Futboleko Munduko Kopa

Finalari zentzua emango diote

AEBek eta Herbehereek Munduko Kopako finala jokatuko dute gaur. AEBetako Julie Ertzek eta Herbehereetako Jackie Groenenek egin dezaketen lana funtsezkoa izango da titulurako lehian

Jone Bastida Alzuru.
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Munduko Kopako finala jokatuko da gaur. Egungo munduko txapelduna eta Europakoa egongo dira aurrez aurre; AEBak eta Herbehereak, hurrenez hurren. AEBak dira titulua altxatzeko faboritoak. Laugarrena lukete, bigarrena jarraian. Baina Herbehereak ezustekoa emateko gogotsu zelairatuko dira. Bigarrenez ari dira Munduko Kopan, eta aukera paregabea baliatu nahi dute. Emozio eta ikuskizun faltarik ez da izango, eta bi taldeek beharko dute beren jokalari garrantzitsuenak bete-betean aritzea. Horietako bi dira Julie Ertz (Mesa, AEB, 1992) eta Jackie Groenen (Tilburg, Herbehereak, 1994). Biek ematen dizkiote oreka eta zentzua selekzioen jokoari, eta gaur ere distira egin nahi dute.

AEBak txapelketa hasi zenetik dira faborito, eta hori soinean dutela iritsi dira finalera. Orain arteko partida guztiak irabazi ditu Jill Ellisek zuzentzen duen selekzioak, eta berretsi du ondo merezia zuela faborito rola.

Eskarmentua eta ofizioa erakutsi ditu txapelketa guztian. Talde osoa duela frogatu du AEBetako selekzioak: sendotasuna du atzean, oreka zelai erdian eta dinamita erasoan. Markagailuan aurretik jarrita, gainera, errentari eusten iaioak dira estatubatuarrak. Norgehiagoka guztietan hasi dira irabazten, eta gola egin dute lehen ordu laurdenean. Dena den, ligaxka aise gainditu eta gero, estu hartu zuten Espainiak, Frantziak eta Ingalaterrak. 2-1 irabazi zien denei.

Alex Morgan, Megan Rapinoe eta Tobin Heath nabarmendu dira AEBetako selekzioan. Baina haiekin batera distira egin du Ertzek. Ellis hautatzailearentzat ezinbesteko jokalaria da, taldearen akuilua. Guztira 87 partida jokatu ditu selekzioarekin, eta hemeretzi gol sartu, nahiz eta haren bertute nagusia defentsa lanean dagoen. AEBetako jokoari zentzua ematen dio, eta taldea gidatzen du. Beti dago ondo kokatuta, eta lerro guztien arteko oreka mantentzeko ardura du.

Defentsa postuan hasi zuen ibilbidea Ertzek, baina euskarri jokatzen du orain. Postu aldaketarekin batera, haren errendimenduak etengabe egin du gora. Ahalmen fisikoa eta teknika uztartuta, zelai erdiaren jabe egin da. Defentsa eta erasoa lotzeko pieza erabakigarria da, taldearen bizkarrezurra.

Bigarren Munduko Kopa du. 2015ean Kanadan jokatutakoan hartu zuen parte estreinakoz, eta haren lana erabakigarria izan zen AEBak txapeldun izateko. Defentsa lanetan aritu zen orduan, baina euskarri dabil oraingoan. Alta, berriz ere, titulua altxatzeko ahaleginetan funtsezkoa da bere lana. Gainera, gol bat ere sartu du, Txileren aurka. AEBek 3-0 irabazi zuten, eta Ertzena lehiako bigarren gola izan zen.

Ezustea ematera

AEBak dira faborito gaur finalean, baina erne ibili beharko dute. Herbehereetako selekzio indartsua izango dute aurrean, egungo Europako txapelduna, alegia. Munduko Kopan zehar, kritika ugari jaso ditu, burututako jokoarengatik. Ez du lortu 2017ko Eurokopan izandako distira, baina finalean da. Hala ere, bere jokoan arituz gero, aintzat hartzeko da Sarina Wiegmanek zuzendutako selekzioa.

Partidetan, sufritzea egokitu zaie Herbehereei. Aurkariek ondo aztertuta zuten euren jokoa, eta alternatibak aurkitzeko zailtasunak izan dituzte. Italiaren aurkako final-laurdenetako norgehiagokan baino ez zituzten eman beren jokoaren zertzelada batzuk.

Hala, selekzioak jokalari garrantzitsu baten hutsunea nabaritu du, Groenenena, hain zuzen ere. Taldeko burua da, eta lehiakorra, borrokalaria eta teknikoki aparta. Jokoa antolatzearen ardura du, baina txapelketan bere mailaren azpitik ibili da.

Bere ibilbidean bi kiroletan nabarmendu da: judoan eta futbolean. Ordea, aldakako lesio bat tarteko, bata edo bestea hautatu behar izan zuen. Futbola aukeratu zuen orduan, eta orain munduko txapeldun izateko urrats bakar batera dago.

Zelai erdiko motorra da bera, taldearen iparrorratza. Horregatik darama elastikoan Johan Cruyff zenaren 14 zenbakia. Ezkutatuta zebilen Munduko Kopan, baina taldeak gehien behar zuenean azaldu zen, Suediaren aurkako finalerdian. Luzapeneko bederatzigarren minutuan berak sartutako golari esker sailkatu ziren Herbehereak finalerako.

Golak sartzea ez da Groenenen dohain nagusia. 53 partida jokatu ditu guztira selekzioarekin, eta hiru gol besterik ez ditu sartu. Gainera, Munduko Kopan atera bota zuen lehen jaurtiketa zuen golekoa. Finalean, lidergoa eta protagonismoa berreskuratuz gero, titulua gertuago izango dute Herbehereek.

AEB-HERBEHEREAK

AEB. Naeher; O'Hara, Sauerbrunn, Dahlkemper, Dunn; Ertz, Lavelle, Horan; Rapinoe, Heath eta Morgan.

Herbehereak. Van Veenendaal; Van Lunteren, Van der Gragt, Bloodworth, Van Dongen; Groenen, Van de Donk, Spitse; Van de Sanden, Martens eta Miedema.

Epailea. Stephanie Frappart (Frantzia).

Lekua. Olympique Lyon Park (59.286 ikusle).

Ordua. 17:00 (Gol eta TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.