Mikel Zumeta.
HERTZAK

Metaketa diabolikoa

2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Zergatik daude Kazakhstango bazterrak horren nahasiak? Nolakoa da Norvegiaren kudeaketa haren erregai fosilekin? Zein da argindarraren merkatuaren egituraketa? Nolako lotura dauka klima aldaketak energia eta erregaien industriarekin? Energiaren ekoizpen eta ustiaketa sistemak nolako eragina du gure egunerokotasunean? Zein da energia eta erregai sistemak mundu mailako politika harremanetan duen eragina?

Gitarra baten soinu metalikoa entzuten da, doinu aski ezaguna, klasiko bat, Dire Straitsen Money for Nothing abestia da: Hasi da saioa, Haustura metabolikoa.

Haustura metabolikoa Irola irratiak aireratzen duen geopolitika, ekonomia eta ekologismoaren inguruko saioa da. Sarean, irratiaren webgunean entzungai daude dagoeneko lehenengo lau atalak. Klima aldaketaren goi bileraz (COP26) jardungo zaizkigu lehendabiziko bi saioetan. Ondorengo bietan, berriz, argindarraren prezioaren tirabirak eta energia eta geopolitika izango dituzte abiapuntu, hurrenez hurren.

Ordubeteko bueltan arituko zaizkigu saioaren aurkezle diren Hodei eta Gorka —ez dute haien abizenik eman—. Puntuak elkartuko dituzte armiarma sarean, mugimendu politiko eta makroekonomikoen nondik norakoak argitzen saiatuz, aztarnak, gakoak eta gertakariak hausnartuz, osa dezagun mapa.

Ekologismoa frekuentzia baxuko mugimendua dela uste duena egongo da. Anakronismoan erori den lelo erromantikoa, «Nuklearrik Ez» garaiko Eguzki memoriak irentsi izan balu bezala. Ez da hala baina, ekologismoak gaurkotasunean zutabe transbertsala behar du izan, mundu mailako estrategia eta mugimendu politikoen nolakotasunen giltzarri den heinean, etorkizunaren nondik norakoa aurreikusten eta bertan eragiten ahalbidetuko gaituena. Antonio Aretxabala geologoaren edo GeopolitikaZ EHUko zientzia politikoko podcastaren jarraitzaileak bazarete, ezin interesgarriagoa egingo zaizue Irola irratiko saioa.

Frackingaren bidez ustiatutako gasa dario iturriko urari. Bien bitartean, deribara doan petroliontzi batek minutuak zenbatzen ditu, garraiatzen duen erregai fosilaren balioak esponentzialki gora egin dezan. Pobrezia energetikoa pairatzen duen familia batek, ordea, garbigailua afalostean jarri beharko du tentuz, ekonomiarekin malabarrak egiteko bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.