Trans legea eta balizko ezabaketa

Oskar Sada eta Kepa Yecora
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Hilabeteak daramatzagu Espainiako Diputatuen Kongresuan trans pertsonen eskubideak jaso eta babestuko dituen lege bat onartzeko aukerari so, eta, sortu den zalaparta ikusita, harridura da nagusi. Agerian geratu da eztabaida horren atzean interes alderdikoiek eta protagonismo nahiak bat egin dutela bidean, eta horrek mesede txikia egiten diola defendatzen dutenari. Horren argibide garbia PSOE alderdiaren jarrera dugu: Nafarroatik ikusita, ez dugu ulertzen erakutsi duen jarrera, Nafarroako LGTBI+ legearen izapidetzean eta onarpenean PSNk proposatu eta defendatu zuena gogora ekartzen badugu. Nafarroako LGTBI+ legeak trans pertsonen eskubideei buruzko atal luzea du, eta garrantzitsuena jasotzen du: pertsona ororen genero-autodeterminazio eskubidea.

Erakutsitako zalantzazko jarrera horren aitzinean (edo jarrera estrategikoaren aitzinean) bat egin dute lege horrek emakumeen ezabaketa ekarriko duen ustea defendatzen duten taldeekin. Aitzitik, ez da honelakorik gertatu genero-autodeterminazio eskubidea jasotzen duten legeak dauden herrialdeetan. Autodeterminazio eskubideak esan nahi du inork ez diola emakume bati esan behar hala den ala ez. Ezta gizon bati ere.

Aliantza bitxiak ikusi ditugu; era berean, ikusi dugu deus gutxi esaten dutela emakumeek historian zehar patriarkatuaren uztarpean izan duten benetako ezabatze sistematikoaz: zientzietan ezabatutako emakumeak, emakume bakar bat ere ez dagoen Filosofiaren Historiako hezkuntza-curriculumean ezabatuak, erabaki-organoetan ezabatuak, oinarrizko eskubideetan ezabatuak, hizkuntzan ezabatuak...

EHGAM-Nafarroak genero-autodeterminazioa jasotzen duen trans lege baten aldarrikapenarekin bat egiten du, eta estatu-mailakoa izatea defendatzen du, Nafarroako legea oso ona izanik ere eskubide jakin eta garrantzitsu batzuetan motz geratzen baita.

Nafarroako legea onartu zenean, Estatuak helegite-mehatxua egin zuen, baldin eta argi geratzen ez bazen honako hau: «interesdunaren nortasun juridikoa ezin izango da aldatu martxoaren 15eko 3/2007 Legean araututako erregistro-inskripzioaren zuzenketa egiten ez den bitartean». Ezein autonomiak ezin du aldatu erregistroan pertsonaren generoari buruzko informazioa. Eskubide hori Madrilen legeztatzen da.

Joan den martxoaren 17an gogorarazi genuen duela hiru urte soilik ezabatu zela transexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik, non genero-disforiaren gaitzat hartzen baitzen. Erregistro-zuzenketa arautzen duen 3/2007 Legean jasotakoa atzean ez uztea trans pertsonen aurkako indarkeria instituzionaleko ekintza bat da; izan ere, lege horretan jasota dago genero-disforia diagnostikatu zaion sexuaren aipamena erregistroan zuzentzea erabakitzeko betekizunen artean, eta, horretarako, medikuaren edo psikologo klinikoaren txostenaren bidez egiaztatu behar da; baina, horrez gain, bi urteko medikalizazioa eskatzen zaio aldarrikatzen duen genero-adierazpen sozialera hurbiltzeko. Beste era batera esanda: nahasmendu mentala duten eta medikalizazioa behar duten pertsona gisa tratatzen dira.

Zinez aurrera egin genuen, lege-mailako trantsitoa egiteko genitalen esku-hartzerik derrigorrezkoa ez zela jasotzen zuen legea onetsi zenean. Orain despatologizazio errealaren unea da, pertsona ororen eskubide besterenezintzat hartzea. Inork ez digu erraten nor garen.

PSOEri eskatzen diogu, exijitzen diogu, koherentzia: defenda dezala Madrilen hainbat erkidegotan babestu duen eskubidea.

Guk, benetako berdintasuna erdiestearren, trans pertsonen taldeekin elkarlanean segituko dugu karriketan zein instituzioetan. Eta bide hau transfeminismoaren ondoan eginen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.