Arrauna

Uste baino nekezagoa

Eusko Label ligako sailkapena: Ondarroa azken-hirugarren. Ez ziren horiek aurreikuspenak uda aurretik. Hobetzen ari direla dio, hala ere, Iñaki Errasti entrenatzaileak, eta arraunlariak goratu ditu: «Dena ematen ari dira».

Ondarroako hainbat arraunlari lehertu beharrean, aurreko larunbatean, Hondarribiako estropada bukatu eta segituan. AITOR ARRIZABALAGA / TRAINERUEN KLUBEN ELKARTEA.
Aitor Manterola Garate.
Aginaga
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Presa betean dator Iñaki Errasti (Aginaga, Gipuzkoa, 1979) bere herriko pilotalekura. «Lanean nahiko lan, eta orain Ondarroara noa, hau bukatzean», esan du klubeko furgonetatik jaistearekin batera. Hau BERRIArekin duen hitzordua da.

Eta bere buruan dabiltzanak hau, hori eta hura dira. Dena, azken batean. Dena ura, dena trainerua, dena arraunlariak, dena materiala, dena neurriak, dena aurkariak... Eta taldean izan dena edo izan dutena zorte onaren kontrakoa da. Lesioz mozorrotutako desditxa. Noiz eta ekaina aldean, Eusko Label liga hasi bezperatan. «Pare bat arraunlari erori zitzaizkidan, biak istriborrekoak». Baina aitzakiarik ez: «Hala ere, aurreikuspenetan ez zegoen orain azken-hirugarren egotea, eta liga nagusitik behera ez joateko borrokan ibiltzea. Bigarren txandan ibili nahi genuen».

Menderatzen ez den eragile gaizto horrez gain, norberaren esku ez dagoen beste ere batu zaie udan: «Atzeko borrokako taldeen maila hobetu egin da aurreko urteekin alderatuta, eta parekotasun handia dago. Lehen txandako irabazlea gai da postu ona lortzeko, eta horrek sekulako puntu eta postu dantza eragin du».

Badira beste eragile moldakaitz batzuk talde baten talaiatik begiratuta: kale zozketa, txanden arteko eguraldi aldaketa eta abar. «Aitzakiarik ez dugu jarri kontu horietan», esan du irmo Errastik. Beren ahalmenetan daukate jarrita arreta, berak dakienean. Beren esku dauden eragileetan, azken batean. Eta, emaitzak emaitza, Ondarroan egindako aurreko lau denboraldietako bidetik ez da atera: «Ez naiz zoratu. Badakit zein diren nire ideiak, eta badakit,lehen ondo atera ziren bezala, orain ere aterako direla. Mutilei [arraunlariei] esaten diet ez naizela gauzak kolpetik aldatzen hasiko».

Horrek ez du esan nahi, ordea, egin duen guztia ondo egin duenik: «Autokritikoa naiz». Adibide zehatz bat eman du: «Estropada batean, hirugarren luzean, ez genuen asmatu, neuk taldean ezarri nuen garapena ez zelako egokia izan neurri aldetik». Ondarroaren ibili ezohiko honen ardura bere gain hartzen ari da, neurri batean, garbi baitauka arraunlarien balioa: «Ezin diet gehiago eskatu. Dena ematen ari dira estropada guztietan».

Espero ez zuen tokian dabilen taldea izanik, gertatzen da horrelakoetan konfiantza galtzea, nork bere buruarengan, taldekidearengan, entrenatzailearengan... Ez ei da hori Ondarroaren kasua: «Taldea ondo dago animoz. Konfiantza daukate, eta uretara ateratzeko sekulako gogoarekin segitzen dute arraunlariek». Alde dituela gehitu du: «Nirekin daudela sentitzen dut, konfiantza izaten segitzen dutela».

Ez da lagun txarra traineruan sartu eta «gerrara» joateko, Errastik aurtengo lehia definitzeko darabilen hitza ekarriz. Konfiantzarekin jarraitzearen oinarrian litekeena da bi egoera hauek egotea: «Batetik, taldeak azkar barneratu zuen zein izango zen gure lehia. Lehenengo asteburuan ikusi genuen [10. eta azkena egin zuen]. Bestetik, ikusten ari gara hobetuz goazela, eta emaitzak ere badatoz. Seigarren izan ginen aurreko larunbatean, udako posturik onena lortuz».

«Ez gaude urruti iazkotik»

Bilakaera on horri segida egokia emateko aukera dauka gaur bertan, non eta herrian, etxeko estropadan. «Berezia» izaten dela dio Errastik. Bestelakoan, betiko filosofiarekin aterako direla gaineratu du: «Astero gabiltza segundo gutxiren barruan hainbat talde. Taldean sentitzen dut gogoa kirol mendekua hartzeko, eta gauzak ondo egiteko. Txanda irabazteko gai gara, besteak bezala, eta sekulako lehia izango da». Igarle lanak egin ditu: «Gure txandako irabazleak atzetik utziko du bigarrengoko bat. Berriz ere puntu dantza izango da».

Iaz zortzigarren egin zuen herriko estropadan, eta iazko lana osotasunean hartu du entrenatzaileak, aurtengoa bere lekuan jartzeko: «Ez gara gure maila ematen ari, baina ez gaude iazkotik hain urruti». Lehenagoko lanei balioa ematen ari dela dio: «Asko ari naiz ikasten aurtengo udan, eta balioa ematen ari naiz aurreko denboraldietako lan onari. Uste genuen normala zela arazorik gabe mailari eustea, baina hau goi maila da».

Balioa duen bezala kontratua berritu izana datorren urterako aurtengo uda aurretik: «Hitz eginda dago, baina ez dut burua horretan». Aitortza zintzoa egin du Ondarroara abiatu aurretik: «Arraunlariak ez baleudeke nire alde, batere arazorik ez nuke jarriko albo batera geratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.