Azken uda dantza (X)

Ilargiaren argiak itsutu ezinik

'Ilargia' Ken Zazpiren abesti arrakastatsuena da. Hala ere, taldekideek hasieran ez zuten gustuko izan batez ere maitasunezko abesti batekin identifikatuak izatea, eta errepertoriotik kentzea erabaki zuten. Urteekin, «adiskidetu» egin dira kantarekin.

Ken Zazpi taldea Bilboko Arriaga antzokian, Phoenicoperus diskoa aurkezteko birako lehen kontzertuan, 2016an. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun

Gauarekin duen loturak eta agertzeko eta desagertzeko joerak eite misteriotsua ematen dio ilargiari, eta, ondorioz, mesfidantza eragiten du. Beharbada hori dela-eta du halako indar sinbolikoa, eta agian horrek egiten du bereziki unibertsala, nonahikotasunak bainoago. Ken Zazpi taldeak maitasun erromantikoaz jarduteko baliatu zuen figura mendearen hasieran, preseski Ilargia izena duen abesti sonatuan; harreman baten aurpegia eta ifrentzua agertzen ditu, poza eta mina, satelitearen izpien bitartez argituak.

Alabaina, Ilargia-ren hitzak ez ziren ilargitik abiatu, baizik eta errepika ixten duen nana-na-nana-na-nana silaba sorta ezagunetik. Izan ere, Eñaut Elorrieta taldekideak melodia sortu ondoren hitzei ekin zienean, hori bururatu zitzaion ezer baino lehen, ageriko esanahirik gabeko zatia, eta helduleku horretatik abiatuta ondu zuen abestia, «barruak eta kantuak eskatzen zuenari tiraka». Urteak igaroagatik ere, taldearen irudiari estuen lotutako lana da oraindik ere.

Ez zegoen hala aurreikusita, ordea. Areago, diskoaren tonu orokorrak beste norabide bat hartuko zuela jakinda sortu zuen Elorrietak: Ken Zazpiren ibilbidean mugarria izandako Bidean (Gor, 2003) albumaren zati da Ilargia, baina gainontzeko piezetatik urrun dago, hala melodiari nola hitzei dagokienez. «Diskoaren arima gogorragoa zen, gitarra elektrikoak zituen... Zalantzak izan nituen ea nola txertatu ahal izango genuen kantu hori». Hiru single atera zituzten disko hartatik, taldekideen, diskoetxearen eta irratien artean aukeratutakoak, eta horietako bat ere ez zen izan Ilargia. «Ez genion batere erraztasunik jarri, ezta bultzada txikienik eman ere».

Oztopoak oztopo, oihartzuna izaten hasi zen abestia, eta irrati entzuleek behin eta berriro eskatu zuten. «Ibilbidea gure gainetik egin zuen». Taldea kanta bakar horrekin identifikatzen ari zirela konturatzean, ordea, Ilargia errepertoriotik kentzea erabaki zuten taldekideek, «kantuarekiko barne ezinegona adierazteko modu bat» bezala, Elorrietaren hitzetan. «Ez genuen irudi hori indartu nahi izan: garai hartan, bazirudien maitasunaren inguruko kantuak bigun edo azukrezkotzat hartzen zirela, urrundu egiten zintuztela hauspotzen ziren jarrera politiko irmoetatik».

Maitasuna «kontu femeninotzat» hartzen zela dio; «bigarren mailako gaitzat», hortaz: «Bazegoen maskulinitate hegemonikoarekiko exijentzia bat, bai estilo, bai gaitegi aldetik. Guk ez genuen irakurketa politiko hori egiten, baina epeltzat hartuak izateak eragin zigun; bolada batez, konplexua ere bai. Hala ere, aurrera egin genuen. Orain ez naiz bigunaz edo goxoaz lotsatzen».

«Maitasun-gorrotoa»

Hasierako iritzia orduko giroak baldintzatuta egon zitekeela uste du egun Elorrietak. Izan ere, bestelako mezu bat helarazten zuen abesti batek Ilargia-ren pareko oihartzuna eduki izan balu, «errazago» kudeatuko zuketen arrakasta. «Guk tradizio batetik edan genuen; taldea oso lotuta egon da Euskal Herriko gatazka sozial eta politikoari, eta akaso nahiago genukeen goia jo mezu politikoagoa edo sozialagoa zuen kanta batekin; horrelako maitasun kanta bat ez zen ondo onartua garai hartan gu mugitzen ginen giroan».

Iruditzen zaio orduko zalantzak «uste baino politikoagoak» zirela eta zerikusia zutela «eremu publikoan onartzen ziren eta ez ziren gai, emozio eta ahotsekin». Onartzen du gaur egunean ez lukeela maitasuna «modu horretan abordatuko, beste era batera ulertzen» duelako, baina orobat dio «txarra» litzatekeela «maitasuna tokiz kanpo egotea, inoiz ez dagoelako soberan».

Bidean albumari esker, «ia ezezagun izateari utzi, eta bat-bateko oihartzuna izaten hasi» zen Ken Zazpi, eta Ilargia-k, zehazki, berehala bereganatu zuen entzulea. Horrek ere eragin zuen abestiarekin izan zuten hasierako harremanean. Beste horrenbeste gertatu izan zaie kantu oso arrakastatsu bat eduki eta soilik horrekin identifikatuak izan diren beste batzuei ere, Elorrietaren arabera. «Beste talde eta bakarlari batzuen kasuan ere —Itoiz eta Lau teilatu, eta Mikel Laboa eta Txoriak txori, adibidez— antzeko gauzak entzun izan ditut: zure kantu batek horrenbesteko oihartzuna izaten duenean, eta zuk uste duzunean zure obra zabalagoa eta aberatsagoa dela, denbora eskatzen du hori onartzeak eta barneratzeak».

Elorrietaren hitzei erreparatuta, taldekideek hasieran izan zuten errezelo gehien, denborarekin iritziz aldatu baitzuten. «Maitasun-gorroto» harremana izan dutela dio musikariak: sonak kanta baztertzea eragin zuen aurrena, baina gerora «adiskidetuz» joan ziren konposizioarekin; azkenean, errepertoriorako berreskuratu zuten. «Abestiarekin bakeak egin, eta berriro jotzen hasi ginen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.