Abusuzko klausulen 5.078 epai kaleratu dira Hegoaldean, iaztik

joxerra senar
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Abusuzko klausuletan espezializatutako epaitegiak iazko ekainaren 1ean sartu ziren indarrean, eta urtebete pasa geroago, erritmo betean ari dira lanean. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak kaleratutako datuen arabera, iazko ekainetik 5.078 ebazpen kaleratu dituzte epaitegiok, Hego Euskal Herrian. Guztira, epe horretan, abusuzko klausulak aztertzeko 19.038 salaketa jaso dituzte epaitegiok. Ia kasu guztietan gainera, bezeroei ematen diete arrazoi espezializatutako epaitegi horiek (%97).

Abian jarri zirenetik, erritmoa ez da jaitsi, eta azken hiruhilekoko datuei begira, hala salaketa nola ebazpen kopurua handia da oraindik ere Hegoaldeko lau lurraldeetako epaitegi horietan. Uztailetik irailera, 2.583 salaketa aurkeztu zituzten espezializatutako auzitegietan, eta, epeberean, 1.456 ebazpen kaleratu zituzten; hau da, orain arte ateratako epaien %29 azken hiruhilekoan eman dituzte. Batik bat udako datuak izaki, adierazgarria gerta daiteke, erritmoa ez baita jaitsi.

Kaleratutako epaiez gain, oro har konpondutako auziei ere erreparatzen die Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Azken batean, zenbaitetan, auzia ez da amaitzen epai bidez. Batzuetan, hainbat salaketa prozedura judizial bakar batean biltzen dira, edo aldeetako batek aurrera jarraitzeari uko egiten dio. Hartara, iazko ekainaren 1etik, guztira, abusuzko klausulen inguruko 6.166 auzi amaitu dira Hegoaldeko epaitegietan. Horrek esan nahi du, hortaz, hamabost hilabeteotan aurkeztutako salaketa guztietatik herenak konpondu egin direla (%32,3, zehazki).

Espainiako datuak

Hego Euskal Herritik at, Espainian, 50.450 epai kaleratu zituzten espezializatutako epaitegiek iazko ekainetik. Azken hiruhilekoari begira, berriz, 13.512 ebazpen atera dituzte. Bide beretik, azken hamabost hilabeteetan 286.399 salaketa aurkeztu dira abusuzko klausulen aurka. Epe berean, konpondutako auzien tasa %24koa da, Hegoaldekoa baino zortzi puntu gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.