Jagoba Salvador.
AIRETIK

Teknologia

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Musikaren eta teknologiaren arteko lotura hasieran eman dezakeen baino estuagoa da. Are gehiago, esango nuke ezinbesteko faktorea dela musikak historian zehar izan duen ibilbidea ulertzeko; bai sortzen, bai jotzean, bai entzutean, bai elkarrekin banatzean... Etengabeko bilakaera horrek gure belarrietara iristen den horretan duen eragina begi-bistakoa da.Esango nuke artearen alor orotan gertatzen dela; erabilgarri dauden tresnek eta baliabideek zuzenki baldintzatzen dute sortzailearen ikuspegia, prozesua eta azken emaitza. Teknologia omen da gizartean sortzen diren (edo ditugun) hainbat behar asebete, eta azken finean gizakion bizitza errazten duen teknika, trebetasun, metodo eta prozesu multzoa. Edo hala behar luke, behintzat, aurrerapenaren izenean heltzen diren eraldaketak ez baitira beti onerako izaten.

Musikaren kasuan, ate asko irekitzen ditu zentzu desberdinetan. Ez bakarrik alde teknikoan, baita sormenean ere. Egia da gero eta baliabide eta erraztasun gehiago ditugula, gure esku eta buruhauste zein denbora-galtze asko saihesten ditugula teknologiari esker, baina interesgarriagoa iruditzen zait sortzailearen jarduna, azken batean artea, estimulatzeko eta eraldatzeko izan dezakeen gaitasuna.

Dena den, argi dago funtsezkoena gizakion garunetik eta bihotzetik ateratzen dela. Makinekin egindako musika inoiz baino zabalduago dagoen honetan, ez dezagun ahatz horiek ez dutela miraririk egiten, tresnak direla nolanahi ere, nahiz eta gure pentsatzeko era aldatu. Zorionez, gakoa abestian egon da beti, eta ez dut uste inoiz aldatuko denik. Hor dago magia, oinarrian, hezurduran. Askotan ahaztu egiten zaigu, ordea, eta denbora gehiago ematen dugu ordenagailuarekin borrokan edo pedalekin saltsan, jotzen edo sortzen baino.

Gogoetak gogoeta, oso aberasgarria iruditzen zait teknologiak dakarrenari eta iraganean izan duen bilakaerari erreparatzea. Horregatik, itzela iruditzen zait Gaztea irratiko B Aldea saioak denboraldi berrirako fitxatu duen esataria: Lorea Argarate. Ez zait pertsona aproposagorik okurritzen musikaz eta teknologiaz aritzeko. Nabaria da ondo ezagutzen dituela bi munduak, eta ez hori bakarrik: gai dela hainbat frikada azaltzeko, aditu ez garenok ere ulertzeko moduan. Ezagutzen ez baduzu, ezagut ezazu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.