Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Alaia

2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Udarekin batera izaten ditu aldaketak irrati programazioak. Kurtso osoan aurkezle lanetan eta saio gidari dabiltzanek opor garaia izaten dute, eta irratietako programazioak aldaketak izaten ditu. Udan, guztiak hartzen du beste erritmo bat, eta saio guztiak izaten dira freskoagoak. Ideia hori izaten da behintzat; nahiz eta gauza gutxi gertatzen diren garaian ez den erraza saio freskoak egitea. Bereziki zaila iruditzen zait irratietan udako arratsaldeetako programak osatzea. Goizetako magazinetan kontatu litekeen ia guztia kontatzen dutelako. Euskadi Irratiko Baipasa saioa, Blaipasa bihurtu da, eta Unai Iradik asmatu du urte osoko ildoari freskotasuna ematen. Frantziako Tourreko lantaldea telonero dutela aritzen dira, saioaren hasieran txirrindularien erritmoak markatzen duela.

Udak beste erritmo bat du, eta udak ekarri du bigarren urtez Herritmia saioa Euskadi Irratira. Alaia Martin Euskal Herriko herri desberdinetan entzungo dugu; tokian tokiko kondairak, lanbideak, toponimia eta ohiturak ezagutzen lagunduko diguten lagunekin solasean. Saioaren sarreran, Alaia Martinek herrian kokatuko zaitu, GPS zehatzenak bezala, baina bere estilo eta begiradarekin, hitzekin dantzan. Mikel Belasko Onomastika Elkarteko kideak herriaren izenaren jatorria zein izan daitekeen azaltzen du, eta ondoren hasten dira herrien taupada zein den azaltzen elkarrizketa bidez. Polita da jendea bere herrian, kalean bertan, haur zireneko garaiei buruz hitz egiten entzutea: non jolasten ziren, herriko martxa zein zen eta orain zein den lehen eskutik jakitea. Alaia Martinen gidoiak bikain josita daude, Joxe Alkainen teknika eta errealizazioarekin. Aurtengoan, Mendaro, Bermeo, Zalduondo, Biriatu, Lekunberri, Iurreta, Usurbil, Ziburu, Arantza eta Irisarri.

Ederra da Alaia Martinek irratigintzari egiten dion ekarpena. Kurtsoan zehar, Faktorian egindako Hitz-pirazio tartea, adibidez. Hitzaren magoa, hitz jokoen malabarista, esamoldeen trapezista izan daitezke berari buruz esan nitzakeenetako batzuk. Hitzekin lan egiten, lantzen, errimatzen eta erritmotzen ohituta dagoela sumatuko du entzuleak Alaiak egindako saioetan. Herritmiaren ondoren emango dituzte Zubiak saioaren errepikapenak, nahiz eta ni saio berrien esperoen geratzen naizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.