Jagoba Salvador.
AIRETIK

Nahieran

2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Dena nahieran nahi dugu. Nahia eta era bereizi gabe. Orain. Azkar. Ez dugu itxaroteko denborarik, ez pazientziarik. Berria dena berehala bihurtzen da zahar. Estimuluak jaso eta jaso bizi gara, jakinarazpenak non-nahi. Ezin ase, pantailak nagusi dituen zirkulu bizioso batean barneratuta. Urduri bizi gara, antsietatez. Ez dugu astirik egunerokoan jasotzen dugun informazio bonbardaketa prozesatzeko. Dena da iragankorra. Inoiz baino informazio gehiago eskura, baina inoiz baino leloago, XXI. mendeko paradoxa. Baina, berehalakotasunaren hegemonia horrek benetan gure beharrizanei erantzuten al die? Teknologia gure zerbitzura al dago ala alderantziz?

Aro digitalak ekarri duen komunikabideen paradigma aldaketaren aurkako erreakzio gisa jaio zen Slow Journalism (Kazetaritza Geldoa) mugimendua. Egun sustatzen den kazetaritza azkar, kaskar eta azalekoaren aurrean, modu egokian egiaztaturiko eta kalitatezko informazioa eskaintzea du xede. Kontzeptu hori ederki azaltzen du Filmin plataforman ikusgai dagoen Slow News dokumentalak.

Era berean, irratigintzak ildo horri jarraitu dio. Irudiaren diktaduran bizi garen honetan, irratia hedabide tradizionaletatik etorkizun ilunena zuena zela pentsa genezakeen. Interneten aroa baino lehen bereziki, beste euskarrien aurrean bere alde izan duen ezaugarri nagusia baita berehalakotasuna.

Baina, ahalmen horren galerak beste bide batzuk hartzera eraman du irratigintza, eta gaur egun, podcasten arrakastak bultzatuta, loraldi deigarria bizi du. Gakoetako bat horiek nahieran entzuteko aukera da, baina ez lehenago aipatutako bizkortasunarekin lotuta; beste era batean, hain zuzen. Bestalde, formatua aldatzeaz gain, egiteko moduak aldatu dira. Berehalakotasun eta antsietate informatibo horren ordez, gogoeta, naturaltasuna, askatasuna, analisia eta eztabaida, besteak beste, nagusitu dira. Betiko irratiak badu bere xarma, noski, horrek ez du esan nahi podcastak betiko irratiak lurperatzera etorri direnik, baina fenomenoak erakusten digu eduki azkarraren kapitalismoaren kontzeptu horren aurrean, audientziak beste gauza batzuk ere bilatzen dituela hedabideetan eta, azken finean, boterea jendeak, kontsumitzaileok izaten jarraitzen dugula. Ez dezagun hori ahaztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.