Mikel Zumeta.
HERTZIOAK

Ahots argiak

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Goizalde Landabaso BERRIAko kolaboratzaileak —kazetaria, idazlea— Radio Euskadin Hágase la luz saioa gidatzen du asteburuero. Larunbat eta igandero goizeko zazpietatik zortzietara egiten du saioa, argia, argitsua, argigarria.

Ahots gaztea dauka Landabasok, entzuten dugularik, haren doinuak, tonua; pertsona gazte baten irudira bideratuko gaitu. Eta astero landuko dituen gaiak jorratzeko duen moduak ere gaztea den norbaitengana zuzenduko gaitu. Duen irrikak, zabaldurak, jakinminak, hautatzen dituen gai eta elkarrizketatuei nola egiten dien aurre, eskertzekoa da.

Alaia, pausatua, eta sakona; galderak itauntzen ditu, disekzio ariketa intimoan. Halakoa da saioa, eta saioan gidariaren harridura eta jakinmina gakoa dira geu entzule bezala harekin geldi gaitezen, argigarriak diren aferez, Landabasorekin batera jabetu gaitezen, argia pizten denean, elkarrizketaren bitartez ikasteko, munduaz.

Goizalderekin duela gutxi oroitu naiz, Oier Aranzabalen Barruan gaude saioak eskaini zion atalarengatik, gozagarria eta argitsua. Eskertzekoa Oierren lana ere. Ez da nire asmoa Mashup edo Crossoverra egitea bien artean, ez kezkatu, datorrengo batean helduko diot Oierri.

Gaurkoan Goizalderen leihoa irekiko dugu, argia sar dadin. Denetariko gaiak landuko ditu saioan: historia, literatura, filosofia bezalako gaiak jorratu eta orainarekin lotuko ditu. Bizitzea tokatu zaigun gaurkotasunari kaleidoskopioarekin begiratuko balio bezala. Ohikotik kanpo geratuko diren albisteak, gonbidatu jantziekin eztabaidatuko ditu, beti informazioa argigarriki landuz.

Asteburu goizetarako ezin hobea da beraz Hagase la luz, gosariarekin edo hamaiketakoarekin lagunduta bada, are eta hobeagoa. Tartea eskaintzen digu arnas hartzeko, entzuteko eta galdetzeko: Nolakoa da euskal herriko hizkuntz errealitatea? Edo, zer-nolako lotura dauka poesiak eta filosofiak? Zertarako balio du filosofiak? Zer gertatzen ari da migrazio prozesuekin? Nolakoa izan da emakumeak historian zehar pairatu duten biolentzia? Eta, aldiro, saiatuko da argitzen gaia sakonean ezagutzen duten elkarrizketatuekin, batzuetan; dikotomiko, ilun edo lainotsua dirudien geure mundu hau. Profita dezagun, beraz, goiz eguzkitsuaz bezala, nagiak astintzeko, ideiak zirikatzeko, hausnartzeko, egin bedi asteburuetan argia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.