Oihal erraldoiek estali ezin duten lotsa

Estadioko harmaila hutsek eta iraupen luzeko probetako muturreko baldintzek agerian utzi dute absurdoa zela Munduko Atletismo Txapelketa Dohan jokatzea. Hala ere, kirol maila oso ona izan da.

Anne Hyrylainen atleta finlandiarra gurpil aulkian, Munduko Txapelketako maratoia bukatu berritan. A.H. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez dagoela diote. Esaera, baina, ez da erabat zuzena, zerbait ikustea komeni ez zaiona are itsuagoa izan ohi da. Sebastian Coe Nazioarteko Atletismo Federazioko (IAAF) presidenteari azken hamar egunetan Dohan gertaturikoa ikusteak ez zion mesede handirik egiten, eta herenegun, Munduko Txapelketa bukatu berritan balorazio hau egin zuen: «Txapelketa bikainak izan dira, marka oso onak egon dira. Beste ezeren gainetik globalitatean jarri behar dugu arreta: txapelketa handiak ezin dira beti nazio berberetan jokatu. Zale berriengana iritsi behar dugu. Nazio honek urteak daramatza atletismoan diru asko inbertitzen. Azpiegituren kalitatea ikusi baino ez dago». Arrazoirik ez zaio falta alde horretatik, Qatargo Gobernuak 81 milioi euro gastatu baitzituen Khalifa estadioko aire girotuaren sistema instalatzen. Hari esker, txapelketan aritu diren atletak 22-23 graduko tenperaturan lehiatu dira.

Qatarrek Munduko Futbol Kopa hartuko du 2022an —hamabi estadioek izango dute aire girotua—, eta atletismo txapelketa urte horretarako proba moduan hartu dute. Emaitza oso ezberdina espero dute, futbola pasioa baita Qatarren. Atletismoak, aldiz, ez du tradiziorik. Herrialdeko telebista kate bakar batek ere ez zituen txapelketako irudi eskubideak erosi, eta sarreren %10 saldu dira bakarrik. Khalifa estadioan 45.000 eserleku daude; hamar eguneko txapelketa batean, 450.000 txartel jarri zituzten guztira salgai. Bada 50.000 saldu eta oparitu dituzte bakarrik.

Estadioko giroa oso hotza izan da ia egun guztietan. Ikusle oso gutxirekin, oihal erraldoiak erabili dituzte harmailen goiko eraztunetako eserlekuak estaltzeko. Egun bakarrean egon zen benetako lehiaketa giroa, Mutaz Barshim etxeko kutunak gorako jauzi finala irabazi zuenean. Giroa, baina, artifizialki sortua izan zen, Dohako eskoletan sarrera banatu eta autobusak jarri zituztelako umeak estadiora eramateko. Kolorea, berriz, Etiopiako zaleek jarri dute. Qatarrek eskubide osoko 313.000 biztanle ditu, eta bi milioi langile etorkin eraikuntza lanean. Asko etiopiarrak dira, eta haiek egin zuten zalaparta ozenen Muktar Edris eta Selemon Barega erkideek 5.000 metroko urrezko eta zilarrezko dominak irabazi zituztenean. Esan gabe doa sarrerak oparitu egin zizkietela, hala izan ezean kostata ordaindu ahal izango zituzketen sarrera bakoitzak balio zuen hogei euroak.

Estadioko giro hotzak estadiotik kanpoko bero zakarrarekin egin du talka. Kaleetan ez dago aire giroturik, eta errepide probak infernu hutsa izan dira. Emakumezkoen maratoia gauerdian jokatu behar izan zen, eta, hala ere, muturreko baldintzetan: 32,7 graduko tenperatura, %73ko hezetasuna eta hondar ekaitz bat egon eta bi egunera. Haizeteak altxaturiko harea airean zegoen oraindik. 68 parte hartzaile izan zituen, eta 28k ez zuten bukatu. Bukatu zutenen artean irudi dramatikoak egon ziren: zorabioak, ezina... Irabazlearen marka munduko txapelketa batean inoiz egondako txarrena izan da. Gizonezkoen maratoia antzekoa izan zen, baita ibilketa probak ere. Bien bitartean, txapelketako lehen igandean, irailak 29, Berlingo maratoia jokatu zen, eta Kenenisa Bekelek munduko markatik bi segundora bukatu zuen.

Marka onak estadioan

Munduko Txapelketen alderdi iluna hain izan da handia, eta iluna, ezen kirol lehia bigarren maila batean gelditu baita. Tristea da, Coek esan zuen bezala, oso ona izan baita. Munduko marka bakarra hobetu da, Dalilah Muhammadek 400 metro hesidunetan eginikoa, baina 48 probetatik 32tan 2017ko txapelketako markak hobetu dituzte. Proba bikainak egon dira, gainera; esaterako, emakumezkoen 400 metrokoa, gizonezkoen luzera jauzikoa eta 3.000 metro hesidunetakoa.

Usain Boltek sortzen zuen euforia une horietakorik ez da egon Dohan, eta haren tronua Sifan Hassanek hartu du. Etiopian jaio zen, eta 15 urterekin iritsi zen Herbehereetara errefuxiatu estatusarekin, eta bera izan da bakarkako probetan urrezko domina bat baino gehiago irabazi duen atleta bakarra. 1.500 eta 10.000 metrokoen probak irabazi ditu. Izar berria, baina, susmopean dago, harremana izan baitu Alberto Salazar entrenatzaile kubatarrarekin. Hura da Oregon project-eko burua, eta AEBetako dopinaren aurkako agentziak (USADA) zigortu egin berri du. Hassanek, dena den, garbi utzi nahi izan du Salazarren aurkako karguak harekin lanean hasi aurrekoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.