez badute jasotzen. Egoera askoz ere konplexuagoa eta dramatikoagoa izaten da landa eremuko herri txikietan bizi diren emakumeentzat: ezkutuago dago haien errealitatea, besteak beste baliabide urriagoak dituztelako egoera horiek atzeman, salatu eta ikusarazteko.
Joan den astean Aguraingo Udalak bortxa matxista atzean utzi duen emakume baten kasuaren berri eman eta babesa emateko elkarretaratze batera deitu zuen. Herriko alkate Raul Lopez de Uraldek, udal bando baten bitartez, udalerriko emakumearen kasua ezagutarazi zuen: «Beste behin ere, Aguraingo emakume batek erabaki du duela urte batzuk jasaten ari zen indarkeria egoera amaitzea. Indarkeria fisikoa, psikologikoa eta ekonomikoa, hain zuzen ere». Mugimendu feministak andrazkoari babesa emateko bilkurara deitu zuen ostiralerako Aguraingo San Juan Plazan, eta udalak ere mobilizazioarekin bat egiteko dei egin zien herritarrei. «Emakumearen ausardiari balioa eman nahi diogu, aspalditik bizi zuen indarkeria zirkulua apurtzeko urrats hori egiteagatik», adierazi zuen alkateak.
Aguraingo Udalak adierazpen instituzional batean elkartasuna adierazi zion emakumeari eta haren sendiari: «Ez zaude bakarrik», gogorarazi zioten. Herritarrei, berriz, zera eskatu zien: bortizkeria matxistaren aurkako konpromisoari eusteko, eta «erne jarraitzeko» biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeen eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten.
Horrelako kasuei «ikusgaitasuna» ematea funtsezkoa dela uste du Clara Afonso Undabarrena Aguraingo Udaleko Berdintasun teknikariak, eta azaldu du hala dagoela jasota lautadako kuadrillak 2018an ondutako indarkeria matxistaren aurkako protokoloan. Jakinarazi duenez, Araba osoan ez dago antzeko ezaugarririk duen udal protokolorik. Instituzioek, oro har, hilketa matxistak izaten direnean deitzen dute protestetara, baina Arabako kuadrilla osatzen duten udalerriek urrats bat harago egin nahi dute: «Gure asmoa ez da bakarrik indarkeria matxista salatzea, baizik eta bortxa hori prebenitzea eta ikusaraztea». Eta hori dena mugimendu feministarekin elkarlanean egiten dute.
Berdintasun teknikariaren hitzetan, biktimen baimenarekin bakarrik egiten da salaketa publikoa. «Andreek beraiek izan behar dute protagonista, hala nahi badute. Eta erakundeen betebeharra da biktimei bitartekoak eta babesa ematea».
Landa eremuan, zailago
Aguraingo Udaleko berdintasun teknikariak ongi daki indarkeria matxista atzean utzi duten andreentzat ez dela samurra izaten bizitakoa publiko egitea: «Hasiera batean oso gogorra izaten da haientzat, erabaki asko hartu behar dituztelako. Egoera baretzen denean eta euren burua prestatuta ikusten dutenean eskatzen dute babesa».
Salatzeko urratsa egiten duten emakume asko herri txikietan bizi dira, eta horrek berarekin dakartza indarkeriatik irteteko eta arreta sareko baliabideak eskuratzeko «oztopo gehigarriak», Afonsok ohartarazi duenez. Izan ere, landa eremuan bizi diren emakumeek «kontrol sozial» handiagoari aurre egin behar izaten diote, eta «birbiktimizazio» prozesuetan murgiltzeko aukerahandiagoa dute. Hargatik, haienanonimotasuna eta pribatutasuna errespetatu egiten dituzte.
Urtean indarkeria matxistako 30 bat kasu izaten dira kuadrillan, baina biolentzia pairatzen duten andre guztiek ez dute bide bera egiten: emakume batzuek gizarte zerbitzuetara jotzen dute laguntza eske, baina ez dute salaketarik aurkezten; beste batzuek, aldiz, salaketa jartzen dute, baina ez dute gizarte zerbitzuen laguntza galdegiten.
Beste emakume batzuek gizarte zerbitzuei laguntza eskatu eta salaketa jartzen dute, eta kasu horietatik gutxi batzuk —lau edo bost emakumek— erabakitzen dute bizi izandakoa jendaurrean salatzea, hots, indarkeria matxista agerian uztea. Kasu horiek «balio handia» dutela azpimarratu du Afonsok, baina «icebergaren punta bat» baino ez direla gogoratu du.
Bortxa matxistarekin hautsita, elkartasuna
Indarkeria matxista atzean utzi duen emakume bati babes publikoa agertu diote Aguraingo Udalak eta mugimendu feministak. Protokolo batean jasota dute horrelako kasuak «ikusaraztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu