Qatarko Munduko Kopa. Rothna Begum. Human Rights Watcheko emakumeen eskubideen alorreko ikertzailea

«Emakumeei beren bizitzaz erabakitzea ukatzen diete Qatarren»

Qatarko Konstituzioak sexu berekoen arteko berdintasuna bermatzen badu ere, errealitatean diskriminazioa erabatekoa da; Begumen hitzetan, lege sistema ez da kohesiboa edo argia: «Legeen, politiken eta praktiken nahasketa bat da».

BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Asma, Aisha, Noof, Maha, Um Qahtan... Izen asmatuak dira guztiak. Rothna Begum Human Rights Watcheko ikerlariak dioenez, izen horietako bakar bat ere ez dator bat 94 orrialdeko txostena egiteko elkarrizketatu zituen 73 emakumeen benetako izenekin. Egin behar dudan guztia gizon bati lotuta dago: Emakumeak eta gizonezkoen tutoretza arauak Qatarren. Hori da ikerketaren izenburua. Gobernuz Kanpoko Erakundeak debekatuta daude Qatarren. Elkarrizketak, beraz, telefono edo posta elektroniko bidez egin zituen, aplikazio enkriptatuak erabiliz, elkarrizketatuen segurtasuna bermatzeko. Ikertzaileak berak ere nahiago izan du bere datu pertsonalik ez eman, jaiolekua eta bizilekua, esaterako.

Begumek Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako emakumeen eta nesken aurkako diskriminazioa eta indarkeria aztertzera bideratu du bere lana. Iraken, Kuwaiten, Libanon, Arabiar Emirerri Batuetan eta Yemenen izan da, besteak beste. Aurretik, Amnesty Internationalerako egin zuen lan Golkoko estatuetako giza eskubideen urraketak ikertzen. Nazioarteko zuzenbidean, islamiar zuzenbidean eta teoria juridikoan lizentziaduna da Londresko Ekonomia eta Zientzia Politikoen Eskolan.

Zein da emakumearen egoera Qatarren?

Qatarko legeek, erregelamenduek eta jardunbideek gizonezkoen tutoretza sistema ezartzen dute, eta arau diskriminatzaile horrek emakumeei beren bizitzei buruzko funtsezko erabakiak hartzeko eskubidea ukatzen die. Emakumeek gizonen baimena lortu behar dute ezkontzeko, gobernuaren bekekin atzerrian ikasteko, enplegu publiko askotan lan egiteko, adin jakin batzuetara arte atzerrira bidaiatzeko eta ugalketa-osasuneko zaintza jakin batzuk jasotzeko. Gizonen tutoretzak mugatu egiten du emakumeek modu independentean bizitzea. Emakume helduak adingabe gisa tratatzen dituzte.

Bigarren sexua dira...

Bai. Tutoretza sistemak indartu egiten du gizonek emakumeen bizitzetan duten boterea eta kontrola, eta horrek indarkeria egoerak susta ditzake; aukera gutxiago ematen dizkie emakumeei gehiegikerietatik ihes egiteko. Ezkondutakoan, emakumea prozesatua izan daiteke,uko egiten badio sexu-harremanak arrazoi legitimorik gabe izateari. Zigor Kodeak ezkontzatik kanpoko sexu mota guztiak zigortzen ditu, zazpi urterainoko espetxe zigorrekin. Musulmanak badira, harrikatzera ere kondena ditzakete. Gizonak ematen duen edozein zantzu nahikoa izan da emakumea auzipetzeko. Etxeko indarkeriari buruzko legeriarik ez dagoenez, emakumeak babesik gabe daude abusuak direla eta.

Txostenean adierazten duzu arau horietako askok ez dutela inolako lege oinarririk, eta Qatarko Konstituzioaren beraren aurkakoak direla. Nola ulertzen da hori?

Ez da lege sistema argia. Legeen, politiken eta praktiken nahasketa bat da; horien arabera, emakume helduek tutore maskulino baten baimena lortu behar dute jarduera zehatzetarako. Betekizun horiek kontraesanean daude, zuzenean, bai Familiaren Legearekin [pertsonek 18 urte betetzen dituztenean amaitzen da tutoretza], bai eta hango konstituzioarekin [sexuagatiko bereizkeriarik gabe, legearen aurreko berdintasuna ezartzen du]. Erronka da lege diskriminatzaileei buruzko argitasun edo informazio falta amaitzea.

Emakumeek badute horren berri?

Askok ez dakite zein diren tutoretza sistemaren arau ofizialak edo horien lege oinarria. Goi mailako ikasketak dituzten emakumeek, beren burua alderdi askotan «pribilegiatu» gisa deskribatzen dutenek, uste dute arau horiek iraingarriak direla. Batzuek babesa ematen dieten gurasoak eta senarrak dituzte, eta haien erabakiak babesten dituzte. Beste batzuek, ordea, bizitza pribilegiatua dutenean ere sentitzen dute, tutoretza arau apalesgarrien bidez, neskato gisa tratatzen dituztela. Arau horiek autonomia murrizten diete, eta edonoiz erabil daitezke haien aurka, eskubideak ukatzeko eta estortsioa egiteko. Batzuek aipatu izan dute nola euren osasun mentalarikalte egin dion horrek, autolesioen, depresioaren, estresaren eta suizidioaren ideian lagunduz.

