Mikel Zumeta.
HERTZAK

'Eduki' aditza

2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko ekoizpenen eta podcasten sormena eta zabalkundea abiadura handiko artefaktua da. Etengabe sortzen dira edukiak, zein baino zein berriagoa, aukera askotariko eta berehalakoa da, egunerokotasunari taupada hartzen dion estetoskopioa.

L'heure du monde, Le Monde egunkariak egunero aireratzen dituen podcast pilulak dira. Hogei minutu inguru irauten duten informazio eta analisi kinadak. Spotify plataforman daude eskuragarri eta egunero, haien hitzetan denborari pultsua hartzen diotenak.

Kazetaritza frantsesak ikerketa periodistikoan eskarmentu luzea dauka; iaioak dira diziplina horretan, eta edukia zorionez joria eta mamitsua da. Le Monde-k pilulatxo horietan sintesi txikiak zabaltzen ditu, politika, zientzia, historia eta abar luzean zehar mintzatuz.

Aurreko batean AEBetako Joe Rogan podcasterraren aferaz ari zirela, neure arreta guztia bereganatzea lortu zuten. Roganek AEBetan gehien entzuten den podcasta aurkeztu eta zuzentzen du. Geure mundu okzidental-zentrikoan esan daiteke munduko podcastik entzunena dela.

Roganen saioa, The Joe Rogan Experience, elkarrizketa saioa da, ordu bateko eta hiru ordu bitarteko atalak daude entzungai Spotifyn, plataforma hori baita saioa finantzatzen duena.

Rogan, berriki, polemika entzutetsu batean murgildu da, COVID-19aren txertoaren kontrako Robert Malone gonbidatuari eskainitako atala dela eta. Saioaren ostean, Neil Young eta beste musikari askok plataforma uztearen aldeko aldarria luzatu dute, plataformak gezur, nahasmen eta informazio kaltegarria zabaltzen dituela salatuz. Horrez gain, bigarren planoan zirauen plataformaren ordain sistema eskas eta musikariekiko kaltegarria den monetizazio moduarekiko mesfidantza handitu du.

Spotify plataformak abestien entzunaldiekin lortzen ditu etekinak, baina konturatu da royalty-ak ordaintzea baino probetxugarriagoa dela podcast formatua ustiatzea, kostuaren eta etekinaren arteko tartea kontuan harturik plataformari mesedegarriagoa zaiolako.

Abiadura handiko edukiak ekoizten ari den gizarte batean bizi gara. Galdera hau da: denak balio du? Diskurtso nahasiak ditugu, irabiatuak, masa kulturaren ezaugarrietako bat da, har dezagun gustukoen duguna, bazter dezagun atsegin ez duguna. Frankenstein informazionala, baina ez ahaztu Frankenstein doktorea zela, eta haren lana, munstro bat, izenik gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.