Gutizia garestia dastatzeko eguna

Bihar jokatuko da lehen jaialdia Nafarroa Arenan, 3.000 ikuslerentzako pilotalekuan, frontoi egitasmoa aurkeztu eta hamar urtera. 64 milioi euroko kostua izan du, eta bost urte egin ditu itxita irekieraren zain.

Nafarroa Arena Iruñeko pilotaleku berriko kantxa eta harmailak. IÑAKI PORTO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Bihar iritsiko da pilota hotsa Nafarroa Arena pilotalekura. Hamar urte baino gehiago pasatu dira pabiloi erraldoiaren egitasmoa aurkeztu zenetik, eta azkenean zentzu pixka bat hartuko du. Krisiaren aurretik, garai onak ziren ustez, Nafarroako Gobernuak kirol azpegitura faraoniko bat abian jarri zuen, eta urteek bere zama handitu egin dute. Azkenean, baina, Gobernuak lanak bukatu eta irekitzea erabaki du, eta pilotalekuko harmailak beteko dituzten 2.982 ikusleek gutizia garestia dastatu ahal izango dute.

Masters torneoko finalarekin irekiko da Nafarroa Arena. Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak Joseba Ezkurdiaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko dute —azken horiek 22-21 irabazi zieten atzo Mikel Urrutikoetxeari eta Julen Martijari—. Duela hamar urte hasitako folletoi baten azken atala izango da. Ez da orokorkeria bat, egitasmoa 2008ko apirilean aurkeztu baitzuen Nafarroako Gobernuak, eta balizko egitasmoen lehiaketa ireki zuen. Hamar urte, eta ia sei hilabete pasatu dira. 2009an egitasmoa «berriro zehaztu» egin behar izan zen, eta urte hartako irailean hasi ziren lanak. 10.000 ikuslerentzako pabiloia eta 2.500 ikusletik gorako pilotalekua, «finalak Nafarroara ekartzeko», esan zuen garai hartan Jose Javier Esparza Nafarroako Gobernuko kirol zuzendariak.

Sadar estadio alboan dago Nafarroa Arena, eta hasieran zehazturiko 56 milioi euroko aurrekontua motz gelditu zen. Epeak ere ez ziren bete, lanak 2011ko udaberrirako bukatuak egongo zirela esan baitzuten. Nafarroa Arenan pilotaleku bat eraikitzea, dena den, ezin da ulertu Bizkaia pilotalekuaren kontrapisu gisa. Bilboko pilotalekua, 3.000 eserlekukoa hura ere, 2007an aurkeztu zuten, eta 2011n jokatu zen lehen partida.Final handiak artzeko bien arteko lehia espero zen, baina talka hori asko atzeratu da.

Bizkaia pilotalekuak bi urteko atzerapena izan zuen, baita Nafarroa Arenak ere. 2011 behar zuena 2013 bilakatu zen, eta hortik dator, besteak beste, lanak hasi zituen enpresak Gobernuarekin hasitako auzibidea. 2013an lanen «%90» eginda zeuden, xehetasun txikiak falta ziren irekitzeko. Alegia, data jartzea eta azken bultzada. Baina irekitzeko, pabiloiari jaten eman behar zitzaion, ekitaldiak lortu, eta egun, Iruñean, ez dago 10.000 ikuslerentzako pabiloi bat behar duen kirol jarduerarik.

Pabiloiak bost urte egin ditu itxita. Mantentzeak eta segurtasunak 250.000 balio zuen urtero. Irekitzeko, baina, oraindik diru gehiago behar zen: lbaimenak, azken lanak... Azken lan horiek ere garestiak izan dira, 2014ko azaroan Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, 2016ko aurrekontuetan sei milioi euroko partida bat bideratu zuten lanak bukatzeko.Gobernuak 2017an eman zuen lan eta baimen guztien kostuaren berri: 64.033.275 euro.

Lehen irekiera zurrumurruak 2016an hasi ziren, betiere pilota jaialdiren batekin, baina bi urte barru iritsi da eguna. Aurretik, eraikinaren kudeaketa eredua ere zehaztu behar zen, eta NICDO enpresa publikoaren esku dago, besteak beste Los Arcoseko zirkuitua kudeatu duenaren esku. Javier Lakunza da pabiloiaren kudeatzailea, eta esana du instalazioa bideragarria izan daitekeela finantzaketa publikoaren laguntzarekin: «900.000 euro nahiko genituzke, baina 500.000ko bat izango dugula pentsatzea errealistagoa da». Oraingoz, bi pilota jaialdi daude aurreikusita, biharkoa eta lau eta erdiko finala, eta 2019an Cirque du Soleilen zortzi funtzio. Guztien sarrerak salduta daude. Kudeatzaileen asmoa dakontzertuak erakartzea, eta kirol ekitaldi handiak. Inor ez dadila harritu bost urte barru Espainiako saskibaloi kopa Iruñean antolatzen bada.

Errebote txikia eta sarea

Nafarroa Arena bete egingo da bihar, egunak dira sarrera guztiak salduta daudela. Pilotariek ezin izan dute kantxa ondo probatu, baina pilotakada bakan batzuk jo dituztenek diote pilotaleku ona dela. Ikusi beharko. Bizkaia pilotalekuarekin alderatuta jasoagoa da, hein handi batean kontrakantxa, harrizkoa, askoz estuagoa delako. Hamar koadro eta erdi ditu, eta ez du erreboteko paretarik izango. Hala ere, badaezpada, lehen partidetan babes bat jarriko dute atzean pilotariek kolpea askatzean erreferentzia bat izan dezaten. Sarerik ere ez du izango pilotalekuak, eta pilotaren batek frontisaren gainetik ihes egiten badu, langile batek itzuliko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.