Arrauna

Bakarra geratuko da

Euskotren ligako azkeneko bi estropadak izango dira gaur eta bihar, Zarautzen. Tolosaldea edo Donostiarra joango da jaitsierako kanporaketara. Donostiako taldeak bi puntu gehiago ditu. Itsaso txarra dago iragarrita; batez ere, gaurko.

Donostiarra, Hondarribiko estropada hasi aurretik. A. ARRIZABALAGA / TKE.
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Txapelduna badauka aurtengo Euskotren ligak: Orio. Bigarren sailkatua ere bai: Arraun Lagunak. Ez, ordea, hirugarren eta laugarren sailkatuak: Donostiarra edo Tolosaldea. Postuaren ezbaia baino sakonagoa da auzia. Izan ere, ligako laukotean azkena egiten duenak jaitsierako kanporaketa jokatu beharko du, iraileko hirugarren asteburuan. Donostiako taldeak bi puntu gehiago dauzka Tolosakoak baino, eta gaurko estropada eta biharkoa baino ez zaizkie geratzen. Zarautzen erabakiko da auzia, hortaz.

Oraingo koskaren oinarrian datu hauek daude: hamabi jardunaldi jokatu dituzte ligan, eta Donostiarra zazpi bider geratu da hirugarren; bost aldiz laugarren edo azkenengo. Tolosaldea, alderantziz: bost bider hirugarren, eta zazpitan laugarren. Bi taldeen emaitzen bilakaera ikusita, behetik gora dator azken sailkatua, azken sei jardunaldietatik lautan sartu delako Donostiarraren aurretik. «Borrokan gaude, eta hori nahi genuen», esan du Malen Oiarzabal (Villabona, Gipuzkoa, 1999) Tolosaldea taldeko arraunlariak. Lehia horretatik aparte egon nahi luke Nerea Perezek (Tolosa, Gipuzkoa, 1997), Donostiarra taldeko patroiak, baina horrek ez du esan nahi konfiantzaz urri daudenik: «Jo eta ke gabiltza». Horregatik eman dio balioa asteazkenean Donostian bandera irabazi izanari, festetako estropadan: «Aurreko igandeko lan txarrari buelta eman genion. Entrenamendu gisa hartu genuen».

Asteko lan saioetan ikusten den taldea eta aste bukaerako estropada batzuetan ikusi dena ez datoz bat, Perezen hitzetan: «Entrenatzen, arraunean egiteko gure erari ondo heltzen diogu, baina lehian, ez. Urduritasuna den edo presioa...». Beste aldarte batean dabiltza Tolosa aldekoak, Oiarzabalek esandakoaren arabera: «Ikusten zen hasi aurretik ere behetik gora joango ginela. Igo berriak gara, eta lehen urtea dugu liga nagusian. Konfiantza hartzeko denbora behar genuen, eta orain badugu. Oso pozik gaude gure bilakaerarekin».

Behetik gorako bide horretan, mugarri bat izan zuen bi talde horien arteko lehiak. Bederatzigarren jardunaldian, Donostiarrarekin puntu bakarraren aldea izatea lortu zuten Tolosaldekoek, eta hamargarrenean, aukera izan zuten aurkaria harrapatzeko edo gainditzeko. Baina, Getarian, Donostiarra sartu zitzaion aurretik; baita Ondarroan ere, gero. «Harrapatu edo atzeratu zen kontua, eta atzean geratu ginen, baina, azkeneko estropadan, Castro Urdialesen, muturra sartu genien, eta bizirik heldu gara azkenera».

Perezek ere ondo asko eginda dauzka kontuak, baina jarri dio ñabardura bat oraingo sailkapenari: «Tolosaldea taldeak gora egin duela onartuta, eta talde guztiak asko ibiltzen direla garbi utzita, uste dut opari handiak egin dizkiegula, ez baitugu asmatu gurea egiten». Goragoko taldeekin izandako lehia ere aipatu du: «Arraun Lagunak taldetik oso segundo gutxira geratu gara batzuetan, baina ez gara gai izan aurrea hartzeko».

Horrek, gazi-gozo kutsua ematen dio denboraldiari: «Helburua mailari eustea da, eta, lortzen badugu, primeran. Baina alde handiagoa atera geniezaiokeen Tolosaldeari». Perezek ez du kanporaketan egon nahi: «Horrek sortzen duen kezkari izkin egitea lortzen badugu, ondo».

Itsaso txarra epaile?

Gaurkoari eta biharkoari begira ari direla, itsasoaren partea aipatu behar ezinbestean: txarra dago iragarrita gaurko, ia bi metroko olatuekin eta haize indartsuarekin. Biharko ere, metro pasakoa olatuak iragarri dituzte: Oiarzabal gustura da, sailkapena irauli behar dutenez uste baitu zenbat eta baldintza txarragoak orduan eta hobe izan daitekeela: «Atzetik aurrera egin nahi dugunez, ondo. Gainera, ondo moldatzen ari gara itsasoan». Perezek beste uste bat dauka: «Itsaso horrekin edozer gerta daiteke, eta puntu gutxi daude tartean». Garbi utzi du gakoa zein den horrelako baldintzetan: «Itsaso txarrarekin, asmatzea da ezinbestekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.