Gauza bat da papera eta beste bat errealitatea...

Hala da. Emakumeen aurkako diskriminazioak erakusten du agintariek begirune eskasa diela haien eskubideei. Genero berdintasuna sustatu beharrean, ziurtatu dute gizonek erabaki ahal izango dutela emakumeen eskubideei buruz. Agintariek hori bermatu nahi dute, emakumeek erabakiak modu independentean hartu ahal izango dituztela ziurtatu beharrean.

Badira sare sozialetanhitz egiten ari diren emakumeak. Zirrikitu bat zabaltzen ari dela uste duzu?

2019ko abuztuan, hainbat emakumek kontu anonimo batetik txiokatu zuten herrialdeak gizonezkoen tutoretza sistema ezartzen jarraitzen zuela. Saudi Arabiak gizonezkoen babes sistema drakoniarrari zenbait erreforma egin ondoren egin zuten, hango emakumeek inspiratuta. Baina 24 orduan emakumeek kontua itxi zuten, bat galdekatzera deitu ostean. Sareetan hitz egiten aritu diren emakumeek jarraitzaileen eta agintarien jazarpena jasan dute. Emakumeak isilarazi eta zentsuratu egiten dituzte, gehiago hitz egin ez dezaten. Era berean, ez dago emakumeen eskubideen aldeko erakunde independenterik haien urraketak salatzeko eta gobernuaren aurrean defendatuak izateko. Txostenerako hitz egin zuten emakumeek gobernuak haien istorioak entzun eta aldaketa positiboak egiteko aukera izango zutelakoan hitz egin zuten.

Eta uste duzu hala izango dela?

Qatarrek behin eta berriz aipatzen du hiru ministro emakume dituela, emakume lizentziadun gehiago daudela gizonak baino. Baina bereari eusten dio. Bada garaia emakumeak berdintzat hartzen hasteko.

FIFAk esan du Munduko Kopa inflexio-puntua izango dela eskubideetan aurrera egiteko.

FIFAk oso gutxi egin du Qatarko emakumeen errealitatea aldatzeko. 2010ean, Munduko Kopa eman ziotenean, ez zuen giza eskubideei buruzko ebaluaziorik egin, eta ez zuen baldintzarik ezarri. FIFAk diskriminaziorik ezari buruzko politikak ditu, baina gutxi egin du horiek betearazteko. Askok espero dute Qatarrek arau batzuk zuzendu ahal izatea futbolaren harira lortu duen arretarekin, baina FIFAk ezer gutxi egin du hori berma dadin.

Asko hitz egin da etorkinek estadioen eraikuntzan izan dituzten lan baldintzei buruz; hala ere, ia ez da hitz egin etxeetan ia esklabo gisa lan egiten duten emakume atzerritarren baldintzei buruz. Indiako, Bangladeshko, Nepalgo emakumeak... Zer dakizu horien egoeraz?

Egoera ankerrean bizi dira. Dirutza ordaindu behar dute herrialdean lan egiteko, eta horrek zorren morroi izatera kondenatzen ditu. Gaizki ordainduta daude, batzuetan soldataren parte bat kentzen diete, eta sekulako lanaldiak dituzte. Gainera, gehiegikeriei aurre egin behar diete, sexu jazarpenari eta mugimenduen murrizketei barne. Egoera zaurgarriagoan daude, eta ihes egiteko aukera gutxiago dituzte.

Kaltham Jaber Qatarko Unibertsitateko irakasleak dioenez, Koranak eskubide argiak ematen dizkie emakumeei, eta eskubide horiek ukatzeko edozein saiakeraren sustraiak gizonek emakumeak kontrolatzeko duten nahia da. Argi dago xaria gizonek interpretatu dutela, ezta?

Feministek eta beste aditu islamiar batzuek argudiatu dutenez, koranaren aginduek sexuen arteko berdintasuna eta errespetua defendatzen dituzte. Dena den, gizonen tutoretza ez da lege eta historia islamikoarena bakarrik; mundu osoko beste lege eta tradizio batzuen historia eta testuinguru zabalago batean ere badago, gizonei emakumeen bizitzaren gaineko kontrola ematen baitiete, edo emakumeei gizonen adinako gaitasun juridikoa ukatzen baitiete. Arabiako VII. mendeko lege islamikoaren arabera, emakumeek jabetza eskubideak zituzten, baita ezkondu ondoren ere, eta heredatu ahal zuten; aldiz, Europako zenbait lege tradiziotan eta geroago Estatu Batuetan, emakume ezkonduek beren nortasun juridikoaren zati bat galtzen zuten, eta haien jabetza senarrarena bihurtzen zen, euren senarrak euren babesletzat hartzen baitziren.

Akaso, Mendebaldeko begirada kolonialarekin begiratzen diegu emakume musulmanei...

Garrantzitsua da begirada kolonial hori ez aplikatzea. Historiak erakutsi duen bezala, emakumeak mundu osoan borrokatu diratutoretza autoritate maskulino etapatriarkalaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.