Uxue Razkin.
PLAY ETA ENTZUN

Literaturaren aztikeria

2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Antzinatean, irakurketa ez zen egun ohituta gauden moduan egiten. Salbuespenak salbuespen, ozen irakurtzen zuten erromatarrek eta greziarrek; euren logeletan ahoz goran bakarka errezitatzen zuten edo senitarteen ala lagunen aurrean eleei soinua ateratzen zieten.

Gaur-gaurkoz, aukeran, nahiago dugu liburuak irakurtzea entzutea baino. Dena den, horrek ez du esan nahi hori egiteko baliabiderik ez dugunik. Esaterako, sarean baditugu audioliburuak eta literatur podcastak. Azken horren adibide da Xerezaderen Artxiboa, Ana Moralesek eta Jasone Larrinagak zuzentzen dutena, alegia. 2011n abiatu zuten proiektua eta, egia esanda, munduko literatura euskaraz entzuteko aukera ezin hobea da.

Atal bakoitzak ordubete irauten du gutxi gorabehera, eta euskarara itzulitako ipuinak, laburrak zein luzeak, entzungai dira. Ekuazio xumea da: saio bakoitza, ipuin bat. Bertan, atzerritarrak diren idazleen narrazioak topa daitezke, hala nola Alice Munro, Ursula K. Le Guin eta Charlotte Perkins-Gilmanenak. Halaber, badira bertakoen kontakizunak ere, horrela oreka mantenduz: Bea Salaberri, Iñigo Aranbarri eta Joxe Azurmendirenak, besteak beste.

Ipuinaz gain, sarreratxoan, idazlearen biografia laburra, estiloa, hautatutako ipuinaren edukia eta itzultzailearen izena azaltzen dizkiote entzuleari. Horren ondotik, saioaren muina. Literatura perla. Play tekla sakatu bezain pronto, Moralesen ahotsaren kadentziak harrapatzen zaitu. Ez duzu ezer egiterik gozatu baino, irakurketa kartsu baten hatzaparretan erortzea besterik.

Letra idatziak soinu bihurtzea sorginkeria zela pentsatzen zuten antzinako garaian. Hala azaltzen du Irene Vallejok El infinito en un junco liburuan. Erromatarrek eta greziarrek uste zuten testu orok behar zuela ahots bizi bat, testu hark osotasuna lor zezan. Horregatik, norbait ozen irakurtzen hasten zenean, nolabaiteko deabrutze kasu bat pairatzen ari zela irizten zioten. Idazlearen hatsa irakurlearen laringean. Aztikeriak Xerezaderen Artxiboa-n. Bai ederra.

Haurra nintzela, amak ipuin bat kontatzen zidan gauero. Kontakizuna amaitzen zuenean, erregutu egiten nion, arren, irakur ziezadala beste bat. Xerezaderen Artxiboa podcasteko atal bat amaitu dudan aldiro sentitu dut hori: «Mesedez, kontatuko al didazu beste ipuin bat?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.