Lehiakide berri eta arranditsu bat orbitan

Ilargiko laginak Lurrera ekarri dituen hirugarren herrialdea bihurtu da Txina, 'Chang'e' espaziontziak lur hartu eta gero. Lasterketa espazialean lider izateko lehian dabil herrialde hori Mendebaldeko potentziekin.

Chang'e espaziontzia, Barne Mongolia eskualdean lurreratu eta gero, atzo. REN JUNCHUAN/XINHUA.
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk baino bi kilo arinagoa da Ilargia gaur. Txinak duela hiru aste espazioratutako Chang'e 5 espaziontzia Ilargian jasotako laginekin lurreratu zen atzo Barne Mongolia eskualdean, eta, modu horretan, Asiako erraldoiak mugarri berri bat ezarri du lasterketa espazialean.

Ilargiko laginak eskuratu dituen hirugarren herrialdea da Txina, AEBen eta Sobietar Batasunaren ondoren. Azken bi horiek duela 40 urte erauzi zizkioten zenbait zati Ilargiari azkenekoz, Gerra Hotzaren garaian. Mendebaldeko potentzien garapen teknologikoei distantziaz begiratzen zien orduan Txinak, miraz bainoago. Mao Zedong lider komunistak urte batzuk lehenago egina zuen ohartarazpena: «Guk ere egingo ditugu sateliteak».

Ordutik hona, herrialdeak inbertsio ekonomiko handia egin du espazioa aztertzeko, eta, azken urteetan batez ere, asko hobetu ditu gaitasun espazialak. Horren adierazle da 2007an abian jarritako Chang'e programa espaziala. Iragan uztailean Martera bidali zuten Tianwen 1 izeneko zunda, programa horren barruan, eta espero dute maiatzean lur hartuko duela planeta gorrian. Ilargian base iraunkor bat eratzea ere aurreikusten dute.

Chang'e 5 ez da nabarmendu soilik Ilargiko laginak bildu dituen hirugarren espedizioa bilakatzeagatik; izan ere, orain arte aztertu gabeko Ilargiaren zati batetik hartu dituzte laginak. Abenduaren 1ean, Oceanus Procellarum eremuan lurreratu zen ontzia, Lurretik ikusten den Ilargiaren aurpegi bakarraren mendebaldean. Orain arte esploratu gabeko eremua da hori. Bi modutan jaso zituzten laginak: beso robotizatu baten bidez eta satelitearen lurrazalaren barrutik, zulagailu handi bat erabilita. Horrela, garai desberdinetako laginak hartu nahi izan dituzte, CNSA Txinako Espazio Administrazio Nazionalak azaldu duenez.

Espaziontzia berriro Lurrerako bidean jartzea zen misio espazial horren zailtasun nagusia. Abenduaren 3an banandu zen espaziontziaren modulu bat satelitetik, eta orbitan zegoen beste moduluarekin bat egin zuen. Azkenik, iragan igandean hasi zuen ontziak itzulerako bidaia.

Espazio estazioa helburu

Txinako Espazio Administrazio Nazionalak eskua luzatu die lasterketa espazialean lehiakide dituen potentziei, elkarlanerako, baina ez dirudi haren asmoak bat datozenik Mendebaldeko herrialdeek dituztenekin.

Nazioarteko Espazio Estazioaren parte dira Europa, AEBak, Errusia, Japonia eta Kanada. Txinak, berriz, bere espazio estazio propioa sortzeko asmoa du, Tiangong programaren barruan. Iazko azaroan hasi ziren eraikitzen, eta 2022rako erabilgarri izan nahi dute. Duela ia hamar urte, 2011n jarri zuten abian Tiangong-1 programa espaziala; espazio laborategi bat bidali zuten espaziora. Duela lau urte, laborategi garatuago bat egin zuten, eta orain proiektua osatu nahi dute, Tiangong-3 modulua aurreko biekin lotuta. Modulu nagusi bat eta ikerketara bideratutako beste bi modulu txiki izango ditu estazioak.

Estazioa eraikitzearekin batera, Txinak aurrerapen gehiago egin nahi ditu Chang'e programan, eta herrialdeak Ilargian duen presentzia handituz joan. 2023anedo 2024an berriz ere satelitean lur hartzea jarri du helburu CNSAk, eta programaren laugarren fasean —2024tik aurrera—, base iraunkor bat eraiki nahi dute Ilargian, eta modua egin tripulazioa hara bidaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.