Euskal sokatiralariak

Pauso erraldoia

Euskal Herriko sokatiralariek lan aparta egin dute Getxon, Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketan. Zazpi domina irabazi dituzte: bi urre eta bi brontze taldekako lehian, eta bi urre eta brontze bat selekzioen artekoan.

LUR GIL.
Lur Gil.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Handia egin du euskal sokatirak nazioartean. Ofizialtasuna lortu eta zazpi urtera, Lur Gaineko Munduko Txapelketa antolatu, eta lorpenen zerrendari bultzada indartsua eman dio. Aurten poltsikoratutako urrezko bi dominak 2016an Malmon (Suedia) lortutakoari batuta, hiru ditu jada Euskal Herriko selekzioak.

Nazioarteko Sokatira Federazioa (TWIF) jakitun da Euskal Herria gabe kirol honek ez duela distira bera, eta Munduko Txapelketa antolatuta errespetua irabazi du nazioartean. Galder Gobantes (Zeberio, Bizkaia, 1987) da Euskal Herriko ordezkaria TWIFen, eta Getxon (Bizkaia) jokatutako txapelketak aurreikuspenak bete dituela dio: «Antolakuntza ona izan da; puntako azpiegitura izan dugu Getxon, eta pandemia garaian egon arren, beste urteetako txapelketak gogora ekarri dizkigu».

Hala ere, eragina izan du pandemiak: hainbat herrialde ez dira lehiatu, Britainiar uharteetakoak, esaterako; ezta zenbait talde ere, eta parte hartu duten taldeen sokatiralari guztiak ez dira etorri.

Maila onena erakutsi duten bi herrialdeak Suitza eta Euskal Herria izan dira. Hiru txapela lortu ditu Suitzak nazioen artekoan, eta podium guztietara igo da: zortzi domina lortu ditu guztira. Euskal Herriko selekzioak bi urre eta brontze bat poltsikoratu ditu, eta Suediak beste bi urre, baina ez da igo gehiagotan podiumera. Jokoan zegoen azken txapela Alemaniak eskuratu du: orotara lau domina irabazi ditu. Azkenik, Herbehereek bost domina irabazi dituzte, baina urrezkorik ez.

Etxeko taldeak lortutakoa handia izan da. Hala azpimarratu du Gobantesek: «Ez naute harritu Euskal Herriak lortutako urreek. Jaurlaritza inplikatu egin da, eta entrenatzeko eta lehiatzeko laguntza izan dugu azken urtean, eta hori emaitzetan nabaritu da».

Lau euskal talde aritu dira kluben artekoan, eta haien sokatiralariek selekzioen arteko zenbait mailatan ere parte hartu dute. Etxea ongi defenditu dute, eta Euskal Herriko Txapelketan gertatu bezala, Gaztedi koska bat gorago izan da, baita munduko beste taldeen gainetik ere.

Emakumezkoen 500 kiloko taldeak lortu zuen lehendabiziko txapela Gaztedirentzat (Laukiz, Bizkaia). Odei Fernandez (Berango, Bizkaia, 1999) da urrezko talde horretako kiderik gazteena. 23 urtez azpiko selekzioan aritu behar zuen Goiherriko harrobi emankorrarekin batera, baina maila horretako txapelketarik ez da jokatu, eta Gaztediko beteranoen artean leku nabarmena egin du gazteak: «Ez nuen pentsatzen aurten horrelakorik biziko nuenik. Taldearentzat bultzada handia izan da, eta aurten sokatira uzteko zorian zeuden zenbait kide segitzera animatuko dituela pentsatzen dut», azaldu du Fernandezek. Ia 40 sokatiralari ditu Gaztedik lur gainean eta goma gainean, eta urtetik urtera maila hobea erakusten ari da.

Fernandezen iritziz, arrakastaren giltza taldekideen arteko «harreman bikaina» da: «Gaztedi familia bat da. Maila hau emateko asko entrenatu behar da, baina entrenatzeko motibazioa kideek ematen dute. Denbora eta pazientzia behar badira ere, ametsak egia bihurtzen dira, baina sokatiran sakrifizio handiak egin behar dira horretarako». Eta Laukizko herriak badaki ahalegin hori eskertzen; igandean, emozioz beteriko harrera egin zioten herrikideek hango taldeari.

Beste prisma batetik bizi izan du aurtengo Munduko Txapelketa Jose Mari Markaidak (Gatika, Bizkaia, 1958). TWIFeko epailea da duela hamar bat urtetik, eta makina bat nazioarteko txapelketatan aritu da. Azaldu duenez, «maila apalagoa» ikusi du aurten, baina gaineratu du «kalitate handiko tiraldiak» egon direla: «Euskal Herriko selekzioak gizonezkoen 560 kiloan jokatutako finalean, aspaldian ikusitako tiraldirik gogorrenetakoak izan dira. Herrialde batzuk oso maila onean aritu dira txapelketan, baina beste batzuk espero baino koska bat beherago aritu dira».

Getxoko Munduko Txapelketak aukera ematen zuen 2022ko uztailean AEBetan jokatuko dituzten Munduko Jokoetarako sailkatzeko. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) antolatzen ditu Munduko Jokoak. Baina Euskal Herriko selekzioak ez du izango aukerarik parte hartzeko. Izan ere, TWIFen ofizialtasuna lortu zuen 2014an, baina Munduko Jokoetan lehiatzeko, Espainiaren banderapean egin beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.