Lasaituz, gozatuz

Dario Gomezek koska bat egin du gora azken urtebetean. Argi du zein izan den gakoa: «Patxada» gehitu die berezko sake zitalari eta joko biziari. Gaur, ezustean hartu nahi du Iker Irribarria, final-laurdenetan.

Dario Gomez, herenegun, Irungo Uranzu frontoian egindako pilota aukeraketan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Atera eta gozatu». Ohiko esaldia da. Makina bat aldiz erabili ohi da egunerokoan. Agindu edo gomendio argi bezain sinplea da. Hiru hitz besterik ez dira. Erraza da esaten, baina ez horren erraza betetzen. Norberaren beldur, muga eta ezinak azaleratu daitezke edozein egoerari aurre egiteko orduan, baita egoerak berak eragin ditzakeen zailtasunak ere. Eta nahasketa horrek porrota eta etsipena ekar ditzake. Sentipen desatseginak dira. Min egiten dute.

Dario Gomezek (Ezkarai, Espainia, 1996) ezaguna du sentipen hori. Nahi baino gehiagotan izan du duela bost urte Asperekin profesionaletan debuta egin zuenetik. Gazte mailatan txapelik garrantzitsuenak irabazi ostean egin zuen jauzia. Errioxako (Espainia) harrobiak emandako azken harribitxia zen. Garaia (1,87 metro), pilotari abiadura handia emateko kapaza, sake zitalekoa... sobera zuen zeresana emateko gaia.

19 urte bakarrik izanik, berehala eman zioten gomendio ezaguna: «Atera eta gozatu». Saiatu zen, baina ez zuen lortu. «Oso exijentea naiz neure buruarekin. Horri eta lanari esker iritsi naiz profesionaletara. Baina, lehen, presio gehiegi sartu ohi nion neure buruari. Partida bat jokatu bezperan jada tentsioak jota egoten nintzen. Etxean, erraz haserretzen nintzen, eta, kantxan, presak jota jokatzen nuen. Jabetzen nintzen, baina ezin nion buelta eman. Orain, ordea, lasaiago nabil, bai bezperan, bai egunean, baita partidan ere. Denbora daramat gozatzen».

Argi du zergatik hobetu duen: «Gauzak patxada handiagoz hartuz eta egiten dudanarekin gozatuz hobetu dut». Azken urtebetean lortu dituen emaitza onei erreparatu besterik ez dago. Iaz, Promozio Mailako Buruz Burukoa irabazi zuen: hiru partida jokatu zituen, eta inor ez zen gai izan hari hamabi tanto baino gehiago egiteko. Aitortu duenez, txapel horrek «mesede handia» egin zion. «Zama kendu nuen gainetik. Neure buruari erakutsi zion gai nintzela txapel bat irabazteko. Oso polita izan zen. Gertukoekin nuen zorra ere kitatu nuen. Nire ondoan izan dira beti, eta nahi baino okerrago pasatu dute ni ikusita. Ez dizkiet poz asko eman».

Txapela eskuratuta, ziur egon beharko zuen maila nagusiko banakakoan, baina enpresak atariko bat jarri zion. Aurkari bihurria izan zuen: Peio Etxeberria. Baina nagusitasunez irabazi zion: 22-15. Horri esker, azken faserako sailkatu zen. Eta duela astebete, final-zortzirenetan, ez zion aukerarik eman Iraitz Zubizarretari: 22-7 irabazi zion. «Urduri hasi nintzen, baina lehen atsedenetik aurrera lasaiago aritu nintzen. Sake bizia dut, eta Ataungo frontoia ere azkarra da. Pilota paretara gerturatzen asmatu nuen, eta Iraitzek ezin izan zuen airera sartu. Min handia egin nion horrela».

Gaur, harritzarra izango du aurrean, Irunen (Gipuzkoa), final-laurdenetako lehen kanporaketan (22:00, ETB1): Iker Irribarria, buruz buruko txapelduna. «Koska oso handia dago Iraitzetik Ikerrera». Baina «oso gogotsu» dago. Hirugarren partida izango du. Irribarriak, berriz, lehena. «Mesede egin diezadake, baina Ikerrek ia ez du prestatu beharrik buruz burukoa. Berezkoa du diziplina honetan aritzeko gaitasuna. Asko jokatzen du. Faborito argia da, baina, nire lana egiten badut, aukeraren bat izan dezaket. Eta aprobetxatu egin behar dut».

Horretarako, berriz sakearekin asmatu beharko du, eta Irribarria «nahastu». Oraingoz, ez dio kalterik egin pasa zazpitik sei eta erdira aurreratu izanak. «Sakearekin altuera bilatu ohi dutenei egiten die kalte neurriak. Nik sake oldarkorra dut, bizia. Ez dut asko nabaritu aldaketa».

Dariok eta Zubizarreta III.ak jokatu zuten azken partida ikusleekin. Gaur, hutsik egongo da frontoia. «Pena da, ikusleak funtsezkoak baitira. Oso arraroa izango da dena: bakarrik aritzea, eta dutxatu gabe bi orduko itzuliko bidaia egitea. Ea lana ondo eginda bueltatzen naizen. Ez nuke nahi astindua jasota bueltatzea. A zer burujana izango nukeen autoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.