Txistorrak hartuko ditu karrikak

Hamargarrenez eginen dute Txistor Eguna Arbizun, gaur. Gastronomiari buruzko literatur lehiaketa antolatu dute lehenengoz

Trikitilariak Arbizuko kaleak alaitzen, iazko Txistor Egunean. BERRIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Txistor usaina hartu ohi du Arbizuk (Nafarroa) urriko bigarren igandean. Gaur ere ez da txistor usainik faltako kale bazterretan, hamargarren aldiz antolatu baitute txistorrari eskainitako besta. Dagoeneko, arbizuarrentzat agendan gorriz markatuta dagoen eguna da gaurkoa.

Goizean egiten den azoka izaten da Txistor Egunaren funtsa; aurten, ordea, ohiko egitarauari berrikuntza batzuk gehitudizkiote: lehenengo aldiz, gastronomiari buruzko Letrak Ahora literatura lehiaketa antolatu dute.

Narrazio eta poesia alorreko hamabortz lan jaso dituzte, eta,Jon Barberena eta Castillo Suarez idazleek lanak aztertu ondotik, gaur eguerdian eginen dute sari banaketa, Arbizuko plazan. Udaleko kideak pozik azaldu dira Euskal Herrian gastronomia eta literatura euskaraz elkartzen dituen lehen lehiaketa delako.

Sari banaketaren aurretik, musikariak ibiliko dira kaleak alaitzen, eta eskulangileen azoka izanen da kalean. Txistorraz gain, eztia, gazta eta bertzelako produktuak ere izanen dira Arbizun. Gainera, ukenduak eta gazta modu tradizionalean nola egiten diren erakutsiko dute azokako hainbat postutan.

Azokak irauten duen bitartean, 11:30ean hasita, hamargarren pintxo lehiaketa eginen dute. Parte hartzaileek, txistorra oinarri hartu, eta pintxo bat egin beharko dute. Era berean, Arbizu, Flores eta Laket ekoizleek emandako ehun kilo txistorrekin egindako pintxoak salduko dituzte.

Goizeko azoka bukatu ondotik ere egonen da zer egina. Arratsaldean, Nafarroako trikiti eskolen hirugarren jaialdia izanen da, eta trikiti doinuz alaituko dute herria. Urtetik urtera indartzen ari den eguna dela erran du Monika Etxeberria Arbizuko Kultura zinegotziak. Eguna indartu etagero eta jende gehiago joanagatik ere, uste du herritarren parte hartzea dela garrantzitsuena: «Guretzat, garrantzitsuena herritarrek parte hartzea da. Azokako postu anitz herritarrenak dira, etahaiek parte hartzea beharrezkoa da». Aurten, auzolana omendu nahi izan dute, eta bereziki Txistor Egunean hasiera-hasieratik inplikatu ziren emakumeak. Horregatik, aurtengo kartelean emakume horiek izan dira nagusi.

Gaurkoak ez dira astebururako antolatu dituzten ekitaldi bakarrak. Atzo arratsaldean, haurrentzako puzgarriak izan ziren plazan, eta, iluntzean, Txistor Egunaren inguruko argazki erakusketa inauguratu zuten. Musika emanaldiarekin bukatu zuten eguna.

Txistorraz gozatzeko aukera izanen da, beraz, gaur Arbizura joanez gero. Azken urteetako arrakasta ikusita, ziur ibilbide luzea izanen duela Arbizuko txistorraren bestak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.