Urrats bat Erizaintza euskalduntzeko bidean

NUPeko Erizaintzako graduko lehen seihilekoa euskaraz eskainiko dute heldu den ikasturtetik aitzina. Eragileek uste dute urrats bat dela, baina urrats ttipia oraino. Plangintza osoago bat behar dela erran dute.

Erizaintza euskalduntzeko egindako agerraldi bat, Iruñean, 2018ko urtarrilean. IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Orain arte hiru ikasgai ja baziren euskaraz, eta gehitu dituztenak bi izan dira. Pauso bat da, eta pozik gaude, baina ez da hain urrats handia». NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erizaintzako lehen mailaren erdia euskaraz jarriko zutela iragarri zuten joan den astean: alegia, gradu osoko seihileko bat. Azken urteetako borrokaren ondorio dela uste du Irati Juaristi Erizaintzako ikasle eta Osasun Fakultateko euskara taldeko kideak: «Egin ditugu sinadura bilketak, arduradunekin eta irakasleekin-eta bildu izan gara graduetan euskarazko lerroa gehitzen edo zabaltzen saiatzeko...». Poztu ditu albisteak, baina ez ospatzeko bertze. «Lehenengo seihileko osoa dago momentuz, baina, gero, gradu guztia erdaraz da».

AET Administrazioan Euskaraz Taldearen idatzizko eskaera bati esker jakin dute euskalgintzako eragileek eta ikasleek Erizaintzako lehen seihilekoa euskaraz jartzeko erabakia hartu duela NUPek. Izan ere, AETri erantzunez eman du NUPeko Irakaskuntzako errektoreordeak erabakiaren berri, eta AETri eskatu dio gainontzeko eragileei abisatzeko. AETk salatu duenez, hain justu, haien bidez baino ez dute zabaldu berria, eta «zeharkako iragarpena» izan da, beraz. «Ingelesezko eskaintza harroago zabaltzen dute. Horrela egin badute, euskararen gaia oraindik tabu modura bizi dutelako da», salatu du Joseba Otano AETko kideak. Heldu diren urteetarako asmoak ere biltzen ditu NUPek AETri bidalitako idatzi laburrak: «Errektoretza taldearen nahia da graduaren gainerakoa euskaraz ezartzen aurrera egitea». Ez du zehazten eperik, ez ikasgai kopururik.

Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kidearen ustez, hori da NUPen euskarak duen arazo nagusia: plangintza falta. Gaur egun, Haur eta Lehen Hezkuntzako graduak dira osorik euskaraz ikas daitezkeen gradu bakarrak, eta, bertze guzietan, izatekotan, ikasgai batzuk baino ez. Erizaintzan euskara gehiago sartzeko eskaera 2017 inguruan antolatzen hasi ziren, Petriatik azaldu duenez: hain justu, NUPek euskara plan bat egin zuenean. «2017ko abuztuan aurkeztu zuten plana, eta oso eskasa zen: azaltzen zen euskara eskaintza handitzeko kreditu kopuru bat, baina ez zen zehazten zergatik kopuru hori. Ez zen arrazoitzen; ez zen esaten zer ikasketatan izango zen hazkunde hori; zer epetan eginen zen ere ez; eta zer baliabide eskainiko zitzaizkion, are gutxiago». Sindikatuak, ikasleak eta euskalgintzako kideak elkartu, eta Erizaintzarekin saiatzea erabaki zuten, «baldintzak» onak zirelako: «Erizaintzako ikasleen erdiak baino gehiago euskaldunak ziren, eta irakasle batzuk ere bai».

Protesta eta bilera ugari egin zituzten 2018an: Erizaintza euskalduntzeko taldearen aurkezpena, bilera bat Nafarroako arartekoarekin, lan saio bat Nafarroako Parlamentuan, bilkura bat NUPeko errektorearekin, ikasleen sinadura bilketa... Aurten ere bildu dituzte izenpedurak, Juaristik azaldu duenez. «Osasun Fakultateko 146 ikasleren sinadurak jaso genituen. 120k esaten zuten euskaraz ikasiko luketela aukera emanez gero». Gaur egungo kopuruak ere adierazgarriak dira, Juaristiren ustez. «Aurten ikasleen erdiek egin ditugu hiru ikasgai horiek euskaraz. Erizaintzako graduan, maila bakoitzean, gutxi gorabehera ehun pertsona gaude, eta ikasgaiak euskaraz egin ditugu 45-50 inguruk».

Petriatiren eta Juaristiren ustez, egindako lan horren guztiaren «emaitza» izan da lorturikoa: «Zalantzarik ez dago orain egin den urrats hori ikasleek egin duten ahaleginaren ondorioa dela», azaldu du Petriatik. «Egin den lana ez balitz egin, unibertsitateak ez luke egin duen urrats hau egingo». Iritzi berekoa da Amaia Muela Aguado Erizaintzako ikasle ohia ere, duela bi urte Erizaintza euskalduntzeko borroka abiatu zuen ikasle taldeko kidea: «Uste genuen ezezkoarekin geratuko ginela, eta, azkenean, bat-batean, egindako lanak fruituak eman ditu». Ikasketak jada bukatu baditu ere, «poztasuna eta ilusioa» sortu dizkio albisteak, eta uste du «aurrerapauso inportantea» dela, nahiz eta «asko» geratzen den egiteko. Duela urte bat bukatu zuen gradua Muelak. «Gu hasi ginenean, ikasgai bat eta erdi baino ezin genuen egin euskaraz». Pozik dago bilakaerarekin.

Gero euskaraz zaintzeko

Erizaina da gaur egun Muela, eta Iruñean dago lanean, osasungintza publikoan. Ez da ona egoera Osasunbidean ere, baina pixkanaka aurrera doala dio: «Berriak garenekin, ikusten da euskara badugula oso egunerokoan». Ezinbertzekotzat jo du gradua euskaraz egiteko aukera edukitzea, osasungintza euskaldunduko bada. «Publikoan egonda, behar bat da bakoitzak bere hizkuntzan hitz egitea, eta, Nafarroa izanda, eta jakinda euskaldunak bizi direla hemen, nola ez dugu zerbitzu hori euskaraz emango?». Juaristik ere nabarmendu du euskaraz ikastearen garrantzia osasunean eragiteko: «Guk euskaraz ikasteak esan nahi du bermatuko dugula euskaraz izatea arreta hori». Aurkakoak arazoak ekar diezazkiekeela uste du: «Erdaraz ikasteak zailtasun batzuk dakarzkigu arreta euskaraz emateko orduan». Petriatiren ustez ere, Nafarroako osasungintza euskalduntzeko bidean garrantzitsua da NUPen euskaraz irakastea. «Unibertsitatean egiten diren urratsek eragin zuzena izango dute osasun asistentzian ematen den zerbitzuan. Profesional euskaldunak sortzen baldin badira, baldintza hobeak sortuko dira gero pazienteari zerbitzu egoki bat emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.