Emakumeen Bira

Haizearen menpe

Lourdes Oiarbidek uste du aldeak handitzeko balioko duela gaurko erlojupekoak, baina azken bi etapetan badagoela tokia aldea iraultzeko. Movistarreko txirrindularia ez da ariko azkenean, erretiratu egin baita Biran.
Lourdes Oiarbide, ahalegin betean, aurtengo erlojupeko batean.
Lourdes Oiarbide, ahalegin betean, aurtengo erlojupeko batean. BERRIA

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko maiatzak 20
Aurtengo Biran etapa batek ikusmina sortu badu, hori gaur Agurain eta Gasteiz artean jokatuko den 27 kilometroko erlojupekoa da. Ingurua ondo ezagutzen du Movistarreko txirrindulari Lourdes Oiarbidek (Egino, Araba, 1994). Maiz entrenatzen da inguru horietan, eta honela azaldu ditu etaparen ezaugarriak: «Aparteko zailtasun teknikorik ez duen erlojupekoa da: ia lerro zuzenean, Agurain eta Gasteiz arteko bidea egiten du. Erdialdean dauden bi igoera txiki eta motz izan ezik, laua da. Baina oso luzea da; haizeak kontra jotzen badu, gogorra egingo da, eta espezialistek aldea handitzeko aukera izango dute».

Batez ere azken zatia egingo da gogorrena, haren irudiko: «Oso zuzengune luzeak ditu, eta, pedal kolpe onarekin ez bazoaz, asko sufri dezakezu. Dulantzitik atera, eta amaigabea egiten da helmugara iritsi bitarteko zatia. Psikologikoki indartsu egon beharko dugu. Izan ere, gu ez gaude ohituta hain erlojupeko luzeak egitera, baina World Tour mailan halakoak izaten dira».

Oiarbideren arabera, funtsezkoa izango da hasieratik bizikleta gainean erritmo ona hartzea: «Horretarako gakoa da bizikletara ondo egokitzea, eta jarrera on batean joatea. Gainontzean, gorputzak asko sufritzen du, batez ere bizkarrak». Berak, adibidez, astean behin lantzen du erlojupekoa entrenamenduetan: «Ohitu egin behar duzu jarrera horretara, eta erlojupekoak eskatzen duen pedal kolpearen kadentziara. Izan ere, ez du inolako zerikusirik ohiko etapa batekin».

Ezaugarri horiek kontuan hartuta, bi faborito argi ikusten ditu irabazteko: Annemiek van Vleuten (Mitchelton) eta Anna van der Breggen (Boels). «Pedal kolpe indartsuena dutenak dira, eta halako erlojupeko batean hori behar da, indarra. Gainera, espezialistak dira erlojupekoetan».

Gaurkoak lasterketa erabakita utz dezakeen, hori da gehienen galdera, eta, bigarren etapa izanda, ez ote dien ikuskizuna kenduko biharko eta etziko etapei. Horren inguruan, iritzi hau du Oiarbidek: «Alderantziz. Erlojupeko bat jartzeak osoagoa egiten du lasterketa. Ibilbideari erreparatuta, uste dut aurtengo Birari falta zaion bakarra esprintean amaituko den etapa bat dela». Gainera, aldeak egon arren, biharko eta etziko etapetan alde hori txikitzeko adina leku badagoela nabarmendu du. «Denbora galtzen duten txirrindulariek mugitu egin beharko dute, eta asko galtzen dutenek ihesaldietan sartzeko aukera izango dute. Beraz, ikusleentzat politagoa izango da. Mugimendua bihartik aurrera hasiko da, eta, nire ustez, Urkiolan erabakiko da lasterketa, azken egunean».

Triste erretiratu ondoren

Oiarbide ilusioz zegoen gaurko etapari begira. Erlojuaren aurka espezialista izaki —Espainiako Txapelketa irabazi zuen iaz—, postu on bat lortu nahi zuen, eta behin eskartzen hasita, aurten World Tour lasterketa batean eskuratutako onena hobetu, 36. postua, hain zuzen ere. Baina ezingo da lehiatu. Erori egin zen atzo Birako lehen etapan, eta erretiratu egin da. Lasterketa utzita, «sekulako» pena zuen txirrindulari arabarrak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna