Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: azken etaparen kronika

Bakarrik eta libre doa

Erlojupeko saio bikaina eginda, Alberto Contadorrek hirugarrenez irabazi du itzulia; espero bezala, Tony Martin izan da nagusi etapan

Alberto Contador (Tinkoff-Saxo), ahalegin betean, helmugara iristear, atzo, Markina-Xemeinen (Bizkaia). MIGUEL TOÑA / EFE.
unai zubeldia
Markina-Xemein
2014ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Bakarrik eta libre badoa...». Imanol Urbietak kantari jarri zuen Euskal Herri guztia. «...Bakarrik eta libre gaztea. Poltsikoan eskuak, oinak arrastaka. Luzea da bidea». Gazteena izanda dago Alberto Contador (Tinkoff-Saxo), baina bakarrik doa. Berriz ere bakarrik doa. Iragan ez urrunean, ibili da oinak arrastaka. Baina bi eskuak poltsikoan sartuta irabazi du, hirugarrenez, Euskal Herriko Itzulia. Aspaldiko alderik handienarekin. «...Luzea da bidea». Frantziako Tourra daukalako begiz jota. Gaintzan erasoa jo eta Markina-Xemeinen bakarlanean erakustaldia emanda, Contadorrek dotore biribildu du denboraldi hasiera. Aurkariei batere aukerarik eman gabe, abisua bidali die Tourrerako faboritoei. Inoiz joan bazen, itzuli da Contadorrik onena.

Eta sailkapen nagusia aztertu besterik ez dago horretaz jabetzeko. 49 segundo Michal Kwiatkowskiri (Omega Pharma), 1.04 Jean-Christophe Peraudi (Ag2r), eta 1.07 Simon Spilak (Katuxa) eta Alejandro Valverderi (Movistar). Hankapean ibili ditu aurkari guztiak, eta hankapean lasterketa bera. Talde sendo-sendoarekin, Gaintzan eta Arraten estututa, eta herenegun Markina-Xemeinen eutsita, barrua askatu du espainiarrak. Bakarrik eta libre dabil berriz ere Tinkoff-Saxoko taldeburua. Eta Frantziako Tourra dauka, jada, parez pare. Gaztetu egin da urtebetean.

Etapako lehia eta sailkapen nagusikoa. Bi errealitate elkartu ziren atzo Markina-Xemeinen. Eta etapakoak munduko txapelduna lanean hastearekin batera amaitu ziren. Tony Martinek (Omega Pharma) ez zuen igo Gontzagaigana. Ez da posible. Beste ibilbideren bat egingo zuen alemaniarrak lehen zatian. Ezinezkoa da hain tarte txikian hainbesteko aldeak ateratzea. Etzanda egoteko daukan gailurik kutunenari 58 hortzeko platera jarrita, egungo erlojupeko munduko txapeldunak dantzan jarri zituen Markina-Xemein inguruan dauden radar guztiak. Ondo bidean, isunik ez zaio iritsiko Aulesti aldetik, baina merezi zituen atzo batzu-batzuk.

Tarteko erreferentzian astindu handia eman ziolako ordura arteko denborarik onenari: Ion Izagirrerenari (Movistar). 20.01. Horixe zen ormaiztegiarraren denbora. Oso ona. Eta 19.21 egin zuen alemaniarrak. Ondoren iritsi ziren gainerako erreferentziak, eta inork ezin menderatu alemaniarra. Contador bera gerturatu zitzaion gehien, zazpi segundora. Baina ezin hark ere. Egia da Tony Martinek indarrak ez zituela neurtu oso ondo, bigarren zatian askok ondu zutelako haren denbora. Urrutira joan gabe, segundo bakarra atera zion Ion Izagirreri azken hamabi kilometroetan. Baina 38.33 minutuko denbora eginda, aise ondu zuen Tom Dumoulinen denbora. Etapa garaipenak Urdazubin eta Markina-Xemeinen, eta taldearen alde lan dotorea Gasteiz aldean, Zaldiaranen gora, eta Arrateko azken igoerara bidean. Itzuli bikaina egin du alemaniarrak, eta gorputz gihartsua puntu-puntuan jartzen ari dela berretsi du.

Valverde, oso makal

Eta, egiari zor, lehen erreferentzia horretan bertan amaitu zen sailkapen nagusirako borroka ere. Contadorrek errespetu handia zion Alejandro Valverderi (Movistar), baina Movistarrekoak liderrarekiko 40 segundo galdu zituen lehen erreferentzia horretan. Akabo. Indarrean zihoan Kwiatkowski, baina Contadorren atzetik poloniarra ere, sei segundora. Markina-Xemeinen gozatuz itxi zuen liderrak Gaintzan gozatuz hasitako zirkulua. Contador, Kwiatkowski eta... Podiumeko hirugarren koska geratzen zen zehazteko, eta Jean-Christophe Peraudek (Ag2r) baliatu zuen Valverderen hutsa. Gehiegi agertu gabe ere, itzuli ona egin du frantziarrak, eta hirugarren postu ona lortu du beretzat aproposegia ere ez zen ibilbidearekin.

Aipagarria izan zen Spilak-en lana ere, etapan eta sailkapen nagusian laugarren postua lortuta. Eta pena Mikel Landak (Astana) erlojupekoan lehen hamarren artean zeukan postua galdu izana. 14. postuan amaitu du arabarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.