Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Pausoa emateko

2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Bi legebiltzar, klik bakarra. Aurrerapausoa izan zen, iaz, El parlamento de las ondas izeneko politikarien mahai-ingurua bikoiztu izana REn, bideratu baitzen larunbat goizetan Gasteizko eta Nafarroako legebiltzarrek nork bere eztabaida saioa edukitzea, denbora berean. Aurrerapausoa izango litzateke biek ere aukera berdintasunean emititzea, saretik zuzenean; izan ere, REren webguneak egun soilik EAEkoa eskaintzen digu. Zergatik ez jarri eskura Radio Euskadi plus klikatzeko alternatiba, futbolaren mesedetan jarri ohi digutena? Aurrerapausoa izango litzateke Crónica de Euskadi-fin de semana izenburu hori eguneratuko balute. Saioak bere albistegia batik bat Nafarroa eta Euskadiko gertakizunekin osatzen duenez, eta bi komunitateetako politikarien eztabaidak antolatzen dituenez, zergatik ez izan errealitatearekin zintzoagoa, inklusiboagoa, eta izendatu Crónica de (Hego) Euskal Herria-fin de semana?

Bizitzako ikasketa. Larunbat goizetan genero ikuspegikotailer trinkoa bi saiotan sekuentziatuta daukagu aditzeko, gizonontzat bereziki gomendagarria. Kritika eta gogoeta argigarriak gizabanakoen zein gizarte oso baten mentalitateak eta jarrerak aztertzeko, lehenbizi, eta eraldatzen saiatzeko, bigarrenik. Onintza Enbeita eta Arantxa Urretabizkaia datozkigu 10:10ean EIn, Nagore Telleria gai jartzailea ondoan, Amarauna magazinean eta hamabostero (hilaren 22an, hurrengoa). Eta, ordubetera, Urretabizkaiak errepikatzen du, Irantzu Varela bikote duela, Mas que palabras-en, REn.

Orekarik ez tx-rekin. Barkagarria izan liteke Almudena Cachok bi solaskideak aurkezterakoan «Con ustedes, Irantxu y Arantxa» esanez astero entzumenean eragiten digun kirrinka, merezi baitu ondoren datorkigun ideien zaparrada (nola ez, Varela tartean dela). Ez baitira bi pailazo, bi iritzi emaile baizik. Helduko da eguna non REk fitxatuko duen Enbeita, eta orduan bai, Cachok zirku bateko aurkezlea emango du orduan. Egin kontu: Onintxa-Irantxu-Arantxa.

Belarrira min. Euskal Herriko toponimia izendatzerakoan eman dira pausoak EITBn azken urtetan, jatorrizko izenekin koherentea izango den irizpide bateratzailea erabiltze aldera. Baina oraindik ere nomenklatura belarri-mingarriak entzuteko gaude. Urrutira gabe, Donibane Garazi eta Roncesvalles esaldi berean, atzo goizeko albistegietan, REn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.