Reala 0-2 Atletico Madril

Nahiaz harago, estatistikak ez dira kasualak

Realak galdu egin du Atletico Madril lehen sailkatuaren aurka. Lehen zati orekatuaren ostean, bigarrenean igarri da aldea. Azken bederatzi partidetan ez du irabazi Realak

David Silva baloiarekin, inguruan Yannick Carrasco eta Koke dituela. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Hermosok (48. min). 0-2: Llorentek (74. min.). Epailea. Cuadra Gomez. Txartel horiak Realeko Le Normandi, Aritzi, Isaki; eta Atletico Madrileko Savici, Hermosori, Sauli. Bestelakoak Pandemiagatik ikuslerik ez Anoetan.

Realak atzo jokatu zuen partidak bazuen azterketa baten traza: orain arte egindako lan onak berresteko aukera bikaina zuen Atletico Madrilen aurka. Harri gogorra zuen kontrario, eta atzora arte egindakoak kasualitate ez zirela irakats zezakeen Imanol Alguacilen taldeak. Bisitariak izan ziren beren gaitasuna agerian utzi zutenak, ordea: 0-2 irabazi zuen Atletico Madrilek, eta erakutsi zuen zergatik den Espainiako Ligako liderra, jokatu diren hamasei jardunaldietatik hamahirutan soilik aritu bada ere.

Realak nahi zuen onbidera itzuli, baina estatistikek ez dute gezurrik esaten. Azken bederatzi neurketa ofizialetan ez dute irabazi, eta hori ez da normala. Hasierako joko eta emaitza zerutarrak ere ez ziren moduan. Oinak lurrean izateko garaia da; komeni zaio ahalik eta lasterren suspertzea, baina bururik galdu gabe. Talde baten aldartea omen da emaitzen ispilu, eta alegrantzia berreskuratzeak izan behar du lehen xedea. Etortzekotan, urratsez urrats helduko dira poztasunak. Atzokoan tristurak hartu zuen talde txuri-urdina. Neurketaren bezperan, Imanolek esan zuen jokoaz gaindi emaitzek lagundu behar dutela, baina atzokoan eraginkortasuna ez zuten lagun izan haren jokalariek.

Alderantziz gertatu zen: lehen zatian elkar zainduz aritu ostean, Atletico Madril izan zen ate aurrean asmatu zuen talde bakarra. Are gehiago: Jan Oblaken area ertzen itzulinguruka aritu bai, baina ezin izan zuten arrisku gehiegirik sortu, eta gisa horretara zail da saririk eskuratzea.

Ondo lotu zuen Atletico Madrilek, defentsako lan ona eginda, eta hor ere agerian geratu zen estatistiken eta aldartearen arteko lotura. Hamahiru partidatan bost gol besterik ez ditu jaso. Horri gehitu erasoko aukerak baliatzea. Lidergoa da baturaren emaitza.

Silva itzuli da

Egiarizor, Reala etenik gabe jokatzen ari da azken asteetan, eta horrek zenbait jokalariri arazo fisikoak sortu dizkie. David Silvaren kasua da; aste batzuetan zelaietatik urrun izan ostean atzo itzuli zen berdegunera. Huraxe izan zen donostiarrentzat albisterik onena. Maila ona eskaini zuen kanariarrak, baina ez nahikoa bere taldea garaipenaren bidean jartzeko.

Igor Zubeldiak ere erakutsi zuen minak iraganeko kontuak direla. Azkoitiarrak lehen zati ikusgarria jokatu zuen, baina Mario Hermosok ihes egin zion lehen golean. Atleticok urrundik atera zuen falta, Realeko atzelariek huts egin zuten defentsan, eta buruz jotako baloia sarera bota zuen Hermosok. 48. minutuan zen. Llorentek 0-2koa egin zuen 74.ean. Atleticoren nagusitasuna eta Realaren une eskasa berrestu zituen gola izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.