Uxue Razkin.
PLAY ETA ENTZUN

Hernandezen beste paperak

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Urriaren 30a Miguel Hernandez poetaren jaiotzaren urteurrena izan zen, sortu zenetik 110 urte bete ziren. SER kateak, hura omentzeko asmoz, podcast bat abiatuko zuela jakinarazi zuen. Iragarpen horrek berehalakoan piztu zidan jakin-mina: haren obrari errepasoa emango ote diote tarteka poemak eta gutunak irakurriz? Dena esanda badago, zer eskainiko ote dute berri? Apika, haren bizitza txatalak kontatuko dituzte kronologikoki? Aukera ugari.

Harritu ninduen Memoria: bi prozesu poeta baten aurka podcastak, ez zelako haren obraren inguruko saio bat —haren poesiaren zipriztinak agertzen badira ere—, ezta haren biografia hutsa ere. 36ko gerra amaitu berritan, frankismoak Hernandezen kontrako bi epaiketa sumarioen inguruko kontakizuna baizik.

Ezaguna nuen Hernandezek kartzeletan pairaturiko sufrimendua idatzitako poemei eta gutunei esker, baina irakurri gabe nituen dokumentu ofizial horietan azaltzen diren narrazioak; akaso poesiatik oso urrun daudenak, bada, aseptikoak diren arren, modu berean, fikzioaren ukitua dutenak.

Hala, Espainiako Defentsako Agiritegi Orokorrean kontserbatu diren dokumentu horiek oinarri hartuta, eraiki dute memoria, garai jakin horren gertakariak berritu dituzte, alegia. Jose Luis Sastre kazetariak gidatuta eta Juan Echanove eta Nancho Novoren ahotsek lagunduta, prozesu horietan aurkeztu ziren dokumentu garrantzitsuenen kontaketa egiten da. Horietan poetak jasandako itaunketak, haren alde eta kontrako aitortzak, prozesu horietan agerikoak ziren akatsak, eta epaiketak azaltzen dira. Bost atal ditu (bonus track moduko bat ere badu: Lucia Izquierdori, poetaren errainari egindako elkarrizketa), eta bakoitzak 10-15 minutu irauten du, gutxi gorabehera. Hortaz, behingoan entzuteko aproposa da.

Urteurrenak ospatzen direnean, maiz ez da helburuarekin asmatzen: arras errepikakorrak izaten dira gaiak eta kontatzeko erak. Alabaina, honek baditu gauza interesgarriak; erabilitako ikuspuntua, adibidez. Agiri ofizialek ematen duten lekukotasuna ez da poemetan azaltzen den bera, baina badute lotura: Miguel Hernandezek ez zituen paper horiek elez bete, baina berari buruzkoak ziren; ez zen egilea, nahiz eta horiek sinatu behar izan zituen. Eta, halere, bere bizitzako garrantzitsuenak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.